Beti izan zait intereseko gure izenen unibertsoa: mendiak, errekak, bideak, herriak, auzoak, etxeak, abizenak, izengoitiak... Maiz aritzen gara, gainera, etimologia saioetan, izenak argitzeko ahaleginetan, askotan sobreinterpretazio funsgabeak ere egitera ailegatzen garela, edozein aditu izutzeraino. Edozein moduz, etxe-izenekin daukat aspaldian arreta hartua, eta ez bereziki ohiko eta usazko etxe-izenekin, horiekin beti izan baitut lilura eta gozamena. Azken hamarkadetako beste uholde batek narritatzen nau. Tradizioak eman ditu Santxonea, Petrienea eta Simonen Borda; Etxegaraia eta Etxeberria; Errementenea eta Argiñenea; Danboriena; Jauregia eta Kondetxea; Errotagibela, Elizaldea, Goiburua eta Errekondoa; Maisuetxea eta Apezenea; Urdingobaita; Xumardi eta Sagastia; Tolaretxipi, Telleria eta Aroztegia; Iparrea, Sansinea, Altzualdegainea eta Kikerrenea... Etxeetan bizitakoei erreferentzia egiten diotenak, etxearen ezaugarriak edota kokapenak ematen dituztenak, edo toponimoak dira hauek, besteak beste. Horien aldean, izendegi berri eta berezi bezain txundigarria zabaltzen ari da han eta hemen. Iparralde eta Hegoalde. Ezagunak Gure Ametsa, Gure Kabia, Etxe Polit, Ongietorri bezalakoak. Ildo beretik ere, Toki Alai, Bista Eder, Gure Ahalegina, Gure Nahia, Etxe Ona, Nahi Nuena, Leku Alegera, Goxoki, Agur, Esker Ona... eta luze segi genezake, irudimenaren arriskuak noraino eraman gaitzakeen agerian utziz. Are gehiago: Iparraldeko kostaldeko herri berean (hurbil aski, gainera) aurkitu ditut Zatozte batetik, eta Emak bakia, bestetik. Aipamen beharrik ez dutelakoan. Muturreko bi argazki dira lehen izen-multzoa eta bigarrena. Pragmatismotik idealismora. Moda kontua izanen da; etxe berriak, belaunaldi berriak, korronte berriak. Edo hori, edo senaren lausotzea uste baino arinago ari da. Espainiar tradizioko Ambiciones bezalakorik ikusiko ez dugun esperantzaz nago betiere, at, at! Hori da hori, kopetazko intentzio-aitortza... Baina, gero eta hurbilago ditugu inguruko eta urrutiko tradizioak, eta hasieran arrotz dena, azkenik gure ere bada.

Betiko etxe-izenek ofizioak, tokiak, etxea bera, jabeak, ingurunea izendatzen zituzten. Gaur beste gauza batzuk "kontatu" nahi dira. Ez dut ikusten antzinako moldea norbere etxearen edertasuna gailendu nahi duen joera harroa agertzen; norbere ahalegin eta izerdien berri ematen; harrera etengabea egiten edo bakean uzteko eskatzen; bizitokia kaiola, etxola eta txoko kategorian kokatzen; zorionaren betiereko adiera transmititzen...

Nire obsesioa izanen da, zer eginen diogu! Egia da, halere, gaur den egun etxe-izenak baino, etxeak berak kezkatzen gaituela puskaz gehiago. Egoera zein den ikusirik, eta azalkeriatik ihesi, gaur etxe askok Maizterrenea luke izenik egokiena. Edo Besterena. Eta ez arestian aipatuak.