iruñea Iragan abenduaren 23an banatu ziren Juan Zelaia saiakera Sariak. Aurkezturiko 13 lanen artean bi izan ziren irabazleak: Fermin Erbitiren Hiru koaderno txiki eta Kepa Larrearen Itzalak harturik. Lehenengoan, idazle iruindarrak komunikazioaz zein beste hainbat gaien inguruko gogoetak bildu ditu. Egile bizkaitarrak, berriz, literaturak euskaldunak nola islatu dituen aztertu du. Martxoan izanen dira karrikan bi irabazleen lanak.
Aitzinsolasean diozunez, zure irakurletasunetik jaio da lan hau, liburuak txundituta uzten gaituzten esaldi eta gogoeta beterik baitaude.
Irakurtzea eta idaztea gustuko duen kazetari bat naiz eta, aitzinsolasean diodan bezala, irakurzaletasunak duen alde handienteakoa da txunditzen gaituzten gogoetez beterik daudela liburuak, han dago nire lanaren abiapuntua. Ideia horiek finkatzen saiatzeko koaderno txiki batzuk erosi nituen, orain bi urte inguru. Liburuak izan dira oinarri nagusia Hiru koaderno txiki idazterakoan, gogoetetako iturriak hitzaldiak, filmak edota pasadizoak ere izan daitezkeen arren. Koaderno horiek bete nituenean pentsatu nuen zerbaiterako eman zezaketela eta ordenagailuz idazten hasi nintzen. Idazteko eta buruari astintzeko grina horrek eragin nau.
Izan ere, nahiz eta kazetari izan, zure lanak ez du ogibide horri lotuta joan ohi den alderdi literario hori.
Hori da. Nafarroako Comptos Ganberako prentsa arduraduna naiz eta fiskalizazio txostenak zuzendu edota euskaratzea da nire eginkizun nagusia. Horrek ez dauka inolako loturarik literaturarekin eta hortik sortzen da horrelako gogoetak idazteko gogo hori. Goizetan fiskalizaio txostenekin eta horrelakoekin egiten dut lan, baina arratsaldetan bestelako testuekin nahi izaten dut harremana izan. Egunkari batean aritu izan nintzen, baita irratia eta telebistan ere, baina komunikazio arduradun bezala literaturatik oso urrun nabil. Barneak eskatzen zidan zerbait ezberdina idaztea.
Euskalerria Irratiko "Pasahitza" saioan ere antzeko eginkizuna daukazu irakurri ohi dituzun gogoeta horiekin.
Berdintsua da bai, eta konturatu naiz aise moldatzen naizela neurri horietan. Irratiko testuak ezberdinak izaten dira, baina neurria oso antzekoa izaten da, 20 lerro inguru. Euskalerria Irratikoa oso esperientzia polita izan da eta, bidenabar, entrenatzeko baliogarria zait.
Bi zatitan banatu duzu Zelaia Saria irabazi duen lana, martxoan karrikaratua ikusiko duguna: komunikazioari loturiko atala eta beste guztiari erreparatzen diona.
Lehen zatian era guztietako nire kezkak eta gogoetak agertzen dira. Literatura, denboararen joan-etorria, musika edota euskararen inguruko gogoetak daude lehendabiziko atalean. Bigarrenean, berriz, gai bakarra dago eta testu labur guztiak komunikazioaren ingurukoak dira.
Denboraren joan-etorria aipatzen duzu, behin baino gehiagotan agertzen den gai bat baita. 40 urteetako krisia ala?
Baliteke (barreak). Literaturan askotan ageri den gai bat da, nahiko interesgarria. Héctor Abad, Xabier Lete eta beste zenbait egileen hausnarketetatik abiatutako gogoeta batzuk ager-tzen dira liburuan denboraren joan-etorriaren bueltan.
Bigarren zati oso bat kazetaritza eta komunikazioari eskaini diozu, kezkatzen ei zaituen gai bat. Besteak beste, badiozu egun dagoen informazio-uholdeak informazio eza ekar dezakeela.
Kazetaritzan aldaketa izugarriak izan dira azken urteotan teknologiei esker, eta albisteak handik eta hemendik heltzen zaizkigu. Dena dela, uste dut kazetaritzak baduela zeregin oso inportantea: mundua azaltzea. Prentsaren esku egon beharko luke, nahiz eta tamalez gaurko baldintzak oso txarrak izan horretarako. Oso prentsa-zalea naiz ni eta paperezko egunkariak beren ibilbidea izan dezaketela uste dut, baldin eta analisia eta azterketaren bidetik jotzen badute. Bestalde, Peter Eisner-ek zioen bezala, kazetaritza berriaren xedea lanbidea bezain zaharra da: agintarien gezurrak salatzea. Alabaina, helburu hori betetzeaere oso zaila, hor hainbat oztopo baitaude.
"Kazetari orojakile"-en aurkako kritikarako tarterik ere izan duzu.
Jainkotuta daudenen kontra ida-tzi dut, baina ez dute zertan kazetariak izan. Telebista eta irratietako arazo bat da hau batik bat. Ba omen dago gai guztiez dakien jenderik, eta nik isiltasunaren aldeko aldarria egiten dut. Batzuek zenbaitetan esan beharko lukete: "Barkatu, baina honen inguruan ez daukat oso garbi zer pentsatu".