iristen da lander bat baserri batera, etxeko jaunak galdetzen dio nongoa den, eta bidezkoak no entiendo erantzuten du. Orduan, baserritarrak emazteari: "Atera iezaiozu jateko zerbait. Noentiendokoa omen da, eta auskalo non dagoen toki hori!". Baserritarrek abegi ona erakutsi diote eskaleari, baina uko egin gabe beren hizkuntzari. Txikitan entzun nuen hizkimiria oso zabaldua dago mundu osoan, baina nik ezagutzen ditudan kasuetan, protagonistak beti dira hizkuntza gutxitu batekoak; landerra, auskalo nondik datorrena no entiendo esanez, hizkuntza hegemoniko bateko hiztuna da beti.

Ipuineko baserritarrak elebakarrak dira. Baina haien oinordekook, ez, eta hor gaude kateatuta kortesiaren eta euskaraz jarduteko eskubidearen arteko amaraunean. Kateatuta gaude eta ez dakigu korapiloa nola askatu. Kontua da orduan eta gaur euskaldunontzat oso ezaguna dela ipuintxoa. Erdaldunentzat, egingo nuke ezetz.

Orain egun batzuk Joseba Arregik No me registren, por favor izeneko artikulu bat argiratatu zuen Vocento taldeko egunkarietan, Osakidetzak bideratu nahi duen hiztunen hobespen linguistikoak erregistratzeko asmoa salatuz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzako buru izan zenak garbi dauka soluzioa: ez dezatela erregistratu. Arregi utz dezatela libre. Inork ez dezala behartu bere hobespen linguistikoaren aitorpena ematera.

Arregi bere osasunak eramaten du ospital batera, hala dio. Nik ere osasuna lehenesten dut. Baina gaixo bat ez da biela matxuratu zaion auto bat. Arreta, edukazioa, begirunea oso inportanteak dira gaixoarentzat. Sentipenen sare gara, pentsatu egiten dugu, gure egoera manifestatzen dugu. Eta ez dugu mingaina etxean uzten.

Osakidetzak proposatzen duena agian ez da soluzio hoberena izango. Ez naiz aditua. Baina oso daukat garbi hizkuntza politika zenbateraino den material delikatua, eta, aldi berean, oso daukat garbi delikatua izan arren -eta, behar bada, delikatua delako- edozein interbentzio eztabaidatzeko eskubidea daukagula. Baina Arregiren artikuluari darizkion edukiak eta tonuak kezkatzen naute. Edukiak laissez faire, laissez passer filosofia gogorarazi zidan irakurri nuenean eta gogorarazten dit handik bi astera. Artikuluari darion tonu beligeranteari buruz, aldiz, zer esan, ez baldin bada Arregiri ez diodala inoiz ezagutu tonu bera erdal hiztun askoren gero eta praktika baldarragoa kritikatzeko, hiztunen jardun gero eta pobreagoa hizkuntza guztietan gertatzen dela esateko, hizkuntza hegemonikoaren no entiendo praktikak bi hizkuntza ofizialak dakizkigun askori eragiten digun arrakala ulertzen -gutxienez- laguntzeko?

Nago euskara babesteko neurriak kritikatzen dituzten artikulu askotako ideia nagusia ez ote den hil-deia. Proposamen nagusia, inplizitua zein explizitua, ez ote den, laissez faire, laissez passer egitearen aitzakiaz, laissez mourir praktikatzea. Utzi euskarari pixkana-pixkana hiltzen, ez gara-eta Unamuno bezain erradikalak. Guk ez dugu hilko -ez diezagula inork horrelakirik leporatu- eta ez diezaiogun bultza: bera eta berez eroriko da, Txirritaren bertsoetako andaluzaren pareta bezala. Orduan bai bakea!

Ingelesak Australiara joan zirenean, sabelaren parean zorro moduko bat zeraman animalia saltariaren izenagatik galdetu omen zion bertako bati. Kangarou erantzun zioten, "ez dut ulertzen", alegia. Gertakari ezagunak -egiazkoa dela frogatu dute berriki- oso ondo ilustratzen du lurralde elebidunetako egoera. Gure txikitako ipuinean, senar-emazteak dira baserriko ateak zabaltzen dizkiotenak hiztun hegemonikoaren jardunari. Australiako ipuintxoan, aldiz, bertakoa da ez dut ulertzen dioena, eta hegemonikoak, etxean sartzeaz gainera, gutxituaren mundua berrizendatzen du lotsa handirik gabe eta barregarri.

Bi kasuetan, nonbait, ateak zabaltzen dituena da erruduna. Total xalo portatzeagatik izango da.