SEI urterik behin egiten dute antza Martin Etxeberriaren urek gainezka: Katiluaren ipurdia (Alberdania, 1999) eta Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (Elkar, 2005) poema liburuen ostean beste sei urteko tarte bat behar izan du zarauztarrak saltotxo bat gehiago emateko, apur bat sakontzeko bere baitako mamuetan. Liburua itzel hasten da, hain zuzen Zakurraren poema pieza ez oso konben-tzionalarekin. Poema hori liburuaren nondik norakoaz hitz egiten digun sarrera baten antzekoa da: "Eta lurrean eserita,/ lotsagorritu nintzen nire patuaz;/ agurraren zakurra izan beharraz.// Penatu nintzen/ nire tristuraz./ Amorratu,/ tximeleta zatar bihurtutako/ nire gorroto zaharrez".

Bizitzari gorazarre egiten dion liburua da honakoa, nahiz eta aurreko pasarteko tonu beat eta arean iluna ere noizbehinka kanporatzen den. Etxeberriak sukar-poemak eta lasaitasun poemak tartekatzen ditu liburuan, bere aurreko lanetako sotiltasun eta detaileari uko eginez, baina galdu barik behatzaile zorrotzaren begia, nik pertsonalki gehien miresten diodana, esate baterako Eslaviar aurpegiaren aurrean bere animoa nola deskribatzen duen irakurtzen diodanean: "Kafetegi batean adibidez./ Goiz, nahiko goiz.// Eseriko gara/ mahai banatan/ eta nork bere kafea hartuko du. //(…) Jarri nazazu dardarka.// Eta gero, zoaz./ Joan gaitezen biok.// Isuri dadila bakoi-tza/ bere erara.// Bihar elkartuko gara berriz".

Bestelakoa zen Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin. Liburu hartan bere lekutxoa errebindikatzen sumatu genuen Etxeberria. Haizeak zerabilen poeta, gogoeta filosofikoetan galdurik, egunerokoaren eta unibertsalaren nahaste beti zail horretan trabatua. Honako Zakurraren poema eta beste hezurrak honetan tentazio horiek ekidin eta poesia garbiago bat opatu digu. Ametsak, begiak, bidezidorrak, uda… kontzeptu arinekin poesia lausoago, itxiago, interesgarriago bat ondu du. Poesia garbiak esan nahi du hitzen musikari eta poesiaren nagusitasunari leihoak ireki dizkiola, poesia ez dena kendu diola, gehiegizko ñabardurari uko egin diola eta, azken ahapaldiko epilogo antzekoan autoreak berak dioen gisan, hegan egin nahiko lukeela: "Hegan erori nintzen azkenean/ nire hitz gorriak urtzeko/ eraiki zenidan itsasora".Ez da guztiz askatu, ostera, poesiaren zenbait biziotatik. Nire ustez, pose poetiko lar dauka liburuak, eta poetikotzat jotzen diren irudi klasikoen abusu halako bat igarri diot. Kafetegiak, hiriburuak, autobusak, txori kolorea hartzen duten hodeiak… melankolia kalkulatu eta arean itxurazko hori poemen kalterako izan dela deritzot. Idazlea poesia egiten ari dela harrapatuko banu bezala sentitu naiz, erdi itxaropentsu -poema onak daude-, erdi engainatua -Gogorregia zerua eta Uraren korapiloak irakurri ditudanean legez-.

Disidentzia, berritasun, heterodoxia gabeko ondo idatzitako liburua da Zakurraren poema eta beste hezurrak. Gardenki ulertzen dira poemak, baina gauza garrantzitsuak esateko poesiak dituen bide okerretatik Etxeberriak zuzenegi ibili nahi duela dirudi. Poesia deskriptibo lauaren eta biografia poetikoaren arteko lekuren batetik hitz egiten digu idazleak, baina esploratzera ez gaitu atera-tzen eta ez du, beraz, barrukoa erakusten. Horretarako hiztegi bortitzago bat behar da apika, edo determinazio gehiago poesia egiteko. Finean, Borgesen basoa poemak falta duena falta du liburuak ere: gordina eta xamurra da, baina ez da sakona.