DONOSTIA. Amara hotela gainezka dago eta zalaparta da nagusi hall nagusian. Kanpoko giro beltzak babesa hartzera bultzatu du jendea. Joxean Muñozek alergia dio zaratari eta leiho itsu bat aukeratu du elkarrizketarako (errezel plastikozko batek galbahe lana egiten dio argiari). Zorrotz egiten du berba Muñozek, ingurumariak hurrengorako utziz, eta begiratu zuzena du, zurekin dagoela erakusteko.
Komisario, poeta, marrazkilari, gidoigile... Ematen du bizitza bakarrak horrenbesterako?
Batzuk gauzak sakon egiten dituzte, modu oso intentsoan, eta beste batzuk denetatik egiten dugu pixka bat, intentsitate gutxiagoz agian.
Horregatik utzi zenion poesia publikatzeari?
Denbora berezia eskatzen du poesiak, bai, baina ez dut baztertu. Idazten jarraitzen dut, bizio pribatua da niretzat poesia. Beste kontu bat da publikatzea.
Zuen sail edo departamenduan elkarren epelean daude Kirola, Hezkuntza eta Kultura, baina horiek bata bestearen ondoan ikusten ditugun bakoitzean, badakigu zein aterako den galtzaile. Zuzen nabil?
Ez, ez da horrela.
Sentsazio hori neukan.
Ez ba. Beste alor batzuekin konparatuta egia da Kulturak ez daukala guri gustatuko litzaigukeen zentralitatea, eta kulturzaleok beti gaude borroka horretan. Baina kasu honetan departamentuan pisu handia du Kulturak, sailburuak oso garbi daukalako Kulturaren garrantzia eta saiatzen delako aprobetxatzen sail bezala daukagun indarra. Egoera honetan Kultura bakarrik balego, oraindik eta baztertuagoa egongo litzateke. Gure saila laugarrena da, eta bestela azkena litzateke.
Hilabete gutxi batzuk daramatzazu kargu berri honetan. Ezusterik hartu duzu?
Ez, banekien zeregin gogorra zela, eta egungo egoera honetan askoz gogorragoa. Baina ezagutzen dut kultur mundua eta bertako agenteak. Hala ere, badira berriak, eta aberasgarriak izan dira beraiekin egindako hitzorduak edo batzarrak.
Baina gero erabakiak datoz, eta hortxe korapilatzen da dena.
Ezagutzen duzu esparrua, jendea, badituzu irizpideak,... erabakitzen zaudenean badakizu nori egingo diozun kalte edo mesede, eta hori ez da erraza, badakizulako jende hori nondik datorren eta zein ahalegin egin duen dagoen lekura ailegatzeko. Horregatik, memento honetan ezagutza hori inportantea da, ahalik eta errespeturik handienarekin jokatzen laguntzen dizulako.
Politikan murgiltzeko une zaila hautatu duzu.
Bai, baina editoreen lana izugarri arriskutsua da, zinemagileena zer esanik ez, eta antzerkilariena edo dantzariena... Heroiak dira nire-tzat.
Aurrekoan egur galanta eman zizuten Legebiltzarrean, agindutako lehen murrizketak jakin ostean. 'Sektarioak' zinetela entzun behar izan zenuten.
Kontu honetan badago automatismo bat, eta badago debateak egiteko modu bat, eta da jokatzea gizartean dauden automatismoekin. Horrek asko samintzen nau. Horrekin errazagoa da momentu batean inpakto mediatikoa lortzea: euskalduna edo abertzalea sektarioa da ez dituelako onartzen erdaraz idazten dutenak edo abertzale ez direnak. Sektario deitzea gobernu abertzale bati, ba bai, jende baten aurrean horrek funtzionatuko du. Eta horretan ari dira, baina gezurra da, guk hartutako erabakiak ez direlako sektarioak. Hor hartu da erabaki mordoa, eta batzuekin halako zaku bat egin dute, abertzaleen ustezko sektarismoa salatuz, baina zaku horretan dauden gauzak oso dira diferenteak, eta sailburua eta biok saiatu ginen hori dena azaltzen Legebiltzarrean, hots, agertzen erabakiok nola aztertu diren, nola hartu diren, horretarako zein irizpide erabili den.
