Euskadiko Filmategitik jakinarazi dutenez, Gotzon Elortza (Bilbo, 1923) izan zen euskaraz egindako ikus-entzunezkoaren lehen fotogramak filmatu zituena, eta bere lana eskertzeko eta ezagutzera emateko, Euskadiko Filmategiak bere hiru film zaharberritu eta kaleratu zituen 2011n.

"Zaharberritze lanen kontura Gotzonekin eta haren familiarekin izandako harremanak aberasgarriak eta emankorrak izan ziren eta euskaraz pentsatu, errodatu eta muntatutako lehenengo filmeak zaharberritzea lortu genuen, ondorengo belaunaldiek lehen pauso haiek nolakoak izan ziren jakin dezaten etorkizunean", adierazi dute.

Elortza, delineatzailea lanbidez, Parisen zegoen erbesteraturik haren emaztearekin, Bisi Unanuerekin. Behin Frantziako egunkari batean irakurri omen zuen ikus-entzunezkoetan azaldu ezean, hizkuntza gutxituek ez zutela etorkizunik izango. Horrela erabaki zuen Euskal Herrira bi edo hiru egunetako bidaiak egin, eta film batzuk filmatzea.

Beti ezkutuan, beti poliziatik ihesi, baina lortu zuen euskaraz egin diren lehenengo filmak egitea. "Ereagatik Matxitxakora" (1959), "Aberria" (1961) eta "Elburua Gernika" (1962) izan ziren Filmategiak zaharberritu zituen hiru filmak. Elortzak "Avignon" (1963) izeneko dokumentala ere filmatu zuen.

Euskal Herriaren ikuspegi orokor bat (Bizkaiarenena, batez ere) erakutsi nahi izan zuen Elortzak bere filmetan. Gainera, filmek erakusten dituzten ikuspegi ederraz gain, euskal kulturari buruzko jakituria ere erakutsi zuen. "Aberria" (1961) filman Balentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariak eta Victor Olaeta dantzaria azaltzen dira, garai hartako euskal kulturaren erakusle ziren zenbait artista.

Elortza Donostia Zinemaldian izan zen 2011n, Euskadiko Filmategiak egindako zaharberritzeen aurkezpenean. Principe zinema-aretoetan egin zen aurkezpenaren ondoren, ikusleen txaloak jaso zituenean, haren eskuak elkartu, buru gainetik jaso, eta hunkituta agurtu zuen.