Donostia. Ska, rock, reggae, pop, folk, rap, elektronika nahiz flamenkoa nahastu eta musika itsaskorraz beterik dator Gora!, Esne Beltzaren lan berria. Taldearen bostgarren diskoa da, gehienbat aurten sortutako abestiez betea.

Batzuk Fermin Muguruzarekin biran ibili zirela eta, distantzia gainditu behar izan dute lan honetan, baina beraien ustez "taldea asko inbolukratu da eta guztien arteko lotura oso agerian dago disko honetan. Gainera, "estudiora sartu baino lehenago ideiak besteetan baino askoz ere landuagoak" zituztela adierazi zuen taldeak atzoko aurkezpenean. "Produkzio aldetik askoz ere lan handiagoa egin dugu".

Bestalde, zigilu diskografiko berria ere aurkeztu dute. 5gora izena du, beren lehen arrakastari, Bozgoragailuetatik, erreferentzia eginez. Beraien diskoak aurrera eramateko eta Esne Zopak bezalako proiektu paraleloentzat sortua izan da.

Diskoa Durangoko Azokan jarriko da salgai, eta taldearen lehen singelaren bideoklipa, Lokarriak, atzo estreinatu zen eta dagoeneko sarean dago zintzilik.