Iñigo Beristain (Eibar, 1973) izango da ekainean Durangon egingo den Begira Photo Festibalaren protagonistetako bat. Bertan aurkeztuko du mugen gaia ardatz duen Invisible Walls argazki-liburua, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker garatutakoa. Diptiko serie hau zalantzez eta galderez bete lan kon-tzeptuala da.

Gasteizen hazi eta gaur egun Oionen (Araba) bizi da Beristain, bikotekide eta bi alaba txikiekin.90eko hamarkadaren amaieran, argazkiak ateratzen hasi zen. 2002tik 2005era Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, "argazkilaritzaren pozoina odolean sartu" zion Koldo Mendaza irakaslearekin. Eskolan bukatu eta amets bat burutu zuen: Asiatik zehar bakarkako bidaia luze bat egin. Bidaia horretan zehar egin zuen lan bati esker, EFTI itzal handiko eskolan ikasteko beka bat lortu zuen eta Madrilera abiatu zen. Han egon zen 2008 arte, Isabel Muñozen estudioan lan egiten zuen bitartean. Bere hirian bueltan, Periscopio lehiaketa irabazi zuen, zirkoari buruzko erreportaje batekin.

Argazki-kazetaria ala artista?

Ez zaizkit etiketak gustatzen. Argazkilaritza adierazpen-hizkuntza bezala erabiltzen duen pertsona naiz. Kamera, funtsean, nire burutik pasa-tzen diren ideiez hitz egiteko erabiltzen dudan tresna da. Beste tresna batzuk hautatu ahal nituen, baina nondik-norakoek argazkilaritzara eraman ninduten. Literatura eta zinea ere interesatzen zaizkit. Beharbada, urte batzuk barru bide horiek jorratuko ditut, batek daki.

Nola sortu zen 'Invisible Walls' egitasmoa eta nola planteatu zenuen gauzatze-prozesua?

2007tik aurrera argazkilaritzan jorratu nahi nituen bi gai izan ditut gogoan: bata euskal gatazka da eta bestea ze nolako zirkunstantziala den gure existentzia. Hau da, nola ezustezko edo halabeharrezko gertaerek baldintzatzen duten gure bizitza. Ordutik hona, bi egitasmo horiek heltzen joan dira nire baitan, paraleloki; baina denborak aurrera egiten zuen eta ez nuen lortzen gaiei ekiteko nire gustuko planteamendurik. Buelta asko eman ondoren, ideia horiek bat egin zuten erkideko gune batean: lurraldea. Lurraldea gauza askoren metafora gisa: identitateak, jabegotasun zentzua, jabetza pribatua, kanpoan uztea? Eta horrela aipatutako bi gai horiek egitasmo komun batean jorratzea erabaki nuen. Gizadiaren gatazka handiek zerikusi handia dute lurraldearen antolaketarekin.

Nola garatu zenuen?

Lurraldea abiapuntua izanik, EAE-ko mugak erabili ditut argazkiak egiteko, munduko lurralde ordenaren metafora gisa. Eztabaida-sortzaile diren mugak direlako, jakina. Hori izan da asmoa. Muga hauen inguruan dauden kontrako ideiak hauek dira: alde batetik, euskal identitatearekin ez dutela kointziditzen esaten duena; eta, bestetik, Espainaren parte dela aditzen duena. Mugei buruz hausnartzeak mundua nola dagoen antolatuta gogoeta egitera eramango gaitu. Eta ez bakarrik probintziak edo komunitateak banatzeko dauden marrak kolokan jartzeko; hiriak, gune pribatuak edo eskolak nola dauden antolatuta ere pentsatzekoa da. La Zona filmean, eta oinarritutako Laura Santulloren liburuan ere, horretaz egiten da oso hausnarketa interesgarria.

Zer topatuko dugu zure liburuan, konkretuki?

