donostia - Hizkuntza kontuan gabiltzanok, zahar eta gazte, beti dugu kulturarekiko mira. Jakin badakigu, aditu handi izan gabe ere, elkarren eskutik doazela maiz hizkun-tza eta kultura. Ez da harritzekoa, horregatik, euskal kulturaren alorreko bide-urratzaileak gogoko eta erakargarri gertatzea gehienoi. Bidegile horietarikoa genuen Juan Garmendia Larrañaga. Gipuzkoan bereziki, baina ez Gipuzkoan bakarrik, aparteko sona izanik du Juanek, bere lanaren zabalaz eta zintzoaz. Aparteko sona, ongi merezitakoa.

Eguerdian izan nuen berria, Erramun Osaren eskutik: laurogeita zortzi urteko ikertzaile, liburu-idazle, hitzaldi-emaile eta artikulugile nekagaitza goizaldean hil zitzaigun Tolosan, bere betiko eta bihotzeko hirian. Beste zenbaitenak bezala, umezurtz-sentiera atsekabea piztu dit Juanen heriotzak. Badoakigu oraingoan ere, isilik baina zorrotz, euskal etnokulturaren aztertzaile handietako bat. Euskal izatearen eta euskaldun sentitzearen kontua ez da, bistan denez, ikertzaile batzuen sorkari: ez sorkari eta ez, zenbaitetan, bidelagun. Bai, ordea, aztergai zabal eta jakin-iturri oparo. Gure herri-izatearen ardatza, ardatzetariko bat bederen, euskal kultura dugunontzat zer kontsultatu, zer hausnartu eta zer pentsatu asko eskainia digu Juan Garmendiak. Datu-biltze eta sistematizatze-saio handia eginik digu euskal etnografian, eta ekarpen baliosik ere eskainirik du, esparru jakin-konkretuetan, antropologia eta historia alorrean. Argi asko azaldu zuen hori Koldo Mitxelenak, beste hainbaten bidetik, tolosar zendu berriaren tesi-laneko argitalpenaren sarrerakoan.

Maisu handiak izan zituen Juanek: bertako adituen arrastoari gagozkiola ez da zaila, batetik, bere ekarpen askotxotan Telesforo Arantzadiren eta Joxemiel Barandiaranen ikuspegien, kontzeptuen eta ikerbideen oihartzun ozena antzematea. Baita Resurección Maria Azkuerena eta Caro Barojarena ere, zein bere enfasiaz eta norabide bereziaz. Kanpoko adituen ezagutza, eta sintesi-lanik ere ez da ordea, uste baino sarriago apika, bere lanetan falta. Durkheim-ez eta Pareto-z esanik duena, solidaritate-harremanez edota kulturaren talde-dimentsioaz ari zelarik, ez da noski kasualitate huts. Bai, aldiz, Ferdinand Tönnies-en eskutik XX. mendeko soziologiak Gemeinshaft eta Gesellschaft izenburupean plazaraturiko dikotomia argiaren isla. Hots, hemengo etnokultura zahar-jatorraren bilakaera etengabea eta batez besteko indargaltzea esplika-tzeko orduan gogoan izan beharreko perspektiba europarra. Gure herri askotako auzo-lanaren azter-tzaile fin izan genuen Juan. Baita lanbide eta jokamolde xaharkitu askoren iturburuan zegoen gizarte-moldaeraren ohartzaile ernea. Ez zuen bere biltze- eta sailkatze-lana, ezinbestean, melankoliak eraginik egiten. Ondo zekien Juanek, gure ustez, behinolako gizarte-bizitzaren deskribapenak balio handia izan dezakeela belaunez belauneko jarraipen etnokulturalaren sorburuak eta mekanismoak argiro ulertu eta probetxuz azaldu ahal izateko. 1984ko bere doktore-tesia, euskal lexiko etnografikoaren gainekoa, gogoan izan beharreko erreferen-tzia dugu horrexegatik, orain ere, hizkuntza eta kultura binomioa ardatz harturik lanean dihardugun askotxok.

Asko zor dio Euskaltzaindiak, beste hainbat erakundek bezala, Juan Garmendia Larrañagari. Lehen baino egokiago defini litezke orain, lexikografia teknikoari dagokionez, gure lehenaldi kolektiboaren oinarri diren hainbat lanbide eta lanabes, tresneria eta eraikuntza. Baita bizimodu arrunteko zenbait eskubide eta hainbat eginbehar ere. Ez da deskribapen kontua bakarrik, gainera, bere lanean jasorik dagoena. Kultura eta hizkuntza elkarren eskutik aztertzen eta biltzen zekien gizon metodikoaren arrastoa lagungarri gertatzen ari zaigu askori, orain ere, euskararen giza arteko jarduna aldian aldiko bizimoduaren ezaugarri demografiko, ekonotekniko eta soziokulturalekin uztartzeko. Gizarte tradizionalaren belaunez belauneko autorregulazio etnokulturalaren deskriba-tzaile zorrotz izanik dugu Juan. Argi-tze-lan horren zenbait emaitza balore handikoa da gure alorrean ere: euskalaritza eta euskalgintza perspektiba extralinguistikotik aberastea ezinbestekoa dugu, azken urteotan ahaztuxe badaukagu ere behar horren gorria. Aparteko saioa egin zuen zubi-lan horretan ere, gure ustez, tolosar handiak.

Motibo argia izan zuen beraz Hizkuntza Akademiak, Juan Garmendia Larrañaga ohorezko euskaltzain izendatzeko. Urte askotako lan isil eta emankorraren aitorpen bizia egin nahi izan zion, lehenik eta behin. Ez hori bakarrik, ordea: Juan San Martin, Jose Mari Satrustegi eta beste zenbait euskaltzainen etnografia alorreko jarduna osatu eta zabaltzea ere berariazko xede izan zen, seguruenik, izendapen harekin. Ongi asmatu zen horretan: azken ordura arte, bere jakintza-eremua zaintzen eta lantzen saiatu da tolosarra. Gizona joan zaigu, damurik. Bere obra, aldiz, hemen dugu ikasgai eta argi-emaile. Eskerrik asko, Juan.