DUELA bost urte zendu zenetik, bere omenezko ekitaldiak ez dira eten. Urrian EHUko Mikel Laboa Katedrako jardunaldietan hainbat lagunek parte hartu zuten, besteak beste, Ruper Ordorikak, Bernardo Atxagak eta Jose Luis Zumetak. Jakina denez, margolariari ez zaio hitz egitea gustatzen, irudien bidez mintzo delako. Horregatik, hitzaldia eman ordez, hamabi irudi propio sortu zituen. Orain, horiek guztiak bildu ditu Elkar argitaletxeak Xume. Laboa Zumetarenean izeneko liburuxkan.
Juan Kruz Igerabide Katedrako zuzendariak gogoratu zuenez, lagunminak izateaz gain, "bide artistikoa partekatu zuten" Laboak eta Zumetak, "laugarren lanetik aurrera, hark egin zituelako donostiarraren disko guztien azalak". Jarrera "xumerekin" egindako liburu berriaren irudiak Mikel Laboaren "bariazioak" dira, abstraktuak batzuk, figuratiboagoak besteak, baina beti kolorez blai. Teknikari dagokionez, "azkar" egindako lanak dira, "jostailu bikain" den iPad-ez sortutakoak. Ez da tablet-a erabiltzen duen lehen aldia. Zenbait marrazkitan, hain berezkoa zuen txori bihurtuta agertzen da, beste batzuetan, berriz, gitarra eta kapela beltza jantzita dituela.
Marrazkiak ez ezik, 10 euroko salneurria eta 44 orri dituen liburuan Laboak sarri kantatzen zituen hitzak ere ageri dira, Joseba Sarrionandia (Hegazti errariak), Bernardo Atxaga (Antzinako bihotz), Bertolt Brecht (Liluraren kontra) eta Xabier Leterenak (Izarren hautsa), besteak beste.
Eta ardo batzuk
Lan asko
Laboak eta Zumetak 1965. urte inguruan, Gaur taldearen hastapenetan, ezagutu zuten elkar. Harrezkero, lan asko egin dute elkarrekin, bai eta "ardo batzuk" edan ere. Zumetak oroi-tzapen onak baino ez ditu Laboaren gainean, "pertsona ona, dibertigarria eta lagun fina" zelako. Bere diskoetarako egiten zituen margo guztiak "beti" zituen laket musikariak. "Egiten nuen guztia gustatzen zitzaion", gogoratu zuen, irribarretsu, Usurbilgo margolariak.
Azkenik, Marisol Bastida Laboaren alargunaren ustez, benetan "harribitxiak" dira Jose Luis Zumetaren azalak.