Iruñea. 2010eko Zelaia Sarien irabazleak, Kepa Larrearen (Basauri, 1956) Itzalak harturik eta Fermin Erbitiren (Iruñea, 1964) Hiru koaderno txiki saiakera laburrak, atzo aurkeztu zituen Pamiela argitaletxeak Iruñean. Jose Angel Irigarai editorearen hitzetan, bi lan hauek "oso egokiak dira, irakurterrazak, bizi garen eta bizi gaituen gizarte honen inguruan mila iradokizun luzatzen dituztenak".
Erbitiren Hiru koaderno txiki saiakerari dagokionez, idazleak handik eta hemendik harturiko apunteetatik tiraka osaturiko lana da. Helburua, egileak errandakoari jarraituz, "testu motzen bitartez irakurlea zirikatzea, pentsaraztea, irria eragitea..." izan da. Hala, bertan literatura, euskara, musika, kirola eta beste hainbat gai aurkitu ahal izango dira.
Beste alde batetik, liburuaren bigarren zatian egilearen afizio zein ofizio den gaia jorratzen da: komunikazioa. Izan ere, Erbiti kazetaritzan lizentziatua da eta irrati, prentsa nahiz telebistan egin izan du lan, eta RTVE-ko euskarazko programazioaren arduraduna ere izan zen. Gaur egun, Nafarroako Comptos Ganberan komunikazio arduraduna da. Kazetari-tzaren sena eta zentzuari buruzko hausnarketa proposatzen du Erbitik, bere ustetan "indar guztiak teknologiara bideratu baitira, edukia alde batera utziz".
Kepa Larrearen Itzalak harturik saiakera izan da argitaratutako beste lana. Egileak itzalaren metaforari eutsi nahi izan dio euskaldunok islatzen dugun irudian ausnartzeko, izan ere, "errealitatearen isla da itzala, ez errealitatea bera". Hildo horretatik, euskaldunei buruz gure zein besteren literaturan eskaintzen diren ezaugarriak dira aztergai. Larrearen ustez "askotan pertsonaia euskaldunak ideologia baten baitan ezartzen dira", desitxuraturik. Argi eta itzalaren arteko kontrastea bezala "muturreko pertsonaiak, estereotipoak" dira nagusi egileak aztertutako fikzio lanetan, eta "fikzioa errealitatean sartzen denean sor-tzen da arazoa". Hala, Larrearen liburuan Peru Abarka, eta Joanes artzaia izando dira saiakeraren oinarri.
Larreak, Euskal Filologian lizen-tziatua eta Geografia eta Historian doktorea, hizkuntzaren didaktikaren inguruko hainbat lan argitaratu izan ditu lehendik, eta egun EHUko irakaslea da Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikaren Sailean.