BILBO. Ilustrazio munduan gerta-tzen ari den iraultza aspaldikoa da, baina marrazkilari gehienak oraintsu arduratu dira horretaz. Juan Luis Landa eta Asier Sanzen kasua litzateke. Bi artista hauek XXI. mendean sartu dira mundu digitalean, baina ez dira damu-tzen. "Motela naiz teknologia berriekin, baina nire anaia Iván eta Aingeru Unzuetaren laguntza izan dut bide honetan. Beraiek animatu ninduten eta orain ez naiz damutzen, ez. Ordenadorean amets egiten nituen erremintak aurkitu ditudalako, eta egunero ikasten dudalako zerbait", dio Juan Luis Landa (Orereta, 1965) irudigile ospetsuak.

Orain, lanaren emaitza goitik behera kontrolatzen duela dio Landak: "Nahi dudana egin dezaket, erreminta hauekin dena zuzendu dezaket nahi dudanean eta ez dago mugarik. Horrek guztiak ez du preziorik". Irudiak artxibo digitalean gordetzeko aukera ere badago, hara-hona bidaltzea errazagoa dela. Hori bai, non geratu dira jatorrizkoak? "Originalak ez dira existitzen, nire kasuan originalak bakarrik txuri beltzean existitzen dira, kolorea ordenadorean ematen diedalako".

Asier Sanzek (Bilbo, 1969) 25 urte daramatza ilustrazio munduan. Deiako kolaboratzaileak uste du garrantzitsua dela teknologia berrietara egokitzea, "zure sormena pizteko baliagarriak direlako", baina bere iritziz, "artista batentzat inportanteena beti da kontatzeko zerbait izatea". Erreminta digitalak bide berriak zabaltzeko balio dutela onartzen du Sanzek, baina oraindik apur bat hotzak begitantzen zaizkio: "Pintzela papera igurzten senti-tzea da gustazen zaidana, prozesu humano hori, eta bitxia da baina koloreek beste ñabardura batzuk hartzen dituzte ordenadorean. Photoshopeko koloreak, esaterako, ez dira naturan existitzen, nik ez ditut nire inguruan ikusten, eta hala ere kazetan funtzionatzen dute".