Donostia. Ia ez dute gogoratzen zein urtetan hasi ziren elkarlanean, baina duela 15 urte egin zuten Groelandiako lezioa eta Itzultzaile bat Parisen. Oraingo honetan, Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) eta Jabier Muguruzak (Irun, 1960) Paradisua eta katuak errezitaldiaren DVD-liburua (Pamiela) plazaratu dute.
Paradisua eta katuak errezitaldiko testuak jasotzen ditu liburuak, baita irailaren 3an Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan egin zuten emanaldiaren grabazioa ere. Batez ere, "kontaera" bat da, baina tonu eta forma askotakoak, ba-tzuetan tonu grabeak eta komikoa besteetan. Tonu aldaketa horretan datza testuaren "berezitasuna", Atxagaren ustez. Hainbat atal ezberdinez dago osatuta: poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. Gainera, hitzak ez ezik, akordeoiaren musika ere entzun daiteke eta Muguruzaren kantuak zabaldu egiten du Atxagaren testua.
Errezitaldian doinua eta testua txandaka joaten dira, tradizio zaharraren antzera, horrela indartu egiten baita ekitaldia, idazlearen esanetan. Hasieratik argi eduki zuen Atxagak hitza zegoenean ez zela musikarik egongo eta alderantziz, eta bien arteko baturak sendotu egingo zuela zuzeneko ekitaldia. Urte batzuetan ohitura egon da dena musikalizatzeko eta instrumentuak edukitzeko atzean, baina idazleari garran tzizkoa iruditzen zitzaion testuaren txanda zenean ikusleak horri erreparatzea, eta beranduago lasai-tzea eta musikarekin gozatzea.
Paradisuaren ikuspegi desberdinaz hitz egiten du, gai zabala eta handia, eta katua ere bertan ager-tzen da. Umorez egindako testuak dira, nahiz eta gai guztiak atseginak ez izan. Lan honek "bilaketa" bat islatzen du, Atxagaren esanetan, poesiaren bitartez gauzak nola esateko modua.
bertsioak
Tradizioa
Lehen bertsioa Donostian egin zuten martxoan Euskaltzaindiaren ospakizun batean. Beranduago Bermeon, Hernanin, New Yorkeko unibertsitate batean, Getxon, Iruñean eta Madrilen, besteak beste, aurkeztu zuten emanaldia. Guztietan testua aldatzen joan dira, batzuetan idazleak poema berri bat sortzen zuen, hutsunea ikusten zuen tokian aldatu edota berri bat jartzen zuen. Oinarria bazeukan baina moldatzen joan zen.
Atxagaren aburuz, euskaraz beste "berezitasun" bat du ekitaldiak, sortzez euskaraz delako eta beraz, gaztelaniaz hainbat gauza galdu egiten dira. Kantak tradizioz beterik daude eta bertako jendeak bakarrik uler dezake. Adibidez, Muguruzak gogoratu zuenez, Mikel Laboaren Pasaiako herritik jotzen duenean jendeak abestu egiten du eta beste edozein herrialdetan hori ez da posible.
"Duela 40 urte ezin zen ezer aipatu, jendeak ez zuelako jarraitzen ekitaldirik. Adibidez, Lauaxetaren poema bati egin nion erreferen-tzia behin eta inork ez zuen ulertu, baina kasu horiek ez dira orain ematen. Gaur egun, sortu daiteke eta jendea sartu egiten da zurekin batera poeman", esan zuen Atxagak.
Bestalde, idazleak poema liburu berria egiteko asmoa azaldu zuen eta Ama Eibarren dago izan liteke izenburua. Etxeko biografia bat izango da baina askatasun guztiarekin idatzia eta ez dauden pertsonei begira egindakoa. Halaber, urteetan zehar idatzitako beste hamabi poemak ere sartzeko asmoa dauka.