Bilbo. Pixkanaka-pixkanaka, udaberriko uzta literarioa ari da loratzen euskal argitaletxetan. Adin eta genero guztietara egokitutako eskain-tza amankomuneko ezaugarri badute ere, editorialek apustu nabarmena egin dute nobela historikoen, thrillerren, hala nola album ilustratuen alde. Lehenengoaren loraldiak urteurrenek markatutako gaurkotasunarekin erlazioa du hein batean. Esaterako, aurten data historiko garrantzitsu biren oroi-tzapena egingo da. Ekainean, Gasteizko batailaren bigarren mendeurrena gogoratuko da, eta abuztuan, aldiz, Donostiako suntsiketarena. "Oso urte napoleonikoa izango da", adierazi du Txertoa argitaletxeko editore den Martin Ansok.

Urtemuga horien harira, aipatu editorialak Iñigo Bolinagaren Sinfonía guerrera gaztelerazko nobela historikoa aurkeztuko du apirila aldera. 1813ko ekain latz hartan girotua, Gasteizko bataila konta-tzeaz gain, Beethoven du protagonistatzat, Gasteizko sinfonia sor-tzerakoan konpositoreak bizitako baldintzen berri emanez . "O-rain arte, Bolinagak nobelaz mozorratutako saiakera historikoak idatzi ditu, dibulgazioaren mesedetan literaturaz baliatu baita. Oraingo honetan, fikziozko pertsonaiak tartekatu ditu", azaldu du Ansok. Apirilean ere izango da liburu-dendetan Ascensión Badiolaren Martina, guerrillera, Berrizko Martina Ibaibarriaga gerrillariaren bizitza aztoratua kontatzen duena nobela-ikuspuntu batetik. "Pertsonaia bitxia izan arren -Napoleonen tropen aurka borrokatzeagatik Gasteizko kale batek bere abizena darama-, ez da behar beste ezagutzen eta oso dokumentazio gutxi dago".

Ildo beretik, Ttarttalok José Antonio Azpiazuren 1813: crónicas donostiarras saiakera historikoa plazaratuko du hil honen amaieran. Notariatako dokumentuetan oinarrituz, obra honek agerian uzten du du nola herritarrek bere egunerokotasunari eutsi zioten Wellingtonen tropek hiria suntsitu ostean. "Donostiarrek kemen handia erakutsi zuten horri guztiari aurre egiteko", nabarmendu du Idoia Arozena editoreak.

Nobela historikoaren beste adierazle bat da Inma Roizen Manuela (Ttarttalo, apirilean). Kazetari eta antropologoaren lehenengo eleberria da hau, eta Arozenari jarraiki, "autorea hasiberria bada ere nobelagintzan, oso ondo idatzita dago". Istorioak bi familien nondik-norakoak ditu ardatz, eta XVIII. mendeko Gordexola eta Mexikoren artean kokatzen da.

Era berean, aipatzekoa da Manuel Monteroren Historia del País Vasco (Txertoa, apirila). "Esku-liburu klasikoa da arloan -argitu du Martin Ansok-, eta edizio eguneratua eskainiko dugu aurten". Arlo ezberdinekoa baina esku-liburuen eremuari dagokiona, Txertoak apirilean ere kaleratuko du Baratze bat nahi dizut egin. Usoa Arin ingeniari agronomo donostiarrak argibideak ematen ditu norbanakoak baratze bat etxe ondoan "edo are etxeko balkoian" landu dezan.

Aurrenekoz Bestetik, Susa argitaletxeak Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobela laburra ekarriko du hilaren amaieran. Gorka Arrese editoreak sinopsia aurreratzen du: "Lehenengo pertsonan kontatua, emakumezko bat da protagonista... eta Miren Agur Meabe du izena". Istorioak "gaur egungo emakume baten auto-erretratua" egiten du: protagonista bananduta dago, lana utzi berri du eta agobiatu samar bizi da. Horregatik, Landetara joatea erabakitzen du pare bat hilabetetan. Bertan idatziko du bere buruari buruz eta lasaitzeko asmoz, garai "oso trepidanteak" bizi ditu eta. "Oso kontakizun berezia da, euskal literaturan ez dakit inoiz egin ote den", dio Susako editoreak, eta zera gaineratzen du: "Nobela bat da, ez autobiografia; alegia, benetan bizitakoa gertakari nobeleskoekin tartekatzen ditu Meabek, eta ziurrenik irakurleak ez du jakiterik izango zer den fikzioa eta zer ez". Oraindik izenbururik ez duten arren, Susak Mikel Tabernaren nobela bat eta Oier Guillanen poema bilduma ere argitaratuko ditu martxoan eta apirilean, hurrenez hurren.

Eskarmentu handiko autore den Mariasun Landak "inongo aitzakiarik gabeko literatura" eskainiko dio estreinakoz irakurle helduari. Inurrien hiztegia (Pamiela) mikro-ipuin bilduma bat da, inurrien eta euskal gizartearen arteko paralelismo bitxia biltzen duena.

Elkarren eskutik, Garazi Goiak Txartel bat (des)herrira eleberria kaleratuko du martxoan, baita Igartza Sariaren irabazle den Goiatz Labandibarren ipuin bilduma, Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak izenburupean.

Argitaletxe berean, poesian eta haur-literaturan ibilitako Peru Magdalena nobelagintzan estreinatuko da Egia esan obrarekin, "bilaketa eta bidaia baten kontakizuna" egiten duela. Horrez gain, azpimarratzekoak dira Elkarreko beste titulu bi. Alde batetik, Iñaki Irasizabalen Bizkartzainaren lehentasunak thriller politikoa. Martin Goena militante armatu ohia du protagonistatzat, egun zinpeko guarda gisa lan egiten duena. Alta, halako batean enkargu bitxia jasoko du: poliziak ETA-ko zuzendari-tzan eduki duen satorra zaintzea.

