Durangoko Andra Mari elizpean egiten zen azokatik gaurdainoko bidean, txit aspaldiko hasiera hartan inork imajinatzen ez zuen itxura hartzen joan da euskal liburuaren errealitatea. Horren ispilua da azoka, "Euskal Herrian dagoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea" helburu duen iniziatiba. Baina azoka jaio zenean, ispiluak isla zezakeena urria zen oso: urteko produkzioa ez zen batere ugaria izaten eta Durangon egiten zen salmenta ere ez zen kriskitinka hasteko modukoa: azokaren bigarren urtean, 1966an, 680 liburu eta 179 disko saldu omen zituzten. Produktu guztien artean, mila ale ere ez! Beste garai batzuk ziren: irakurleok aski genuen Anaitasuna eta Zeruko Argia irakurtzea, hileroko eta urte osoko produkzioaren berri izateko. Guztiaren berri genuen eta, nahi izanez gero, posible genuen urte osoko produkzioa irakurtzea ere.
Bitartean, eta salbuespenak salbuespen, gaztelaniaz ari ziren idazleek eta industriak ez orduan ez hurrengo urteetan erakusten zuten azokarenganako arretarik. Frankismoaren kontrako eta euskararen aldeko topa-gune bat zen hasierako azoka hura. Bat zetozen biak, nekez aska eta urrutira zitezkeen elkarrengandik. Baina komeni da gogoratzea: azokari eta euskarari bekozko begiratzen ziena ez zen frankismoa bakarrik izan. Gaztelaniaz ari zen kulturgile askok bizkarra ematen zien bai euskarari eta bai azokari, euskararen aldeko -hizkuntza ahul zapalduaren aldeko- iniziatibei goitik behera begiratuz edo baita euskararen inguruko ahalegin oro pequeño burguestzat salatuz ere.
Geroago etorri zen azokako fenomenoari erreparatzea, boom bat gertatu zenean, eta garbi dago erakarmenaren motiboek zerikusi zuzena dutela arrakastarekin eta ekonomiarekin. Gaztelaniazko kulturgintza bere eskubidea aldarrikatzen hasi zen; bere eskubidea zen halaber eskua luzatzea garai zailagoetan, baina "han bere zeruan" zegoen, munduan bakarrik utzitako umezurtzenganako erruki handirik erakutsi gabe?
Kontua da liburuaren inguruko euskal iniziatiba askok -Azoka bera, hainbat argitaletxeren sorrera eta existentzia, Idazleen Elkartea, sari literarioak?- ez zuela baliokiderik gaztelaniazko industrian. Diagnosia ardatzean bilatu behar da: euskal liburugintzak -eta, hedaduraz, euskal kulturgintza osoak-, euskaraz egina denez, euskararen lurraldea du jolastoki. Euskal Herria du plaza, Euskal Herrian dauzka ardatza eta hedadura. Euskal Herriaren existentziak definitzen du bere existentzia. Baina gaztelaniazko produkzio gehienak, euskarazkoak ez bezalako zehaztasun eza du hemen eta, onenean, hedadurari buruzkoa du definizio falta. Seguru asko, politika kulturalaren ardatza zehaztu gabe jarduteak du horren kulpa. Hizkuntzak berak -gaztelaniak, kasu honetan- bere errealitatea dakar soinean, euskarak berea dakarren bezala. Hacer país zer den esplikatu behar liguke espresio ezaguna hain usu darabilen askok.
Gaztelania ere gurea da. Jakina. Baina gureagoa genuke bere ardatza euskararen toki bertsuan duen gaztelaniaren kulturgintza bat. Ez ginateke hain elkarren arrotz eta gor sentituko.