BILBO. Ametsak amets. Topikoa. Hitz-joko merkea agian. Baina ba-tzuetan errealitateak zapuzten du topikorik tipikoena, ametsa egi bihurtuz. Errealitateak amets traza hartzen duenean, astelehenak ere ez dira astelehen izaten. Galde diezaiotela Arzallusi, txapelari hotz-hotzean begiratzeko astirik ere ez du izan eta.

Zorionak txapelagatik, baina akaso zortzi bertsolarien jarduna zorion-tzea litzateke bidezkoena, ezta?

Sekulako saioa izan zela entzuteak, jendea oilo-ipurdiarekin egon zela entzuteak... Hori baino sari hobeagorik ez dago, ez.

Izan duzu txapelari eta finalari begira jartzeko astirik?

Ez dut horretarako tarte handirik izan, baina horri buruz hitz egiteko bai, dexente. Goizeko aldarte ona arratsaldean ere luzatzen ahalegindu nintzen, hari guztiak ahalik eta finen josten. Nik banituen nire bilabideak, nire gailurtxo batzuk irrikatzen nindutenak, eta haiei begira ibili nintzen egun osoan, bestelako gailurrei begiratu gabe orientatzen saiatu nintzen bukaeraraino, eta gero suertatu zen niregana etorri zela txapela, baina ni neure bideetan nenbilen eta nahikoa abstrakzio egin nuen txapelaren kontu horrekin. Gero bai, heltzen denean, eskuetan prenda gozoa da hartzeko, gauza polita da eta are gehiago zeinen eskutik eta zeinen burutik datorren ikusita.

Eta orain beste lau urte itxaron behar emozio olde hori bizi izateko...

Baina era berean horrek ematen dio bere handitasuna eta xarma. Horixe da onena, bukatu eta jendeak pentsatzea lastima dela hau lau urtetik behin izatea. Atzo lako egun bat bizitzeko berotasun eta prestutazun bat behar da, agian zain egote horrek ematen duena.

Maialenek esan zigun bertsolaritza autoborroka dela, besteen kontra egiten den lehiaketa bainoago. Ondo baino hobeto ikusi zen hori igandekoan.

Autoborroka horretan fase psikologiko ezberdinak izaten dira, konforme geratzen zoazen heinean zure barruak botatako pultsua menperatzen ari zarela iruditzen zaizu eta menperatzen zoazen heinean beharbada zure eskumuturra erlaxatu egiten da, nahiz eta zuk bestela agindu. Autoborroka etengabea da hori, ariketaz ariketa hartu behar dena eta bertsotan egiteko beharrezkoa dena, horixe da bertsotarako gorputzaldirik onena eta igande arratsaldean beharbada indar hori galdu nuen eta ari nintzen pixka bat gero eta ahots lodiago batetik kantatzen eta bukaera arrimatu ahala berriz ere estutu nuen neure burua baina kostatu zi-tzaidan goizeko autoborrokaren intentsitatea mantentzea.

Egun osoko jardunean erraza ere ez da izango.

Ez, eta saioaren momentu batzuetan, batez ere buruz burukoa hurbiltzen ari zenean, gertatu zitzaidan bukaera urrun samar ikusi nuela eta hor izan nuen txakalaldi bat. Goiz eta arrats egiten den saio bat da, eta ariketa fisikoa ere bada neurri batean. Eta nahiz eta arratsaldean sentitu galtzen ari nintzela intentsitate psikologiko hori, buruz burokoak berak ematen dizu tentsio puntua, hor zirrara berezi bat pilatzen baita, bi pertsonaren gainean enfokatzen da tentsio guztia eta horrek pixka bat berriz altza zidan olatu hori.

Sarriegi hunkituta, Iturriaga badoala esaten, Maialen eta Elortzaren saio bikainak, Sustrai laguna ere oholtza gainean, zure txapelaz gozatzen... Batzuetan ematen duzue izotzezko, baina zuek emozionatuta ikusteak jendea ere emozionatu egin zuen.

Bi aldeak izaten dituzu. Batetik, zeure alde izotzezkoa, bertsotan egiteko eta bertso bakoitzari dagozkion hi-tzak ahalik eta zehatzen eta zorro-tzen kokatzeko behar duzuna; eta, bestetik, hango egoerari ezin diozu begiak itxi eta gainera merezi du disfrutatzea. Han, bukaeran bereziki, uste dut jendea askatzen dela, entzuleek ere zirrara bereziak bidaltzen dizkigute txalo artean eta hor bakoi-tzak bere ertzetik transmititzen dio bere emozioa jendeari. Hor guztiz inpermeablea izatea ezinezkoa da.

Badakizu atzerriko ikerlari ugari izan dela BECen. Horietako batzuk kubatarrak, negar ere egin zutenak bertsoak entzutean. Ikaragarria, kontutan izanda itzulpena jasotzen zutela, ez jatorrizkoa...

BECen jazo zenaren dimentsioa ulertu bazuten, itzultzaileek lan ederra egin zuten seinale. Madarikatuko gintuzten behin baino gehiagotan, ziur. Esango nuke gaur egungo munduan gauzak makro eta handiki egiteko joera bat badagoela, eta gurea justu kontrako bidetik doala, ahots hutsez eta hitz hutsez eta ia-ia autosufizientziarik austeroenean gerta-tzen den jolas bat delako, joko gisa antzeztua, eta agian hain kontrabide izate horrek berak harritzen ditu. Eta nik uste benetakotasun bat badagoela azpian, eta agian horrek hunkitzen duela jendea. Gauza ederra da munduko ertzetatik belarriak eta begiak luzatzea hona, eta haiei transmititzea igandean gertatu zena... Beraientzat aberasgarria izango da, baina baita geuretzat ere.

