Ez gaituzte sobera maite baina etengabe ahotan gaituzte auzolagunek. Azkena, 8 apellidos vascos filma. Ongi legoke 8 abizen espainiar gisako bat gure ikuspegitik landutako eta topikoak baino zerbait gehiago bilduko lukeena ozen eta marketing indartsuaz eman ahal izatea. Gaurko egoera eta egintzen tamaina ikusirik, fikzio estiloa landu beharko genuke, hori bai, auzokideen berri eman nahiko bagenu.
Ez gaituzte nahi, baina aldioro haien aitzakia gara. 8 baino gehiago dira espainiar telesail eta filmetan erabili dituzten euskal abizenak, portzierto. Zaletasun porrokatua dute gureekin; hasieran ulergaitzak direla diote, baina gero ederki baliatzen dituzte pertsonaiei halako xarma bat emateko.
Kasualitate gaitz batengatik astakirten batek idatzitakoa bidali didate gaur zortzi, ditxosozko pelikularen harira hain justu, eta, hala, euskalduna asperra dela, itsusia, goibela eta hotza, jendetasun gutxikoa, ego handikoa eta flema-lengoaiaduna zioen. 8 apellidos vascos pelikulan 8 topiko horiek edo antzerakoak ikusiko ditugula badakit.
Eta hara non gu, gainera, haien publiko. Izenburuarekin jendea engantxatu bezain erraza omen da. Eta, halaxe, euskaldunez beste pelikula bat erdaraz hozitua eta pentsatua. Argi da garaile nor aterako den. Zer litzateke gure egia kontatzeko aukerarik bagenu? Mundua liluratuko lukeen pelikulatzarra zabaltzeko gai bagina? Gure erreferenteak besteen esku daude etengabe, haiek gizarteratzen dituzte haien modura, neurrira eta estilora.
Zinemaren laguntzaz ezagun eginen genituzke gure pertsonaia handiak, gure hizkuntzaren berezitasun edo normaltasunak, historiaren joanean egoak eta jendetasunak nola kudeatu ditugun, baita eskuzabaltasuna ere, eta erakutsiko genieke gure aktore eta aktoresak zein eder eta lirainak diren.
Faltan dut, ikaragarri, gurea pantailara ekarririk; unibertsalki; handi; guk, gurea, guretzat eta munduarentzat. Euskal Herrian sortutako askok du esker onaren merezimendua, baina ez gara herri ozena, eta barne-kontsumora mugatu gara. Euskaldunaren hitza munduak ezagutzea bidezkoa litzateke.
Dena ez baita deitoragarria, azkenaldiko film on bati aipamena zilegi zait une honetantxe. Uste dut miresmena eta esker ona azkarki jasoa dela, eta deus gutxi gehi dezakedala neronek, baina, orain gogotu zait zorion mezua. Gartxot pelikulak malkoa eta irria sortu ditu, zirrara eta emozioa, harrotasuna eta sentimena. Marrazki bizidunak izanagatik, euskaldunon historia-orriak zoragarri osatzera etorri baita lana. Hori da bidea. Bat baino, zortzi badira, are hobeki.