Haserrea dabil, trinkoa, kalean. Haserrea eta etsipena. Jende askorengan sakon errotua da itxaropen eza, gure gazteengan bereziki. Eta mila arrazoi dago horretarako. Denak ulergarriak.
Ongi baino hobeto justifikatutako kezkaren ondoan, ordea, nik arriskuz betea ikusten dudan aldarrikapen bat zabaltzen ari da: neurritasunari (austeritateari) ezetza esaten ari zaio kaleetan, Europako hainbat gobernu defizit publikoa txikiagotzearen aitzakian mamitzen ari diren politika ekonomikoak salatzerakoan.
Ez zait iruditzen, baina, neurritasuna denik mehatxua. Mehatxua, hain zuzen, neurritasun eza da. Ongizatea ez baita luxua. Luxua, adibidez, ospitale bateko sarrerako zorua marmorez estaltzea litzateke, edota gobernuak ikasle bakoitzari tablet bat oparitzea. Baina ez, inola ere ez, ospitale horretan behar beste mediku edota eskolan behar beste irakasle lanean aritzea. Bata -mediku eta irakasle nahikoak izatea- neurritsua den bitartean, ongizatearen neurrikoa, bestea -marmorea edota tablet oparituak- neurritasun ezaren ispilua da.
Zibilizazioaren berezko ezaugarria da, argi eta garbi, gizarte-ongizatearen helburua. Izan ere, ongizate-mailaren arabera neurtzen dugu gizarteen garapena. Baina okerreko bidea hartuko genuke, nire ustez, ongizatea balore absolutuen mailara eramango bagenu. Bestela esanda: gizarte-ongizatearen neurria gizarteak berak bere baliabide propioz mantendu dezakeenetik gorakoa bada, begibistakoa da kondena: gizarte-ongizatearen porrot erabatekoa. Lehenago edo beranduago gertatu egiten da (lehenago, normalean), eta, berehala, gizartearen baitan amildegi sakona ikusten da, zerbitzu pribatuak ordain ditzaketenen eta zerbitzu publiko eskasetara kondenatutakoen artean. Gizarte haustura. Zibilizazioaren atzerapauso larriena.
Horregatik da garrantzitsua neurritasuna, gizarte-ongizatea kudeaketu eta planifikatzerakoan. Ezinbestekoa.
Eta hori da, hain zuzen, Europako hainbat gobernu behar bezala ulertzen ari ez direna: ongizatea kudeatzerekoan neurriz jokatu behar dela ukaezina den bezala, ukaezaina da, baita ere, ongizatearen Estatua suntsitzeak ez duela neurritasunarekin zerikusi txikienik ere.
Hobe genuke, nire ustez, neurritasuna (austeritatea) zibilizazio eta progresoaren balioak direla onartzea, eta ez haien etsaiak. Ikuspegi horretatik begiratuta, eta etxegintzaren burbuilak eskaini digun adibide gaiztoa baliatuko dut: neurritasunaren aurkakoak izan dira espekulazioa babestu eta bultzatu duten politika publikoak, neurritasunaren aurkakoak izan diren bezala gutariko askok eta askok bolo-boloko garaietan geure bizkar gainean hartu ditugun konpromisoak.
Bidenabar esanda, une jakin batean gizartearen egoera ekonomiko orokorrak hala eskatzen badu ongizatearekin loturiko zerbitzuak aldi jakin baterako eta ahalik eta zuhurren murriztea ez da, berez, neurritasunaren aurkakoa. Neurritasunaren aurkakoa izango litzateke, berriz, egoera ekonomikoaren aitzakian zerbitzu publikoaren filosofia errotik iraultzea, pribatizazioaren bidetik adibidez.
Ez. Neurritasuna ez da arazoa. Gehiago du irtenbidetik, arazotik baino.