Lekunberriko trinketearen sotoan, Berri Txarraken “ametsen fabrikan”, azken urte eta erdian sortutako melodia, erritmo eta hitzak oihartzun sor baten moduan sentitzen dira oraindik. Batek daki zenbat amets, algara, frustrazio, ilusio eta izerdiren lekuko izan diren horma horiek, batek daki hitz eginez gero zer esango luketen. Tira, hormek ez, baina Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra), David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) Berri Txarrak taldeko kideek luze eta zabal hitz egin diote Ortzadarri, besteak beste, euren azken lanaz, Denbora da poligrafo bakarra, disko hirukoitz eta biribilaz.

Hogei urteko ibilbidea ospatzeko, argi zuten sortu egin nahi zutela, “ez genuen erori nahi betiko atzera begirakoetan, bilduma edo zuzenekoetan”, diote. ‘20 urte, 20 abesti’ aitzakia bururatu eta lanari ekin zioten. Disko bakar batean biltzeko gehiegi izango zirelakoan, hiru zatitan banatu eta hiru disko guztiz desberdinak egitea jarri zuten erronkatzat. “Estilo bakoitza disekzionatuz, bere entitatea eman diogu disko bakoitzari” azaltzen du Izagirrek. Berri Txarraken “erradiografia” bat dela diote, “musika horiek Berrin badaude, beti egon dira”, diote.

EMOZIOAREN BILA Ekoizlerik normalean errepikatzen ez duten arren, hiru disko hauetako lehena, Sutxakurrak izenekoa, Hariaren ekoizle berarekin egitea erabaki zuten, Ross Robinsonekin (Korn, The Cure, Slipknot). “Justu Haria bira amaitzen ari ginela-azaltzen du Urbizuk-, bideo bat eskatu genien diskoan parte hartu zuten guztiei, zaletuei eskerrak emateko, eta tartean zen Ross Robinson. Hark bidali zigun bideoan zera zioen: ‘Niretzat Berri Txarrakek talde batean bilatzen dudan guztia du eta etorkizunean ere nire laguntza behar badute prest eta gogotsu izango naiz’. Momentu horretan lehen diskorako ekoizlea bilatzen ari ginen eta berekin egitea erabaki genuen, jada ezagutzen genuelako eta asko gustatu zitzaigulako berarekin lan egitea”. Martxoan, beraz, maletak egin eta Venicera, Kaliforniara (AEB), joan ziren. Lehen egunetik izandako “gertuko harremana” eta ekoizlearen “inplikazioa” nabarmendu ditu Gonzalezek, “oso aberasgarria izan da”.

Haria diskoan egin bezala, Sutxakurrak honetarako ere tripetatik egindako musika bilatu nahi izan die ekoizleak. Izagirrek azaltzen duenez. “Asko jokatzen du faktore psikologikoarekin eta, askotan, ñabardura teknikoak baino gehiago zaintzen du hori. Letrari buruz luze hitz egin eta istorioaren barruan ikusten gaituenean, orduan hasten gara grabatzen, haren estudioa den presio-eltze txiki eta bero horretan”. Amorruak, gorroto momentuak, eta hunkidura mal-koak barne, emoziotik egindako hartualdi horiek omen dira Robinsonen-tzat onenak.

Soinuan, badu Hariaren tankera: “badago disko osoan zehar, Harian bezala, zerbait basatia eta zikina, giro uger eta misteriotsu bat”, azaltzen du abeslariak, “ez dut uste irratian jar-tzeko disko erosoa denik, bada zerbait iluna”, dio. Hitzei dagokionez, lehen disko honetan “kontrarioaren ikuspuntuan” jartzen saiatu dela dio Urbizuk, letra guztien egileak. “Ez dira letra sarkastikoak, baina egoera larri honen aurrean beharrezkoa da gauzak aldarrikatzea eta fokoa normalean egoten ez den lekuan jartzea”.

BI MUNDU ELKARTZETIK Pop-rock deitzea baino konplikatuxeagoa izan daiteke pop-a eta rock-a benetan fusionatzea. Ariketa hori modu sakonean egin nahi izan du Berri Txarrakek hiruko honen bigarren diskoan, Helduleku Guztiak izeneko bilduma harrigarrian. Ricky Falkner ekoizle madrildarrarekin eta Luca Petricca soinu teknikariarekin grabatu dute Madrilen, uztaila eta abuztua bitartean. Falkner (Standstill, Love of Lesbian) aukeratu zuten bigarren disko hau ekoizteko, “bi mundu musikal desberdinetakoak izanik, interesgarria irudi-tzen zitzaigulako horiek elkartzea, batez ere zazpi abesti berri landuz, puntu goxoago edo poperoago bat ematen”, azaltzen du baxu-jotzaileak. Urbizuren ustez “oso interesgarria” da norbere musika motan espezializatua ez den ekoizle batekin aritzea. Hori bai, Falknerrek eurei buruz eta eurek hari buruz izan zitzaketen aurreiritzi musikal guztiak “estudioko atetik kanpora” gelditu zirela diote, lanerako askatasun guztia emanez: “Teklatua, armonioa, falseteak ahotsetan... denari bai esaten genion, eta horrela lan egitea oso erraza eta erosoa da”, azaltzen dute. “Hasieran ez hainbeste, baina amaierarako benetan sinisten zuten abesti hauetan”, dio bateria-jotzaileak. Ekoizlearen lana goraipatu dute, “azkenean disko bat ekoiztea betiko geldituko diren gauzen gaineko erabakiak hartzea da eta uste dut oso erabaki onak hartu dituela”, azaltzen du Urbizuk.

