bilbo. Bere aitaren lekukoa hartu du Francisco Mari Escuderok, haren izena daraman Kontserbatorioaren zuzendaria da eta. Donostiako Musika Eskola honen zuzendaritzaz harago, bai Francisco Mari baita gainontzeko seme-alaba eta senideak ere maisuaren ondarea bizirik mantentzen saiatzen dira. "Bere ondarea hortxe dago, eta nahi duen oro hurbildu daiteke, guk gustura lagunduko diogu edonori, dela partitura bat interpretatzeko, dela edozer dokumentu topatzeko, adibidez", azaldu du Francisco Mari Escuderok. "Bere obra ezagutu nahi duen horrek, aurreiritzirik gabe badator, aparteko indar musikala aurkituko du, balio pedagogikoaz aparte", gaineratu du.

Escuderoren ekarpena jendartean zabaltzearen asmo hori konpositorearen desioa zen. "Aitak maiz esaten zuen musikagilearen abantailarik hoberena zela norberaren sortze-lanek pertsonak laguntzeko -eta alaitzeko- gaitasuna zutela", gogorarazi du Escuderoren semeak.

"Musikarekiko ikuspegi etiko eta humanista zuen -jarraitu du azaltzen-, edertasuna eta hunkidura ezezik, musikak balore moral jakin batzuk aldarrikatu behar zituela irizten zuen". Pentsamolde horrek azaltzen du Escuderoren alderdi pedagogikoa, irakasle gisa (34 belaunaldietako 4.000 ikasle baino gehiago izan zituen). "Bere aburuz, inorenak ez ziren obrak konposatzen zituen, hau da, jendarteari eskainitako obrak ziren, norberak musikara hurbildu eta gogoeta egin zezan", nabarmendu du.

Bestetik, aintzat hartzekoa da Carmelo Bernaolaren alargun den María del Carmen Ruizek egindako lana. Bere senarra hildakoan, etxeko estudioko paper guztiak -baita beste bi geletan pilatuta zeudenak ere- sailkatzeari ekin zion. "Dena hankaz gora zuen, milaka dokumentu, partitura... dena nahaspilatuta. Inoiz ez zekien non zituen gauzak", ezagutarazi du Ruizek. Urte bete eman zuen sailkapen lan horretan -"2002ko ekainaren 5ean hil zenetik hurrengo urteko maiatzaren 15a arte, zehazki"-, egunero 6 eta 8 ordu bitartean.

Lana behin bukatuta, Bernaolaren obra guztia Bizkaiko Foru Agiritegira bidali zuen. "Izugarri eskuzabala da Alonso-Bernaola familia. Esaterako, Ruizekin izandako elkarrizketa batean, argitaragabeko partitura batzuk erakutsi zizkidan... eta hauek eramatera gonbidatu ninduen. Ezetz esan nion, larregi iruditu zitzaidan eta", aitortu Daniel Moro ikertzaileak, Bernaolari buruzko tesia prestatzen ari dena gaur egun.