Bilbo. Ator urdin-argia, bakero berriak, zapata deigarriak, marroiak eta disdiratsuak, beroki beltza, larruzko kartera itxurosoa, betaurreko italiarrak (Tom Fordek badu klasea!), bizarra erdizka eta ironia beti zorrotz. "Tira, itxurakeria da dena, etxean ur berorik ere ez daukat eta!" (egia dio, apurtuta baitauka etxeko ur-berogailua). Gogo onez jaso du sariaren notizia Canok, sariketara Twist modu bitxian heldu zen arren: "Norbanako batek aurkeztu zuen, bere kabuz, ez baitzait egokia iruditzen aurkeztu behar hori. Epaileek har dezatela lana produkzio osoa irakurri eta baloratzeko".

Beraz, Javier Maríasen bidea jarraituko duzu, saria errefusatuz?

Ez. Niri sariek askatasuna ematen didate, eta diru honekin zortzi hilabeteko askatasuna irabazi dut, gutxienez. Hori inportantea da idazle batentzat.

Pozik, beraz.

Tira, Stendhalek esaten zuen asko desiratu behar dela, gutxi espero eta ez dela ezer eskatu behar inoiz. Jokamolde hori praktikatzen dut. Dena den, sari hau jaso orduko banuen jasoa beste sari bat, bidean aurkitu dudan jendearena, hain zuzen. Eta hemen Rosario Lasa eta Pili Zabala aipatu behar ditut batez ere, Jose Antonio eta Jose Ignacioren arrebak. Emakume zoragarriak.

Fikzioa eta errealitatea nahasten dira 'Twist'-en, 80. hamarkadako gertakizun latzak aletzen direla. Guztiari koherentzia apur bat ematea ez zen erraza izango, ezta?

Errealitateak ez dauka zertan koherentea izan; fikzioak, ordea, bai. Honela, esango nuke fikzioa kargu egiten dela errealitateaz. Baina hori baino zailagoa da nobelarentzat sistema bat bilatzea. Klabea da asma-tzea sistema bat istorio hori konta-tzeko eta ahal bada sistema horrek bakarrik balio dezala hori konta-tzeko. Eta hurrengoko liburuan beste sistema bat asmatu behar da.

Nobelaren lehenengoko atala goraipatu du Euskadi Sarien epaimahaiak. Egia esan, modu bitxian dago kontatua, erritmo biziz.

Trantze eta amorru une batean ida-tzita dago. Irakurle batzuei asko gustatu zaie eta beste batzuei ez. Lurpetik ateratzen den pertsona bat dago hor, eta, jakina, estrainioa bihur daiteke, batez ere irakurlearentzat.

Kontu latzak agertzen dituzu eleberrian, baina izenburua jostalaria da: 'Twist'.

Gehienetan tituluak lanak zabal-tzeko erabiltzen dira, barruan zer datorren iradokitzeko. Baina titulua izan daiteke, baita, liburua zarra-tzeko. Baneukan beste titulu bat ere, Izaki intermitenteak.

Apur bat metafisikoa.

Nobelan pertsonaiek dituzten obsesioak agertu eta desagertu egiten dira, harremanak agertu eta desagertu egiten dira, eta hori konstante bat da liburuan.

Nobelak asetu zaitu?

Buruan daukadana inoiz ez da argitaratzen. Eta horrek zerikusia dauka sormen prozesuarekin, prozesu horrek eramaten zaituelako espero ez zenuen lekuetatik, eta hori ere ederra da. Idatzi ahala ezusteko lekuetara heltzea dut gustuko. Esan behar dut orrialde gordinak idatzi ditudala hemen, baina nik sekula idatzi ditudan orrialderik zorion-tsuenak ere hemen daude.

Zu ez zara liburu mardulen zale, baina 'Twist'ek 432 orrialde ditu.

Liburu honek zirkulo konzentrikoak eskatu dizkit. Gainera, askozaz luzeagoa zen lana, 600 orrialde baitzituen hasieran.

Ez da euskal gatazkari buruzko nobela, baina seguru jada norbaitek leporatu dizula hau edo bestea...

Nobela hau ez da klabe politikoan irakurri behar. Laster gaztelaniaz aterako da, eta badaukat gogoa jakiteko zer nolako harrera izango duen. Erreparoa ere bai. Nobelak geruza asko ditu, eta geruza horietako batzuk badute zerikusia euskal gatazkarekin; gehienak ez. Edonola ere, idazten dudanean ni ez naiz sekula neutrala izaten. Nola izango naiz ba? Ezinezkoa egiten zait hori.

Pertsonaiekin nahikoa jostatu duzu.

Beraien dimentsio pertsonala interesatzen zait, ez bakarrik momentu puntual batean egin dutena. Oro har, estigmatizatuta dagoen jende horri printza positiboak aurkitzea gustatzen zait. Hori egin beharreko ariketa da beti.

Euskadi sari bi poltsikoan, baina zein profil pobrea daukazun Wikipedian.

DBHko ikasleren batek egina agian? Horretara ere jarri behar naiz. A ze nagia! Norbere profilaren aztarnei segika Interneten... Egosurfing!