Liburu autoeditatua denez, askatasun osoa izan dut egitasmoaren abiapuntu kontzeptualaren neurrikoa egiteko. Horretarako, liburu joste ezberdina egin dugu eta trazatzeko papera sartu dugu. Edukiari dagokionez, argi dago ez dudala planteatzen inolako ziurtasunik. Zalantzatik sortutako liburua da eta galderaz eta hausnarketaz beteta dago. Ikuspegi kritikoz ikusteko jaiotako liburua da. Eta ertz gako bat du: argazkilaritzaren benekotasuna. Argazki horiek benetan daude eginak EAE-ko mugetan? Eta horrela ez balitz, zeozer aldatuko zen? Izan ere, neronek baino ez dakit non dauden eginak argazkiak.

Zertan datza 'N', zure beste egitasmoa?

Egitasmo hori prozesuan dago oraindik. Azken urteeetan gure gizarteak izan dituen aldaketez hitz egin nahi dut, horretarako errepidearen er-tza erabiliz. Bidaiatzen ikusten dugun marra irudi horrek liluratzen nau. Bizitzen ari garen tristezia eta gainbehera oso ondo islatzen dira bidaia gune horietan. N du izenburua, lehen errepideak izendatzeko erabiltzen genuen letra delako. Aberatsak, guapoak eta modernoak izan baino lehen zen hori. Ondoren, pezetak euro bihurtu ziren, errepide nazionalek A, E? eta ziurgabetasuneko garaiak heldu ziren.

'La letra pequeña de mi memoria' seriean ez dira giza figurak agertzen...

Orokorrean, giza figurak saihesten saiatzen naiz, erreportajeak baldin ez badira. Nire ustez, tokiek berez badute nahiko giza aztarna eta ez dira gehiago barneratu behar. Dena den, lan horretan, paradoxikoki, giza irudia funtsezkoa da. Argazki gehien horiek egitean, oso hurbileko eta maitatutako jendea izan nuen ondoan. Baina koadrotik kanpo uztea erabaki nuen. Alec Soth-en arabera, kanpoan uzten duzun hori barneratu duzuna bezain garrantzitsua da. Eta memoriari buruz ari naizen lan horretan, erabaki hori funtsezkoa izan zen.

Zure webgunean beste serie bat ikusten dugu: 'Los reyes son los padres'.

La letra pequeña de mi memoriaren jarraipena da. Aurrekoa baino ausart eta gordinagoa da. Oso aurreratuta daukat lan hau, baina oraindik birpasatu eta itxi egin behar dut. Pare bat urtetan zehar, kontu asko birplanteatzera eraman ninduten gertaera batzuk jazo nituen: osasun arazo larri bat nire baitan, aitaren heriotza eta lehenengo alabaren jaiotza. Gertaera hauek direla medio, nire sineste sendoenek balantza egin zuten. Ezinbesteko lurreratzeak izan ziren epe labur batean. Argazkilaritza erabili nuen nire baitan zeuden hausnarketa horiek jorratzeko. Bapatean, bizitzaren errubera irudikatu zen nire begien aurrean: gizakia jaio, bizi eta zendu egiten da. Lan hau nire ebakuntzaren orbainarekin hasten da eta nire emazteari alaba erditzeko egindako zesarearen orbainarekin bukatzen da.

Nolakoa da zure sormen-prozesua?

Hiru atal ditu: lehenengoan, nire intereseko gaiak bilatzen ditut eta ohar liburuxka batean apuntatzen ditut. Bigarrenean, gaiak ikertzen eta garatzen noa, idatziz eta pentsatuz. Behin buruan oso landuta dagoenean, irudi biltzea hasten da. Atal hau oso ezberdina da egitasmoaren arabera. Batzuetan, Invisible Walls kasuan bezala, oso irudi argiak dira, eta pentsatutako argazkiak atera baino ez dut egin behar. Beste batzuetan, aldiz, irudiak nahi gabe aurkitzen ditut eta dagokien karpetan sartzen ditut aurrerago erabiltzeko. Azken eta delikatuen pausua edizioarena da: irudi batzuk hautatu eta besteak baztertu.