Pop-a egiteari aspaldi galdu zion beldurra Berri Txarrakek, nahiz eta disko honek zaleengan sortu zezakeen erre-akzioak kezka apur bat eragiten zien: “Askotan kezkatu egiten gara egiten dugunak edukiko duen harreraz, eta gero, azkenean, ondo hartzen dute en-tzuleek”, dio Gonzalezek. “Pozik eta harro” daudela diote, eurena ez dela “Dover fenomenoa”, “nortasun erakustaldi” bat baizik; “horren bila joan gara, azken finean, benetan sinisten dugu kantu hauetan”. Beste bi diskoek ere baduten iluntasuna presente dago lan honen hitzetan ere, pop-a eta aldarri edo gai sakonak bateragarriak direla frogatu dute bete-betean, arazoekiko indiferentzia eta drama sozialak azalera ateraz.

HILABETEAN EGINDAKO DISKOA Xake-mate kultural bat izenburua darama hirukoa ixten duen diskoak. 12-13 minutu irauten du eta sei abesti motz eta zorrotzez osatutako lana da, hiru astetan konposatuak eta zortzi egunetan grabatu eta nahastuak. Bill Stevenson (NOFX, Rise Against) eta Jason Livermorekin grabatu dituzte pasa den irailean, Coloradon (AEB), gela berean hirurek batera jota. Ekoizpen aldetik, estudiotik grabaketara gutxien aldatu den diskoa dela diote, “ez baitzegoen denborarik ez asmorik kantuak luzatu eta garatzeko”, azaltzen du abeslariak. Hain zuzen ere, bat-batekotasun hori zen kantu hauekin eskaini nahi zutena, “floritura guztiak kendu eta beste bi diskoetan ez zegoen hori eman nahi genuen”, dio Gonzalezek.

Lan espresa izan da baina erraz atera da, “mentalki ere oso sendo” zeudelako, Izagirreren hitzetan. “Beste garai batean pentsaezina zen ekoizle estatubatuar ospetsu batengana joan behar genuela jakin eta hilabete lehenago kanturik ez edukitzea. Baina oso lasai geunden, ziur baikeunden kantuak aterako zirela”. Besteak baino laburragoa eta sinpleagoa izanagatik, argi dute Xake-mate kultural bat ez dela disko txiki bat, “inondik inora”. Entzun besterik ez dago.

HOGEI URTE AMETSAK BETETZEN Aurrera begira bizi den taldea da Berri Txarrak, baina sahiestezina da atzera ere begiratzea. Duela hogei urte Lekunberriko lau gaztek hasi zuten bidaia hark izan ditu gora-beherak eta bidaiari aldaketak. Hasierako taldetik gaur egun jarraitzen duen bakarrak, Gorka Urbizuk, eskertuta begiratzen du iraganera, “askoz gutxiagorekin ere konformatuko nintzen”, dio. Ibilbide eta abentura ederra izan dira beretzat hogei urte hauek. Jende asko ezagu-tzeko, bere hezkuntza musikalean “erabakigarriak” izan diren musikari eta ekoizleekin lan egiteko eta mundu osoan zehar jotzeko aukera eman dio Berri Txarrakek. “Pribilejiatua” senti-tzen da urte hauetan guztietan zehar jaso duen babesagatik. “Batzutan ahaztu egiten zaizu hori baloratzea, zer den jendeak zuk egiten duzun horretan arreta jartzea eta emoziona-tzea, kasik zeu baino gehiago. Hori izugarria da”, dio. Harro dago 20. urteurrenera “zein fresko” iritsi diren ikusita, “azken finean Berri Txarrak motxila bat ere badelako, oso polita eta erakargarria, baina ardura dakarrena aldi berean, jende asko dagoelako egiten duzun horren zain”.

Ilusioa bizi-bizirik nabari zaie David Gonzalez eta Galder Izagirreri ere. Gonzalezentzat Berri Txarraken sar-tzea “amets asko egia bihurtzeko aukera izugarria” izan da. Izagirrek zera gaineratzen du: “talde honen etengabeko mugimendua da niri gehien gustatzen zaidana, horrek egiten baitu zure burua ez gelditzea, ez akomoda-tzea eta amets hori etengabe hazten jarraitzea”.

Bistan da euren artean duten giro ona, konplizitatea eta oholtzak baino askoz gehiago elkarbanatzen dutela. “Horretarako gasolina nagusia musikarekiko pasioa da-nabarmentzen dute- eta hogei urteren ondoren, pasio horrek hor jarraitzen du. Gero, hori da transmititzen dena”. Izan ere, azken lanari izena ematen dion kantuak argi dio: “pasioa da hemen exigitzea zilegi den gutxieneko hori’.