Denek ez zuten ulertu...
Debate erraz eta momentukoa egiteko balio du kritika horrek, baina bide antzua da hori, eta guk sakoneko eztabaida bultzatu nahi dugu, analisi onak eginez. Edonola ere, topikoetan oinarritutako debateak berez doaz ahanzturara.
Baina askotan debate modu horrek lortzen du sakonekoa estaltzea, eta zabaltzen du herri zatituaren teoria.
Euskal Herri osoan egiten den kultura gurea bezala hartzen dugu guk. Eta babestu eta sustatu beharrekoa dela badakigu. Gure-zure ikuspuntu hori ez zaigu interesa-tzen. Herri honetan hizkuntza bi ditugula oso asumituta daukagu, baina gauza bat da hori eta beste bat da onartzea lehen emandako diru-laguntzak modurik egokienean emanda zeudela, edo hori dela laguntzeko dagoen modu bakarra. Lehen aipatu dugun zaku horretan sartu dituzte gauza batzuk baina beste batzuk ez; esaterako, an-tzerkia. Ez dugu erdaraz egiten den antzerkia zigortu, ezta erdaraz egiten den zinea.
Badirudi gehienbat aurreko Gobernuak ezarritakoak aldatu edo ezabatu dituzuela.
Banan-banan aztertu ditugu denak, funtzionatzen duten ikusiz, bete beharreko helburuak betetzen dituzten aztertuz, eta sektore edo elkarte horiei laguntza emateko biderik eraginkorrena bilatzen saiatu gara. Zorrotz eta tentuz ibili gara kontu honetan. Laburbilduta: modu asko daude laguntzeko, eta, edozein kasutan, den-denari ezin diogu lagundu, are gutxiago gauden egoeran, baina inork ez dezala esan erdaraz egindako gauzak mespretxatzen ditugunik. Hori bai, eskema zaharretan iltzatuta daudenek nekez egingo digute kasu.
'Independentea' zarela esan duzu oraintsu. Zer esan nahi du horrek politikagintzan eta zein neurritan zara 'independente'?
Independente zarela esateak ez du esan nahi ez zarela koherentea Gobernu baten ildoarekin. Esan nahi nuena da nik beste ibilbide bat izan dudala eta ez naizela sekula alderdi batean egon. Zentzu horretan, independente izateak errazten du sektore ezberdinetako jendearekin duzun hartu-emana. Kulturan dabilen jendeak ezagutzen nau kulturan izan dudan jardunagatik, eta ez alderdi baten ordezkari izan naizelako. Hori, printzipioz, abantaila da. Baina tira, independente izateari ez diot balio berezirik ematen, ez goraipatzeko ez gutxiezteko.
Batzuetan badirudi gurean politika kulturalak gehiago duela politikatik kulturatik baino. Horregatik aurreko galdera.
Politika, berez, ez da hitz txarra, eta gu politika kulturala egitera etorri gara, hori baita Gobernu baten zeregina. Zentzu horretan politika ez da gutxietsi behar. Politika hitzak badu momentu honetan halako kutsu negatibo bat eta hori ere topikoa da. Guztionak diren gauzen kudeaketa egiteko balio du politikak. Beraz, oso hitz duina da. Hori bai, egia da askotan politikan egiten dena ez dela politika, partiduen arteko lehia baizik, eta horrek desitxuratzen du politika. Hori da urte hauetan zuzendu beharko dugun gauza bat.
Ondo aztertzen ari zarete, beraz, sektore bakoitzaren egoera eta beharrak.
Ingeniaritza kulturala egin behar dugu, bai, eta egungo egoerarekin tentu handiz jokatu beharra dago, zer kendu, zer mantendu, zer moldatu... Fin ibili behar gara horretan. Saiatu saiatuko gara behintzat.
Hain txarra da egoera?