2009tik gauza asko aldatu dira euskal gizartean, eta finalak erakutsi digu bertsogintza ere aldatu dela: gaiak, diskurtsoa, enfokeak...

Bertsolaria pertsona da eta bere inguruko giroa arnasten dabil uneoro, eta inguru hori aldatzen den neurrian pertsona ere horretara egoki-tzen saiatzen da, eta ahal baldin badu, aurreratzen saiatzen da, bere kezkabideetatik gustuko ez duen egoera batetik etorkizun batzuk erein nahian. Normala da gaiek izatea eboluzio bat, lehengo gaiei beste modu batera begiratzen zaie, beste diskurtso batzuk ere azaltzen dira eta gu saiatzen gara gure aletxoa aportatzen, bakoitzak sentitzen eta pentsatzen duenetik. Bertsolaria kondizionatuta dago bizi-bizirik egotera, zeren errealitate biziari kantatu behar dio.

Eta zein polita Sustrai zortzigarren izana, eta ez 'azkena', beste norgehiagoka askotan gertatzen den moduan.

Niri dagokit kasu honetan hau esatea. Aurretik ere pentsatua nuen baina nagoen posiziotik garbi ikusten dut atzo bezalako egun bat, horrelako final handi bat... Galtzailerik gabekoa dela, irabazle bakarra ez duen festa. Denok gara irabazle.

Lehiaketa ezohikoa dugu Txapelketa Nagusia, bai.

Bertsoa bera ere ezin daiteke ulertu klabe deportiboan, nahiz eta Txapelketak mugatzen gaituen pixka bat eremu horretara. Finean, lehia bat ere badago, baina Maialenek esan zuen bezala, lehia horrek gero gure barruan oso interpretazio bereziak ditu eta bertsoa kooperazioan egiten den ariketa eta jolas bat da. Polita da gaur egungo gizartean konpetitibitatea hain nabarmenki eta hain agresiboki zabaltzen ari direnean, guk bestelako kontu bat proposatzea, bestelako su bati begira gaudelako eta gure arteko harremana ere horrelakoa delako: lehiaren parodia bat eskaintzen dugu, barnean benetako joko bat duena, baina azkenean nagusitzen dena gure arteko jolasa da.

Edonola ere, ezin ebitatu datua: Iparraldeak eman duen lehen txapelduna zara. Badago hortik hausnarketaren bat egiteko modurik?

Hernanitik Hendaiara mugitu da txapela eta ez du salto handiegia egin. Maialenen txapelak, Egañarenak edo nireak zazpi probintziak sinbolizatzen ditu. Baina egia da datua hor dagoala, lapurtar edo Iparraldeko bati eman zaiola txapela eta hori hartzen dut geuri interesgarri zaigun zentzuan: hemen, guk alde honetan bizi dugun hizkuntzaren eguneroko borroka asko bide nekezetan joaten da (Hendaiako ikastolaren egoera ikustea baino ez dago), txapel honek balio badezake borroka bide horietan egunero ahalegin horretan bizi denari ilusioa eta hauspoa emateko, baita bertso eskoletan dabiltzan haurrei ere erreferentzia horren ilusioa ematen nire ustez.

2005ean jokatu zenuen lehen finala. 2009koan txapelaren atarian gelditu zinen eta orain txapeldun. Hor izango zen, bada, eboluzio bat zure bertsogintzan, ezta?

Hori gauza zaila da zehazten. Eta askotan sentitzen duzu norbera ez dela norberaren bertsokeraren guztiz jabe eta batzuetan egin ostean jartzen zara hausnartzen. Niri kosta egiten zait nire bertsokera adjektiboekin definitzen, eta beldurra ere ematen dit, hautatu dituzun adjektibo horietan preso gelditzeko arrisku puntu bat ere ikusten diodalako. Zerbait esatekotan, esango nuke gai sozialekiko interesa badaukadala, kazetaria naizen aldetik; gero, Egaña edo Maialen bezalako bertsolarietatik hartzen ere saiatzen naiz, sakontasun pixka bat bilatu guran. Umorearen bidean, esaterako, kosta egin izan zait bertsotan ibiltzea eta uste dut erregistro hori bilatzeko lan bat ere banuela. Gero bertsokera etengabe eboluzioan dagoen zerbait da, ez da zerbait geldoa, eta uste dut baietz, beste bide batzuk sakontzeko zera hartu dudala. Eta atzoko egunak emandako ilusioak ere lagun-tzen du aurrera egiteko.

Hain zuzen, finalean umore gutxi sumatu zela aitatu dute adituek.

Txapelketetan maiz gertatzen den gauza izaten da hori. Badirudi umorea erabat bideratuta dagoela egoera konkretu batzuetara eta neurri konkretu batzuetara, zortziko txikira eta puntutakoetara. Gero egia da Txapelketak ez zaitu plazetako liberazio puntu horretan harrapatzen eta beharbada normalagoa da bertsokera arrazoietara eramatea, tonu serioago bat bilatzea. Erosoago ez dakit baina iruditzen zaitu eror-tzeko arrisku gutxiago duzula, baina umorearen ideia hori ahalik eta gehien jorratu behar da eta nahiko nuke zortziko txikitik zabalduko balitz bestelako ariketa batzuetara. Edonola ere, bertsotan umorearen erregistroa lantzea ez da hain erraza, umore merkea ez da egin nahi eta umoreak izan dezala satira puntu bat, umorea bada akuilu kritiko batez egina... Umorea ere oso terreno zabala da baina txapelketetan kosta egiten da bide hori bilatzea.