Dantza Hirian, mugak gainditzen dituen jaialdia, irailak 16-26 bitartean ospatu da Euskal Eurohirian; hots, Baiona eta Donostia elkartzen dituen 50 kilometroko hiri-korridorean. Europa mailan eragin handia duen ikuskizun honek moldeak apurtzen ditu kaleak dantza egiteko eszenatoki bihurtuz eta dantzaren biribiltasuna erakutsiz. Artistak, ikus-entzuleak eta hiri paisaiak uztartuz, dantza garaikidearen azken mugimenduak erakusten dira bertan.
Donostian zaude, kalean. Edo Errenterian. Edota Irunen, Hendaian, Azkainen, Angelun, Donibane Lohizunen zein Baionan. Bat-batean jende multzoa ikusten da, dantzari bakarra edo dantza taldea inguratuz. Baina jende multzo horretako bakoitzak zentzu ezberdina aurkituko du ikuskizunean, nork bere bizipenen araberakoa. Horrek, Dantza Hirian-ek, hirietako errutina apurtzen duen proiektuak, kaleak dantza egiteko eszenatoki bihurtzen ditu.
Aurten sei urte bete dituen jaialdia mugaz bestaldeko proiektu bat baino zerbait gehiago da, eta Myriam Arkaiak, Dantza Hirianen zuzendariak ongi azaltzen duen moduan, "instituzio publikoen aldetik esker ona du, bere dimentsio itinerante, kreatibo, pedagogiko, sozial eta nazioartekoak erreferente bihurtzen du Europa osoan, sortzearen euskarri eta sentsibilizazio plataforma moduan finkatu da eta hiri espazioetan dantza garaikidearen difusio moduan ere bai".
Proiektu gazte honek oso argi du zer nahi duen. Elkartze gune bat izateko sortu zen, "Eurohiriko garapen kulturala bultzatzeko sortu zen. Hiri paisaia erabiliz, dantzaren bitartez mugaz haraindiko espazio komun bat lortu nahi zen". Antzokietatik dantza ateratzea ere bada ideiaren xedeetako bat, "ikusleari eta sortzaileari beste komunikazio artistiko modu batzuk eskainiz, esperientzia aberats bat lortzen da". Euskadiko eta Akitaniako dantzari eta koreografoak laguntzea ere bada jaialdiaren zeregina, "euren garapen profesionala sendotzen dugula". Eta noski, kaletarra ustekabean harrapatu nahi du.
Zortzi taldek parte hartu dute oraingoan. Guztira 25 artistek paseatzaileen irribarreak eta kuriositatea piztu dituzte, egunean hamar orduz. Euskal koreografoen lana bultzatzeko Euskal Herriko lau konpainia aukeratu dituzte, gainontzekoak Frantzia, Espainia, Belgika eta Greziatik heldu direla.
Etxekoen artean, Eneko Alcaraz hondarribiarra dago. Berak zuzenduriko lanean Mikel Laboaren egotea eta ez egotea erakutsi du Sorginak kanpora! lanean. Donostiako Ertza konpainiak ere Transparent eta Act of God aurkezteko aukera izan du. Donostiarrentzat ez da jaialdia bisitatzen duten lehen aldia, bigarrenez hartu baitute parte aurten. Asier Zabaletak, Ertzako zuzendariak, oso ondo baloratzen du jaialdiaren filosofia: "Kalean egiten diren eszenatokietan, antzokietan publikoarekin ez dagoen beste erlazio bat dago, maila berean gaude dantzariak eta publikoa". Bere karrera profesionalarentzat onuragarritzat jo du taldearen parte hartzea: "beti da aurrerapauso bat, eta normalean kalean egiten denez, agian zu ikustera ez datorren jende gehiagorengana iristeko aukera daukazu".
Hauek biak Aterpean programan aritu dira. Programa orain lau urte sortu zen "dantza garaikidea hiri espazioetan sortu eta zabaltzen laguntzeko". Bi euskal artista hauen lanak Hendaia, Biarritz eta Donostian erakutsi dira.
Aterpean ekimenak gaurko dantza ikuskizunak sortu, ikertu eta hiri-eremuetan ezagutzera ematea du helburu. Myriamek argitzera eman bezala, "Artistak Egoitzan programa bat da Aterpean, jaialdiak orain lau urte sortu zuena. Helburua dantzaren sorkuntzan eta zabalkundean laguntzea da, hiri espazioetan artistei ordainsari bat emanez".
Joan den urtean 10.000 ikusle inguru bildu zituen ikuskizun honek, Europako panorama kulturalaren erreferentzia puntua bihurtu zela, dantzatzen duten hiriak nazioarteko sarean baitaude. Honek 35 jaialdi independente tarteka-tzen ditu, eta guztiek hiri-paisaietan aurkezten dute euren programazioa. Myriamen hitzetan, "Dantza Hirian bere sorreratik da sare honen partaide, dimentsio europarra eta nazioartekoa eman diona".