donostia - Aurten 50 urte bete ditu Gabriel Arestiren Harri eta Herri argitalpenak. Hori dela eta, Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak liburuaren hirugarren edizio bat -aurrekoak 1986an eta 2000an izan ziren- berrargitaratu dute, Harri eta herri, 50 urte izenpean. Lana Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren lagun-tzarekin kaleratu da.

Guztira, bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: batetik, Arestiren lana eskaintzen da, 1964an plazaratu zen bezala. Bestetik, Harri eta Herri- 50. Artikulu bilduma, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak biltzen dituena. Esaterako, Joan Mari Torrealdaik, Anjel Lertxundik, Bernardo Atxagak, Karmelo Landak, Harkaitz Canok, Toti Martínez de Lezeak eta Kirmen Uribek hartu dute parte lan honetan.

Xabier Kintana euskaltzaina argitalpenaren koordinatzaile eta edizio arduraduna izan da. Atzo adierazi zuenez, Gabriel Arestik ezaugarri on asko zituen. “Txikitan euskaraz jakin ez eta bere maitasun eta ahaleginari esker geure herriko hizkuntza zokoratu eta mespretxatua berreskuratu zuen, orduko abertzale askoren iritziz, ezinezkoa omen zena -azaldu zuen-. Hizkuntza hori landu eta poesia eta prosa lan ederrak utzi zizkigun, ordurarte euskaraz ukitu gabeko gaiak landuz, kale girokoak batzik bat”.

Bestalde, Josune Ariztondo Kultura diputatuak Aresti “profeta-tzat” jo zuen. “Nor bere garaia eta bere herrian profeta izaten ez bada ere, azkenean urteek berari arrazoia eman eta merezi zuen lekuan jarri dute, bera bizi zenean batzuek aitortu ez zuten arren”, adierazi zuen. - N.G.