Bigarrenik, Joxemari Iturraldek Rasputin eta San Petersburgoko gauak nobela dakar, hainbat ilustrazioz hornitua. Eleberri historikoa ez den arren, "Rasputinen legendan girotua dago, eta bere garaiko Errusiaren gizarteari erreferentzia nabarmena egiten dio", zehazten du Antxine Mendizabal editoreak, zeinak berak idatzitako haurrentzako ipuin berria ere dakarren udaberrian: Nire alabak ez dauka erremediorik.

Haur literaturarekin jarraituz, aipatzekoak dira Harkaitz Canok, Katixa Agirrek eta Juan Luis Zabalak laster Elkarren argitaratuko dituzten ipuinak, eskaintza oparo baten adibide bakar batzuk aipa-tzearren. Irakurzale hasiberriek aukera ederra dute ere Pamielan, Txikitzen zaretenean album irudiduna horren adibidetako bat da, Uxue Alberdik idatzia eta Aitziber Akerretak ilustratua. "Haurtxoekin gertatzen den legez, badakit guztiak zoragarriak direla esan ohi dugula -onartzen du Pello Elzaburu editoreak-, baina liburu hau benetan zoragarria da". Aipatu ipuinak gonbidapena egiten die gurasoei haurren mundu liluragarrira itzul daitezen. Kalandrakarekin elkarlanean, euskaraz, gazteleraz eta galegoz argitaratuko da.

Komikiak ere bere tartea izango du -gorantz doan generoa baita-; esaterako, J. C. Fernandesen Munduko bandarik txarrena, Bego Montoriok euskarara ekarria eta Harkaitz Canoren hitzaurrearekin. "Bitxia, gozada bat", laburbiltzen du Txalapartako Mikel Sotok.

Ilustrazioaren loraldi partikularraz zera dio Antxine Mendizabalek: "Egun, pisu parekatua dute idazleek eta ilustratzaileek; gero eta marrazkilari gazte gehiago ditugu, salto handia eman da".

Gazte literaturari dagokionez, Jokin de Pedroren Etsai gordea eta Jon Anduezaren Kankal misteriozko istorioak nabarmentzen dira Elkarren. "Misteriozko liburuek harrera nahiko ona dute gazteen artean", baieztatzen du Elkarreko editoreak. Eta ez bakarrik gazteriak, helduek ere gustuko ei dute intrigazko literatura. "Detektibe eta polizia-nobelak aspalditik arrakastatsu dira euskal literaturan -gogorarazten du Martin Ansok-, azkenaldian Jon Arretxe, Iñaki Irasizabal eta Alberto Ladron Arana dira generoan nabarmendu diren autoretako batzuk". Azken honek Txertoarekin aurkeztuko du martxoaren 6an Las manos del carpintero thrillerra. Estreinakoz, euskarazko bertsio originaletik (Aro-tzaren eskuak) gaztelerara itzuli da. "Suspensea azken lerroraino ziurtatuta dago", dio Ansok. Horrek esplika dezake euskarazko nobela horren 15. edizioa jada kaleratu izana, 2006. urtean lehen aldiz argitaratu zenetik.

Antzeko zerbait gertatu zaio Karmele Jaiori. Jatorrizko Musika airean nobela gazteleraz argitaratuko du maiatzean Ttarttalok, eta idazlea bera arduratuko da itzulpenaz. "Euskarazko irakurle asko jaso ditu nobela honek, eta gaztelerazkoen artean gauza bera gertatuko delakoan nago", iragarri du Idoia Arozenak. Giza-harremanak, zahartzaroak eragindako oroitzapenak edota etorkinen inguruko aurreiritziak dira Jaiok lantzen dituen gaietako batzuk istorio "hunkigarri" honetan.

Itzulpenekin jarraituz, Garazi Arrulak Anais Ninen Venusen delta ipuin erotikoen bilduma euskarara ekarriko du (Txalaparta). Halaber, Alberdaniak Némirovsky, Gagnon nahiz Glattauer autoren obrak euskaraz eskainiko ditu. Pamielako Pello Elzaburuk dioenez, itzulpena "funtsezkoa da euskal literaturan, gainontzeko hizkuntzekoetan legez".

Saio Mamitsuak Saiakeraren arloa ere mamitsu dator. Esaterako, Pamielak Adiskidetze prozesua euskal gatazkan dakar, Jonan Fernandezek eta Fernando Reyk idatzita. "Fernandezen kargu politiko berria dela eta, pil-pilean dago egunotan, baina ez da zerbait oportunista izan, aspalditik genuen!", baieztatzen du irribarrez Elzaburuk. Obrak "proposamen zehatz bat" egiten du euskal gatazka deritzonari aurre egiteko. Literatura eta saioaren erdibidean, Patxi Zabaletak Absurdoko kontuak edo eroen herriko kronikak lana aurkeztuko du argitaletxe berean. "Euskal umore absurdoaz mintzatzen da, aho tradizioan oinarrituz", adierazi du Pamielako editoreak.

Bada, beraz, non aukeratu, "datorrena datorrela", Idoia Arozenak dioenez. "Kulturari atea irekita mantendu behar diogu, geuk ez badugu geurea zaintzen, argitaratzen eta kon-tsumitzen, orduan nork?", arrazoitzen du.