Lanbidez arotza da, baina kantari ezaguna ere bada Urdiñarbeko Jean Mixel Bedaxagar. Gainera, bada urte eta erdi pastoral bat taulara-tzeko lanean ari dela. Akitaniako Alienorren bizi luze, borrokalari eta korapilotsua bildu nahi izan du, "Europaren amatxi" izan zela erakusteko, haren ondorengoak kontinenteko gorte gehienetan sartu bai-tzituen. Pastoralaren idazle ez ezik, zuzendari edo errejenta ere bada Bedaxagar; berak dioenez, "lan gogorra da baina merezi du". Ohi baino aktore gutxiago, hogei inguru, baina denak emakumezkoak, horixe da hilaren 30eko emanaldiaren berezitasun nagusia.
"Akitaniako Alienor pertsonaia ederra dela uste dut, bada hogei urte hari buruz pastorala idatzi nahi nuela eta, orain, suertea ukan dut", adierazi du Jean Mixel Bedaxagarrek. 1122an, gutxi gorabehera, jaio zen Alienor edo Leonor eta 1204an hil, "80 urtez bizi izan zen, aldi hartan asko zen". Emakume hark izan zuen botereak liluratzen du Bedaxagar, "bi aldiz izan zen erregin, bi aldiz ezkondu baitzen". Frantziako erregina izan zen lehenengo ezkontzarekin eta, bigarrenarekin, Ingalaterrakoa. Akitaniako eta Anjouko dukesa ere izan zen, besteak beste. Hamaika seme-alaba izan zituen (tartean Rikardo Lehoi Bihotz ospetsua) eta, Bedaxagar gehien harritzen duena da, ondorengoak Europa osoko gorte eta errege-etxeetan kokatzeko izan zuen gaitasuna, "Ingalaterra eta Frantziako errege eta erregin izan ziren haren familiakoak, baina Gaztela, Sizilia, Alemaniako errege-etxeetan ere sartu zituen seme-alabak, biziki trebea zen horretan!". Horregatik, Bedaxagarrek, Europako Amatxi gisa bataiatu du Akitaniako Alienor, "hala agerrarazi dut pastoralean".
Emakume kemen-tsua izan zen Alienor, adibidez Guru-tzadetan parte hartu zuen. Jakituria handiko agintaria ere ba omen zen, "bazekizkien hiz-kuntza asko, latina, okzitaniera, frantsesa, bretoia, arabiera eta, agian, baita euskara ere, nik pastoralean euskaraz zekiela defendatzen dut". Euskaldunekin lotura zuzena izan zuela ziur da Bedaxagar, "garai hartan Zuberoa Akitaniaren menpe zen eta Alienorren seme Rikardo, Nafarroako Antso VI.a erregearen alaba batekin ezkondu zen". Errejentaren esanetan, "arrazoi franko bada pertsonaia hura maitatzeko".
NESKAK AKTORE Akitaniako Alienor 27 jelkalditan banatutako pastorala da, ohi baino aktore gutxiagorekin taularatuko dena. Hogei aktore edo arizale inguru dira, denak emakumez-koak. Gizonezkoen pertsonaiak ere, neskek antzeztuko dituzte. Jean Mixel Bedaxagarrek azaldu duenez, "emakumezkoez bakarrik osatutako pastoralen ohitura zaharra da, historialariek diotenez, XVIII. mendean baziren halakoak". "Nik banuen aspaldi ikusia Etxahun-Iruriren Ximena (1979an), hura ere neskek egina, polita iruditu zitzaidan, grazia handiz antzeztua", kontatu du Bedaxagarrek, "kalitate aldetik oso polita da nesken ahotsez osatutako pastorala entzutea". Gainera, emakumeei plazan agertzeko askatasuna ematea, Pirinioetako ohituren parte dela ziurtatu du, "Parisetik 1968an emakumeen askatasunen inguruko aldarrikapenak etorri zirenerako, hemen neskek bazuten plazetan agertzeko faborea".
Aktoreetako bat Maider Bedaxagar da, Jean Mixelen alaba eta Amaren Alabak taldeko partaide izateagatik Euskal Herri osoan ezaguna. "Gehienek pastoralak eginak ditugu lehendik, baina emakumeak bakarrik agertzen direnik ez, berezia da -aipatu du Maiderrek-, gainera, gizon mozorrotzea berria da gehienentzat". Alienorren bigarren senarraren aitarena egingo du Maider Bedaxagarrek, "gainera, entrada ere abestuko dut, pastoralaren hasieran kantatzen den 20 bertso inguruko sarrera". Aktoreak Zuberoa guztiko neska kantariak dira, "lehendik bistaz ezagutzen genuen elkar, baina harremana handitu dugu, elkar ezagututa hobeto kantatzen ahal da". Etxean ez omen dute pastoralaz asko hitz egiten, "entseguetan aita errejenta da baina etxean gutxi aipatzen dugu gaia, bestela haserrealdiak sortuko dira", dio, barrez.
Xiberoko Zohardia elkartearen laguntzaz taularatuko dute Akitaniako Alienor, datorren asteazkenean, Maule-Lextarreko Jai Alai pilotalekuan. Hilabete askotako lanaren emaitza ikusiko da bertan, izan ere, Jean Mixel Bedaxagarren esanetan, "urte eta erdi da idazten hasi nintzela, gau eta egun aritu naiz, gogorra izan da". "Baina merezi izan du, bai", gaineratu du. Maider Bedaxagarrentzat ere lan gogorra da pastoralerako presta-tzea, "testua ikasten denbora asko igaro behar da, arratsaldeak eta asteburuak horretan eman ditut". Aita-alabak gogotsu daude, entseguetan prestatutako guztia jendaurrean erakutsi eta "Europako amatxiri" omenaldia egiteko.