iruñea - Euskaltzaleen Topaguneak eta Caja Navarra Fundazioak antolatuta, Nafarroako gazteen artean euskararen aldeko motibazioa eta sormena bultzatzeko helburua izan den #Hankazgora! lehiaketaren sariak banatu ziren joan zen larunbatean. Argazki lehiaketan Nafarroako 12-18 urte arteko gazteek parte hartu zuten, beraien egunerokoan gero eta erabiliagoa den Instagram sare soziala erabiliz.
Bi hilabeteko ibilbidean, 280 jarrai-tzailetik gora izan zituen lehiaketak eta guztira 155 argazki aurkeztu ziren. Gaiarekin lotutako argazki bat atera-tzea eta horri euskarazko izenburu bat jartzea izan ziren bete beharreko bi baldintzak. Antolatzaileen arabera, “irudimen handia eta parte hartzeko gogoa erakutsi dute gazte nafarrek”.
Aurkeztutako guztien artean argazkirik onena aukeratzerako orduan, argazkiaren kalitatea, gaiarekiko lotura, originaltasuna eta argazkiaren konposizioa baloratu zituzten, besteak beste, epaimahaia osatu zuten argazkilari profesionalek. Bi argazkiren artean berdinketa egon zela iritzita, Olaztiko Leire Zubicoa eta Iruñeako Gaizka Idiakezen artean banatu zen argazki onenaren saria, 250 euroko bono sari bat bakoitzarentzat.
Bestalde, aurkeztutako argazki guztien artean Instagrameko erabiltzaileen bozka gehien jaso zituen argazkiaren egileak ere jaso zuen 500 euroko bono saria, Ainara Fuertes Iruñarrak hain zuzen ere.
Sari banaketa pasa den larunbatean burutu zen Iruñeako Civican aretoan. Irabazleek Fundación Caja Navarrako Maite Roncal eta Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapataren eskutik jaso zituzten sariak. - M.M.P.