Udaberriko zeruan zein izar eta konstelazio nabarmentzen dira? Non dago Iparrizarra? Planetak teleskopiorik gabe ikusten ahal dira? Galdera horiei erantzuna emateko eta udaberriko zerua argitzen duten astroak ezagutzeko parada izango da bihar, arratsaldeko 19.00etan, Iruñeko Planetarioan eskainiko den Izarpean Oinez ekitaldia. Baztan Ikastolan antolatzen duen 2015eko Nafarroa Oinezaren baitan biltzen den emanaldiak izarrei begira jarriko ditu bertaratzen direnak, zuzeneko musikaz girotuta egongo den emanaldi batean. Sarrera, doakoa, ordu bat lehenago jaso ahal izango da Planetarioko leihatilan bertan.
Nafarroa Oinezen baitan lehenengoz martxan jarri den ekimena Baztan Ikastolako ikasle ohia eta, Euskara Kultur Elkargoaren bitartez, Planetarioan eskaintzen den Izar Eskolako irakasle den Miren Karmele Gomezek antolatu du. Aurten, Nafarroa Oinezen antolakuntzaren baitan dabil Gomez: “Ikasturte hasieran bururatu zi-tzaidan: zergatik ez, guraso eta jende helduari zeruan ikusiko dutena azaldu?”. Izarpean Oinez, hartara, egunerokoaren erritmoa moteldu eta “geldialdi ttipi bat” egiteko gonbitea dela azaltzen du ekimenaren antolatzaileak.
Zuzeneko musika Saioari “ukitu berezia emateko”, Gomezek azaltzen duen bezala, Iñigo Beltzunegi Iturria Kaskezur taldeko musikaria eta Baztan Ikastolako ikasle ohiarekin jarri zen harremanetan, zeruko tarte batzuk musikatze aldera. Iturriak eta Kokegoxo eta Trikidantzeko musikaria den Jorge Gonzalez Jorgito-k, emanaldirako berezko musika sortu dute, Jorgito&Iturria Gitarra Hegalariak izenpean.
Iturriak berak azaltzen duenez, emanaldian eskainiko diren bost kantuetatik lau espreski Izarpean Oinezerako sortuak izan dira, bosgarrena Kaskezur taldearen Ilgora abestiaren egokitzapen bat den bitartean. “Musika atmosferikoa” da, Iturriak azaldu moduan, zerua begiratu bitartean, “iluntasun horretan giroa sortzeko pentsatua”.
“Iruñeko Planetarioko Tornamira aretoan, kanpoan oraindik ilundu gabe ere, gaua simula dezakegu eta izarrei begira egoten ahal gara izar proiektoreari esker”, argitzen du antolatzaileak. Ekimenaren prestaketan parte hartu duten hiru kideek “ilusio handiz” ekin diote udaberriko zeruari hi-tzak eta musika jartzeari. Gomezek nabarmendu bezala, gainera, “bertara hurbiltzen direnek gero benetako zeruan ikasitako izar horiek bilatzen saia daitezke”.
Izar eskolaren haritik garatutako ekimena Izarpean Oinez Iruñeko Planetarioak eskaintzen duen Izar Eskola proiektuaren hedapen gisa aurkezten da. Gomezek azaltzen duenez, 20 urte baino gehiago daramatza 3 eta 18 urte bitarteko hezkuntza programa honek martxan.
Iruñeko Planetarioaren jarduera nagusi honen helburua eskola curriculuma osatu eta garatzea da, eta horregatik, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino dauden maila guztiak hartzen ditu bere gain.
1993an hasi ziren lehenengo jarduerekin eta, ordutik, hainbat izan dira Astronomia ardatz nagusi hartuta, Historia, Literatura, Arte Plastikoak, Zientzia, Matematika, Mitologia, Filosofia edota hizkuntza-irakasgaiak bezalako beste irakasgaietara egindako hurbilketak.
“Saioek hiru zati izan ohi dute: lehenengoan, adinari egokitutako pelikula bat eskaintzen da, ondoren, eguneko zerua azaltzen da eta, azkenik, galderen tartea irekitzen da, ikasleekin hartu-emana susta-tzeko”. Izarpean Oinez-i dagokionez, programaren bigarren zatiaren egokitzapena da, helduei zuzentzen baita.
‘Izarpean Oinez’. Bihar, ostirala, 19.00etan Iruñeko Planetarioan.
Sarrerak, doan. Gonbidapenak ordu bat lehenago jaso ahal izango dira Planetarioko leihatilan bertan.
Jorgito&Iturria gitarra hegalariak. Zuzeneko musika izango du emanaldiak, Iñigo Beltzunegi Iturria eta Jorge Gonzalez Jorgito-ren eskutik.
Nafarroa Oinez 2015. Ekimena Baztan Ikastolak, ‘Hamabortz, ama bat’ lemapean antolatzen duen 2015eko Nafarroa Oinezaren ekitaldien baitan biltzen da.