Donostia - Badirudi musika bezain inportantea dela adiskidetasuna Petti (Bera, 1973) artistarentzat. Ikusi besterik ez dago zenbat lagunekin kolaboratu duen 1999. urtean bere ibilbideari ekin zionetik: Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Barrence Whitfield, Xabi Señor No... Azkenaldian Harkaitz Cano idazlearekin aritu da poesia musikatua jorratzen, eta Balerdi Balerdi taldean ere gitarra jotzen du...

Horregatik ez da harritzekoa larunbatean Kursaaleko ganbera aretoan bilduko den jendetza. Oinarrizko bandarekin joko du beratarrak -Joseba Irazoki (gitarra) eta Iñigo eta Igor Telletxea (baxua eta bateria) anaiekin- baina 20.00etan hasiko den kontzertuan zehar beste lagun askok emango diote babesa taula gainean. Sarrerak 14 euroko salneurria du.

Astirtitan (2014) azken EPko bizpahiru kanta berreskuratuko ditu baina bere ibilbide guztiko abestiak eskainiko ditu. Izan ere, emanaldiko lehen zatian Etxeko uzta (2002) eta On (2007) diskoetako lanak kantatuko ditu. “Rock intentsitatearekin hasiko gara baina Awañak (2008) diskoa gogoratzeko soinu akustikoa izango da nagusi”, aipatu zuen atzoko aurkezpenean. Bigarren parte horretan Jexux Aranburuk teklatua joko du eta Estitxu Pinatxok ahotsarekin lagunduko dio.

Kontzertuaren azken zatia “kañeroagoa eta rockeroagoa” izango da, “indar gehiena” amaierarako gordeko baitute. Esan zuenez, Ipar Amerikako hainbat artistaren euskaratutako bertsioak egingo dituzte -Leonard Cohenen kanta bat, esaterako-, baita musikari euskaldunen bertsioak ere. Besteak beste, Xabi Garre (Señor No) eta Osoron (Gose) gitarrekin arituko dira eszenatokain eta L.M. Moreno Piratak saxoa joko du. Euskal Herriko musikarien lana goraipatu zuen Pettik, “kristoren mailako” jendea baitago geurean eta askotan kanpokoei buruz gehiago hitz egiten dugu.

Horiek horrela, bistan da “mimo handiz” prestatu duela Pettik larunbateko saioa, “partaide aldetik” zein “kantak egiteko orduan”, batzuk moldaketa berriekin entzungai egongo direlako. “Beste kontzertuetan gertatu ez diren gauzak ikusi ahal izango ditu publikoak”, gaineratu zuen.

Bestetik, datorren urtean kaleratuko duen diskoan lan egiten hasia da Petti. Iazkoan rock, folk eta blues estiloak jorratu zituen baina hurrengoan “rock gordina” izango da nagusi. Momentuz, ez daki zein izango den titulua, beti amaierarako uzten baitu, baina zenbait kanta maketatu ditu jada. “Borobildu eta grabatu behar ditut bakarrik”, esan zuen beratarrak. Besteak beste, Harkaitz Cano, Juan Luis Zabala, Eneko Barberena eta Beñardo Goietxeren hitzak kantatuko ditu lan horretan, baita hark idatzitako batzuk ere.