Denok dugu, lagunartean, kultur eduki jabedunak (musika, liburuak, filmak?) dohainik deskargatzen dituen sareko lapurren bat. Guztizko diskurtso aurrerakoia izan ohi du, maiz, sareko lapurrak. Sindikalista izan daiteke. Edota ezker muturrekoa, edo gure haur eta gazteengan eragin zuzena duen irakaslea. Baina sareko lapurraren nortasuna ez da ezaugarri horietara mugatzen. Oso bestelakoa ere izan daiteke: eskuindar amorratua; ugazaba; kultura apaingarri soiltzat eta hezkuntza gehienez ere aberasbidetzat dituena?

Zoritxarrez, bien arteko eremu zabalean lausotzen da sareko lapurraren izaera. Jende arruntaren multzokoa da, gehien-gehienetan. Gainerako bertute herritarrez ongi jantzia. Euskaltzalea ere, seguru asko, euskal hiztuna izatekotan, edo, euskal herritar erdalduna izatekotan, akaso euskara aberriaren ikonotzat goraipatzen duena. Gutariko zeinahi, alegia?

Bada, ordea, tipologia horiek guztiak berdintzen dituen funtsezko bereizgarri bat: ekonomikoki eroso bizi dira -krisi eta guzti- batekoak zein bestekoak, salbuespen onargarririk gabe.

Zerk bultzatzen du, hortaz, sareko lapurra kultur edukiak lapurtzera? Non hausten da bere arrazoibidea, gainerako eremuetan errespetatzen duen jabetza hori bera kulturarenean hankapetik pasatzeko?

Bi haritatik tira eginda saiatuko nintzateke ni betikotzen ari zaizkigun galdera horiei erantzuten. Batetik, arrazoi objektiboak daude (erraztasun teknologikoa eta zigorgabetasuna, nagusiki; ez, ordea, ordaindu ezina) kultur edukien sortzaileek eta, oro har, jabeek sarean jasaten duten lapurreta masiboaren atzean. Eta, kontu honetan, aginte publikoek, gehienetan, koldar jokatzen dute, askatasuna, kulturaren eskuragarritasuna eta modernitatea era demagogikoan nahasten dituen diskurtso laxo baten aitzakian laissez faire, laissez passer inozo bat ezkutatuz.

Baina larriak badira ere aginte publikoen pasibotasun suntsitzaile horren ondorioak, askoz ere birrintzaileagoa da bigarren hari batetik tira eginda ateratzen dugun arazoa: gizarteak oraindik behar bezala identifikatu ez duen akats etikoa da, azken batean, sareko nabigazioaren zalea, bigarren edo hirugarren ziabogan, lapur bihurtzen duena. Ez diezaiogun geure buruari iruzurrik egin: aipatzen ari naizen akats etikoa ez da mugatzen sarean kultur eduki jabedunen lapurreta onestera -hau da, lapurreta hutsa dela ukatzera-. Ez. Ageriko akats hori sakoneko arazo etiko baten isla baizik ez da: zigorra da, eta zigorra soilik, jabetza -hots, legea; hots, bizikidetza zibilizatua- errespetatzera garamatzana. Bestela esanda, jabetza intelektuala hutsaren hurrengotzat hartzen duenak berdin egingo luke, egokiera izanez gero, bestelako jabetza mota guztiekin; berdin jokatuko luke, iruzurra eginez alegia, zergak ordaintzeko garaian; berdin jokatuko luke, azken batean, herritar kontzientzian oinarritzen diren betebehar guztien aurrean. Baldin eta, noski, zigorraren beldur ez balitz.

Horraino iritsi ote gara giza garapenean? Zigorraren beldurra ote da gure gizalegearen azken mugarria?