Bai, baina hori jakina da. Eta nik uste ez garela lehengora bueltatuko, arrazoi askorengatik, ez krisi ekonomikoagatik bakarrik, hemen aro aldaketa bat datorrelako baizik. Aldatzen ari da mundua, era digitalera pasatzen ari gara eta horrek aldatzen ditu kultura hedatzeko moduak, eta guzti horri erantsi behar diozu krisi larri bat. Ari gara pentsatzen -eta ez bakarrik gu- nora joan beharko genukeen, zer datorkigun eta nola egin behar diogun aurre aro berriari.
Eta hain denbora gutxian izan duzue hori dena aztertzeko astirik?
Horretan ari gara. Ofizio honek daukan alderik txarrena da oso denbora gutxi daukazula hausnartzeko. Egunean egunekoa konpondu behar duzu eta horrek badauka arrisku bat, distantzia hartu ezina. Hemen asko pentsatu behar da, asko hausnartu, asko irakurri eta asko hitz egin. Lau urte hauetan egin behar duguna da murgildu, arriskuak hartu eta saiatu gauzak tentuz egiten.
Eta zuen kultur politikaren helburuak ezarri dituzue jada?
Guk gure artean markatu ditugu lerro batzuk, baina esango nuke oraindik intuizioak direla. Baina hor badago gauza bat nik esplikatu nahiko nukeena. Esaten digute ez ditugula gauza garbiak, ildo berriak edo gure ideia nagusiak kontatzen, eta hor jokatzeko bi modu daude. Bata da sartu orduko esatea egingo duguna. Oso modu trinkoan esaten duzu, oso garbi gelditzen da eta jende guztiak pentsa dezake indartsu ari zarela. Baina beste bide bat ere badago: zuk badituzu iritzi eta intuizio batzuk, bai, baina gero ikusi behar duzu jendeak nola hartuko dituen, eta beraien onarpenik ez badago alfer alferrik ari zara. Eta gainera ikusi behar duzu hori egingarria den memento honetan. Orduan, gauzak horrela bota ordez, tentuz ibili behar duzu, sektoreekin batu, beraiekin eztabaidatu eta adostu eta gero ikusi adostu den hori egingarria den ala ez.
Mezu kontundenterik ez, beraz.
Bigarren sistemarekin ez. Jendearekin egin nahi baduzu lana, eta ez jendearen aurrean bakarrik, profila jaitsi eta behera jaitsi behar zara. Mantso, poliki, eta argazkiaz arduratu gabe jokatu behar duzu. Igoal horrela ez zara argazkietan aterako, baina lagundu duzu argazki hori prestatzen. Hori da gure asmoa.
Beraz, elkarrizketari eman diozue lehentasuna.
Ildo nagusien definizioa etorriko da, baina orain gauzak aztertzen ari gara, aurrekontuak egiten, jendearekin biltzen eta hausnartzen. Kontuan izan, gainera, egoera berezian heldu garela Gobernura, eta denbora gutxi izan dugula gure kultur politikaren lerro nagusiak ezar-tzeko. Edonola ere, proiektu horiek funtzionatuko dute baldin eta jendeak onartzen baditu. Funtzionatuko dute kulturgintzako sektore zabal batek bere egiten baditu gure proposamenak, eta alderantziz. Elkarrizketa hori funtsezkoa da.
Hiru urtetik gorako proiektua omen da zuena. Zer esan nahi du horrek?
Oinarri sendoak jarri nahi ditugula etorkizunerako, urrutira begira gaudela, ez dela gure gauza bat, agintea dugun artean egingo duguna, baizik eta etorkizunerako proiektu bat, denon artean egin beharrekoa.
"Lau urte hauetan egin behar duguna da murgildu, arriskuak hartu eta saiatu gauzak tentuz egiten"
sus frases
"Las críticas que hemos recibido buscan el impacto mediático, pero no se sostienen"
"Cuando tomamos decisiones, obramos con el máximo respeto hacia los distintos agentes"
"Los editores asumen muchos riesgos, igual que los productores. Para mí son héroes"
sus frases
"No creo que vayamos a convencer a aquéllos que están atrapados en viejos esquemas"
"El ser independiente te facilita las relaciones con los distintos agentes culturales"
"A veces lo que se hace en política no es política, y debemos corregir eso"
"Lo peor de este cargo es que te deja poco tiempo para pensar,
y es necesario pensar"