Nork pentsa dezake erregea dela hain sarri eta hain motel-zorro irakurtzen dituen bere diskurtso astunak idatzi dituena? Nork sinesten du lehendakari batek bere agintaldian irakurritako diskurtso guztiak, sakonenetatik hasi eta zirkunstantziazkoetaraino, berak idatzitakoak direla? Václav Havel Txekiako presidente ohiak, idazle handia izanagatik ere, besteek idatzitako diskurtso asko irakurri behar izaten zituen, ekonomia alorrekoak batez ere. Inoiz esan izan da Julio Cesarren liburuak ez direla berak idatziak, letretara oso emana zen bere soldadu batek baizik.
Normaltzat daukagu mintzaldi publikoen atzeko ezkutuko lana: inor ezin da iritsi halako kargu batek berarekin dakartzan eremu diskurtsibo guztietara. Horregatik, ikaragarri ugaldu da ezkutuko idazlearen/kazetariaren figura, eta gaur nekez imajina daiteke itzalpeko idazlerik gabeko erakunderik, maila jakin batetik gorako agintaririk, enpresaririk, ezein esparrutako pertsonaia publikorik.
Gero eta gehiago zabaltzen ari da halako lanen esparrua: politikari, artista, oihartzun publiko handiko jende askok bere izenez firmatzen ditu bere memoriak, biografiak edo testigantzak, nahiz jakin badakigun besteren batek idatziak direla liburuok. Etikoa da, engainua da? Beharbada, denok dakigu beste norbait dagoela halako politikariak bere izenez argitaratu berri duen liburuaren atzean. Politikariak engainatu egin gaitu, berak ez daukan maila intelektual baten itxura emanez? Buruak adina aburu daude, eztabaidak askorako ematen du.
Eta idazleak zer erantzukizun du engainu-edo horretan? Beti egon dira ezkutuko idazleak. Asko dira, uste dugun baino ugariago. Idaztearen sena Olinpoko dohain sakratutzat daukan jendeari orijinaltasun gutxikoa eta umiliagarria irudituko zaio itzalean lan egiten duen profesionalaren existentzia. Anonimatuan egiten du lan! Beren talentua saltzen du! Halako idazleen lana ez da berek pentsatzen dutena ezagutaraztea, ordaintzen dionak esan nahi duenari forma eman eta bezeroaren irudia zaintzea baizik. Ordaintzailearen ahots dira. Mertzenario kameleoi batzuk dira horregatik? Profesional onak badira, gai dira Lópezentzat idazteko, gai dira Urkullurentzat idazteko ere. Nobela bat idazteari ekingo baliote, muturrera eramandako pertsonaia kontraesankorren ahotsa ematen saiatuko lirateke.
Baina idazle klase hori besteen zerbitzura ari baita, literaturaren zentzu chic elitista batek ez du idazle edo kazetari aratz-aratza kontsideratzen, eta horregatik espresio gai-tzesleekin izendatzen dugu: fantasma (ghostwriter, ingelesez), itzala, beltza, morroia, eskupekoa? Ez da, ordea, oso lanbide lotsagarria izango: itzalpeko ehunka idazleren eskaintza dago Interneten. Profesio guztiak bezala, praktikak egiten du duin zein miserable.
Nolanahi ere eta debateak debate, euskarak eman bitza halako itzalpeko idazleak ere: horrek esan nahiko luke politikariek eta pertsonaia publikoek euskaraz idazten dakiten itxura emango luketela, ezkutuko esku baten laguntzarekin badarik ere.