Aurtengoa edalontzi bat izan da. 20.000 euroko salneurria zuen ur-basoa. Erdi betea edo erdi hutsa, aurrean duen hartzailearen ikuspuntua gorabehera. ARCO azokan ikusgai egon zen pieza horrek, Wilfredo Prieto artista kubatarrak sinatutako lanak, komunikabideetara egin zuen salto duela aste batzuk, arte garaikidearen eta artelanak epaitzeko irizpideen inguruko eztabaida berriro ere mahaigaineratuz.
“Dena da artea gaur egun? Bada gaur egun artea gauza asko dira, XVIII. mendean, adibidez, artea kontsideratzen zirenak baino”, dio Haizea Barcenilla arte kritikariak, “urtero sortzen den eztabaida” dela azpimarratuz.
Historian zehar artearen kontzeptua etengabe aldatzen joan den arren, oraindik ere “oso ikuspegi idealizatua” nagusitzen dela dio, eta askotan “kostatu egiten zaigu” bere ustez beste hainbat gauza artea diren edo ez onartzea. “Galdera hori, zerbait artea den edo ez den esatea, bakarrik da interesgarria baldin eta prest bagaude eztabaida horretan sartzeko; eta askotan horrek esfor-tzu bat eskatzen digunez, nahiago dugu zuzenean artea ez dela esatea eta han geratzen gara, barrurago joan gabe”, argudiatzen du Barcenillak.
Irakurleari eztabaida horretan sakontzeko interesa pizten eta ikuspegi kritikoa garatzeko klabeak eskaintzen saiatzen dela azaltzen du berak, egilea den aldetik, artisten eta publikoaren arteko harremana elkarlotzen duen katebegia bihurtuz.
“Nik kritika beti ulertu dut zubi-lan bezala”, laburbiltzen du arte kritikaren munduan kide duen Mikel Onandiak. Haren hitzetan, kritikariak landutako gaiaren gainean epaia eraikitzeko zertzeladak eman behar ditu testuetan, modu honetan hartzaileak aukera izango duelako “artea epaitu, gozatu eta ezagu-tzeko”. Baina, era berean, galbahe lan gisa ere ikusten du Onandiak egungo kritikariaren egitekoa, galbahea eta ipar-orratza: “kaosaren eta ekoizpen pluraltasun horren aurrean gutxieneko orientabide ba-tzuk eman behar dira, publikoa orientatu eta galbahe apur bat egin”.
Haizea Barcenillak, zentzu horretan, hirugarren egiteko bat ere aipa-tzen du: ezagutarazi. Izan ere, bere ustez, gaur egun artelanen produkzioa handia den arren, “horren zati handi bat ez da gizartearen gehiengora iristen” eta “heltzen dena oso konfirmatua dagoen artea izaten da askotan”. Beraz, kritikoaren eta publikoaren arteko alde biko harreman horretan joera berriak aditzera ematea ere bilatu behar dela defendatzen du: “Berriagoak diren gauzen kasuan askoz banatuago daude jendearengandik, dibulgazio gutxiago dago, publikoak gutxiago ikusten ditu eta kritikak hor lan handia egin dezake”.
zentzu kritikoa Arte kritikak egun hedabideetan betetzen duen tokiari buruz galdetuta, Haizea Barcenilla, Mikel Onandia eta Peio Aguirre egileek bat egiten dute ekoizpena murriztu dela esatean. Hau da, askorik ez dagoela. “Gaur egun ez dago kritikarako plataforma askorik komunikabideetan, agian badago gehiago erreportaje periodistikoa, kronika... baina ez dut kritika ugari ikusten, minoritarioa da eta jende gutxirengana heltzen da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi egon behar ez denik”, azaltzen du Onandiak.
Gaiari ildo beretik heltzen dio Barcenillak, eta bai kritikaren arlo dibulgatiboa baita espezializatua ere gehiago bultzatu beharko liratekeela uste du: “Badago zerbait, baina falta handia dago esparru horretan eta komunikabideetan, kasu askotan eta zoritxarrez, gehigarrietan bakarrik agertzen dira”. Azken honekin bat egiten du Aguirrek, alegia, arte kritika “ia esklusiboki kultur-gehigarrietan ezarri den formatua” dela azpimarratzen du.
Horrekin lotuta, hirurek zentzu kritikoa mantendu eta indartzearen gaineko hausnarketa egiten dute, Peio Aguirrek distantzia kritikoa kontzeptua erabilita azaltzen duena. “Distantzia kritikoaren galeraz ari naizenean esan nahi dudana da gaur egun arte kritikaria sistemaren barruan dagoen norbait dela, egitura horren barruko beste eragileekin modu ohikoan harremanetan dagoena. Izan ere, komisarioaren irudiak lanbidea eremu zabalago batera hedatu du eta elkarrekin daude lanean artistekin, instituzioekin... horren guztiaren erdian dago kritikaria”, azaltzen du.
Barcenillak, bere aldetik, izaera kritiko horren ahultzearen atzean arrakastaren ereduaren orokortzea dagoela uste du: “Iruditzen zait orokorrean kulturaren merkantilizazio bat eman dela eta batzuetan hitz egiten dela arrakastaren ikuspegitik soilik begiratuta, hau da, erakusketek edo artelanek artearen diskurtsoari egiten dioten ekarpenari kasu gehiegirik egin gabe. Gero eta gehiago kontatzen da zenbat bisitari izan dituen erakusketa batek, ohitu egin garelako kultura arrakastarekin lotzen; horregatik badirudi zentzu kritikoa galdu egin dela hein batean, guztion kalterako dena, artearen munduan gabiltzanentzako eta publiko orokorrerako, zeren eta publikoak ere gero eta gutxiago ezagutzen baitu artearen munduan egiten den gauza asko”.
Horren aurrean, Onandiak “zin-tzo jokatu, argudiatu eta irakurlearengan pentsatu” behar dela sostengatzen du, “informazioa, analisia eta juizioa” tartekatuz eta egon daitezkeen “interesekiko distan-tzia” mantenduz. “Hitza bera da gakoa: kritikak kritikoa izan behar du, kritikoagoa, eta horrek ez du esan nahi negatiboa izan behar duenik”, argitzen du, Barcenilla ere ideia berdinaren bueltan dabilerarik: “Kritikak ez dira onak edo txarrak izan behar, eraikitzaileak baizik, eta batzuetan eraikitzaileak izateak suposatzen du hobetu zitezkeen gauzak esatea”. Euskal Herrian, eta orokorrean kultur kritikari dagokionez, izaera eraiki-tzailea duen formatu gisa ikusteko kultura hori faltan botatzen du gipuzkoarrak eta, bere ustez, “kritika horietan sakonagoak, mami-tsuak izango bagina, kulturak berak iraziko luke”.