Donostia. 2009an filmatu zuten Dragoi ehiztaria filma, baina datorren asterarte ez da estreinatuko, jasandako hainbat arazo dela bide. Asier Hormazak argi dauka: "Gauzak dauden moduan ikusita miraria izan da Euskal Herrikoa den pelikula bat sortzea, hemengo aktoreekin egindakoa". Eta, nola ez, filmak darabilen gaia Euskal Herrikoa da, bere-berekia. Aktore getxoztarra Gorkaren azalean jarri da, pelikularen protagonistaren azalean.

Zergatik filmaren izenburua, 'Dragoi ehiztaria'?

Kartelak dio "¿Cómo explicar a un hijo que su padre mataba por solidaridad?"; eta hori da protagonistak bere semeari emandako lehen erantzuna. Ipuin baten modura gauzatzen da, aitak bere lana dragoiak ehizatzea dela esaten baitio semeari. Hortik aurrera Gorkaren ibilbidea ikusten da: nolatan pasa zen dragoiak ehizatzetik bizitza apal bat izatera.

Nolakoa izan da filmazio prozesua?

Aste bete eman genuen Gipuzkoan eta bi hilabete Kuban. Prozesua polita eta aberasgarria izan da. Kuban filmatzea zoragarria izan da, hango lan taldeagatik eta lortutako emaitzagatik.

Filmari dagokionez, zein da maitasunak hartzen duen tokia?

Gorkaren ibilbidea zera da: ETA politiko-militarrean armak utzi eta Erdialdeko Amerikako gerra zibiletan parte hartzera doa. Horrek, beste balio eta uste batzuk aurki-tzea dakar berarekin. Maitasun istorioak balio berri batzuk, bizi-tzaren beste ikuspuntu bat eta horri eusteko beste modu berri bat eskaintzen dizkio. Nolabait, maitasuna da Gorka salbatzen duena.

Angel Amigoren gidoia duela kontuan izanik, non dago fikzioa eta non errealitatea?

Pelikula pertsona baten istorioan oinarrituta dago eta honek bizi izandako ibilbidea kontatzen du. Hor ere badaude Angelek berak sartutako hainbat xehetasun. Alde horretatik errealitatea dago oinarrian, fikziozko gauza gutxi kontatzen baitira.

Zein bide jarraitu duzu egokitu zaizun paperean sartzeko?

Garrantzia duena ez da etakidea izatea, baizik eta Gorkak nola bizi duen bere bizitza eta nolakoa den jarraitzen duen ibilbidea. Gidoiak argi eta garbi kontatzen zuen Gorkak nolako bizitza eramaten zuen: ETA politiko-militarrean sartuta zegoen eta mundu horren inguruan mugitzen zen. Errealitate berri bat aurkitzerakoan, Erdialdeko Amerikan bere balioak erortzen hasten dira eta horien lekuan beste batzuk agertzen dira. Protagonistak bizi-tzaren aurrean duen jarrera hotza ulertu behar izan dut.

Zer transmititu nahi izan diozue ikuslegoari?

Bizitzak aldatzeko aukera bat ematen duela, nahiz eta hautsezinak diruditen ildo jakin batzuk jarraitu. Badago aldatzeko itxaropena, betiere norberak landutako aldaketa bada. Alde horretatik filma garrantzitsua dela uste dut. Hasieran Gorka gogor bat ageri da, ez ditu armak utzi nahi, eta Euskal Herrian lortu ez badu beste nonbaiten lortu behar duela uste du. Armetan sinesten duen pertsona batek sinesteari uzten diola ikustea polita da.

Beharrezkoa al da norberaren buruarekin kritikoa izatea?

Autokritika puntu nabarmena dago pelikulan. Denok pentsatu beharreko kontua da, ez bakarrik ETAn aritu direnak, baita beste alderdi batzutan egon direnak ere.

Filmatu zenutenean ez zenekiten ETAk armak utziko zituela.

ETA Euskal Herriko eta Estatuko errealitatean dago eta zinea historia kontatzeko da. ETAren ibilbideak istorio dezente eman ditu eta ematen jarraituko du. Beharrezkoa da hainbat ikuspuntutik kontatzea gure herriaren historia. Azken finean, hori da gizartearen errealitatea, hori ezkutatzea zentzugabea da. Besteen ikuspuntua ezagutzea beharrezkoa da elkar ulertzeko.

Euskarazko filmik garestiena izateagatik publikoak hobeto eran-tzungo duela uste duzu?

Dirua baino kontatzen den istorioa eta nola kontatu den nabarmenduko nuke. Pelikuletan, %50 efektu bereziak dira eta beste %50 pertsonaiak. Honetan, %100 pertsonaien gain dago.

Filma BEZaren igoera gauzatu baino egun bat lehenago estreinatuko da.

Ez dakit zinemak eta kulturak jasandako zigorrak publikoaren murrizketa ekarriko duen. Zigorra ez da sarreren prezioaren igoera, baizik eta bereziki neurri horrek islatzen duen mugimendu itsusia.

Beste proiekturen bat ba al duzu eskuartean?

Printzipioz, egoera zaila dela eta, dena dago geldi. Zain gaude, ikusi egin behar da ea hurrengo hilabeteetan proiekturen bat sortzen den.