BILBO. Euskaltzaindiaren webguneak helbide berria du: euskaltzaindia.eus. Akademiaren helbide elektroniko guztiak ere .eus dira jada, baina, hala ere, prozesua egokitzapen fasean dago eta baliteke eduki batzuk jaso nahi izanez gero, zailtasun bat edo beste izatea.
Euskaltzaindiko iturriek gogorarazi dutenez, zazpi urte luze joan dira .eus domeinuak bere ibilbideari ekin zionetik. 2009ko urtarrilaren 9an, PuntuEus elkarteak aurkeztu zuen bere burua, agerraldi publiko batean. Lana, baina, urtebete lehenago hasi zen.
Euskaltzaindiak sorreratik bertatik parte hartu du proiektuan. Akademiak 2007. urtearen bukaeran izan zuen lehenbizikoz .eus domeinua sortzeko ekimenaren berri. Ondoren, 2008ko urtarrilaren 17an, ekimen horretan partaide izateko deituak izan ziren erakundeetako ordezkariak bildu ziren, eta horien artean Euskaltzaindiaren ordezkaria zegoen, Andoni Sagarna, alegia. Bilkura horretan parte hartu zutenek .eus elkartearen Zuzendaritza Batzordea hautatu zuten eta Euskaltzaindiaren ordezkaria batzorde horren buru izatea erabaki zuten.
2012an, elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen, egitura juridiko hori beharrezkoa zela ikusi zelako. Urte horretan bertan Euskaltzaindiak Joan Mari Torrealdai izendatu zuen bere ordezkari; ordu ezkero, Fundazioaren presidentea Torrealdai da.
Esan bezala, domeinuak lortzeko prozesua asko luzatu da, domeinuak erabiltzeko baimenak ematen dituen ICANN erakundeak oso protokolo konplexua definitu zuelako. Azkenean, 2013ko ekainean, erakunde horrek Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu zuen.
Aurtengo ekainaren 28an, PuntuEus Fundazioak iragarri zuen egun horretan bertan aktibatu zirela lehen webgunetako domeinuak, 92 aitzindariren eskutik. Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte aldia etorri zen eta, orain aste bi, abenduaren 3an, .eus domeinuaren fase irekia hasi zen. Akademiak domeinuaren erregistroarekin arazo tekniko batzuk izan ditu, eta orain arte ezin izan du domeinua erabili, baina jada martxan dauka.