Bilbo. BETE-BETEAN sartu gara jaien liturgia zarata-tsuan. Euskal Herriko hiriburuetako festak erreskan datoz eta olatuari aurre egitea baino hobe da ur sakonean murgildu eta uger egitea. Horrela pentsatu dute, baita, Bibote Gorria antzerki taldea osatzen duten Ane Zabala, Aiora Sedano eta Galder Pérezek, eta festei segida emateko kabaret zoroa prestatu dute. "Bilboko Aste Nagusian estreinatuko dugun arren, Euskal Herri osoan erakutsi nahi dugu ", esan du Ane Zabalak, horretarako ikuskizuna "moldatu" egin beharko dutela onartuz. Printzipioz Txomin Barulloren txosnan egingo dute lehen emanaldia, astearte gauez (23.30etatik aurrera).

Otxarkoagako gain-ertzean dute habia antzezleek, eta hantxe ibili dira entsaiatzen azken asteotan. Otsoaren sabela baino beltzagoa den sator-zuloan ari dira kabaretari azken ukituak ematen. "Bai, Anek eta biok aspalditik daukagu lokal hau, nahiko handia da eta egokituta dago era honetako an-tzezpenak egiteko, horregatik dago hain ilun", justifikatzen da Galder Pérez kazetariaren aurrean. Ilunarena egia da, eta argien dardarapean zaldizko apokaliptikoak espero ditu bisitariak. Ostera, bestelako zerbait eskaintzen zaio. Galder, Ane eta Aiorak berehala har-tzen dute eszenatokia, euskal jan-tzi tipikoen kale-jira eginez. Lehorreko arrantza egitera doaz Bilbora eta Aste Nagusiarekin egin dute topo. "Angulak harrapatu nahi ditugu, bai, baina masajea hartzeko, guk ez ditugu jaten!!", azaltzen du Ane Zabalak pieza osoak erakusten duen ironia berberarekin. Baina angulak harrapatzen hasi eta jaietako mokordorik potoloena ehizatzen amaituko dute, edozer baita posible pieza zoro honetan. Pérezek ohartzen gaitu horretaz: "Jaien defenda-tzaile moduan hasiko dira hiru pertsonaiak, baina gero... Finean, jaien inguruko hausnarketa filosofiko absurdo bat da".

"Aspalditik ibili gara elkarrekin zer edo zer egin guran, eta aurten suertatu zaigu aukera", esan du Pérezek. "Kabareta egitea erabaki genuen genero honek dena nahasteko aukera ematen digulako: hi-tza, antzerkia eta musika. Eta guk aspalditik geneukan abesteko eta dantzan egiteko gogoa, abestu eta dantzatzen oso txarrak garen arren", gaineratu du Zabalak. "Txomin Barullokoek egin ziguten eskaintza -agertu du Aiora Sedanok- eta guk baietza eman genien segidan, eta jai-giroan egin beharreko zerbait zenez, kabareta aukeratu genuen".

Publikoak zer nolako harrera egingo dion jakiterik ez dago, eta horren kezka badute hirurek: "Tira, musikaz blai daude txosnak, dena hartu dute musikariek, eta bada garaia txosnetan berriz an-tzerkia programatzeko, ezta? Garai batean egiten zen legez", eskatu du Zabalak.

Sudur faltsuak baliatuz hasten dira egurra ematen festetan gertatzen diren kontuei, euskaraz zein espainolez. "Egurra ematera gatoz, bai, baina umorez, kritika eta bestelako keinu txikiak eginez", sartu da erditik Aiora. Trantze gogorra dauka antzezleak Bibote Gorriak-en, une batez Mariguayaren papera egin behar duelako. "Nik uste dut puntazo bat izango dela. Begira, 2014ko Aste Nagusirako dena dago guay, dena polit, dena moderno. Bilbao d´Or horretan Marijaia Mariguaya bihurtu da, eta gero gerokoak", gaineratu du aktore bizkaitarrak.

Berrogei minutuko emankizuna da Bibote Gorriak, atrezzo gutxi eskatzen duena, krisialdirako beren-beregi egokitua. "Bai, garai hauetan oso kontuan ditugu gauza horiek, muntaia eta abar, baina ez gara hasiko negarrez. Pozik gaude egiten dugunarekin eta zorioneko gara", esanez zarratu du solasaldia Galder Pérezek.

Beraz, adi, asteartean belu dabilenak ez baitaki zer galtzen duen: euskal jaiak popa bistan!