Donostia. Ezhoiko lana sortu du Joseba Sarrionandiak, Moroak gara behelaino artean? ez baita ez saiakera arrunta, ez historia liburua, ezta narrazioa ere. Hala aurkeztu zuen atzo Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigarayk, Joxemari Iturralde idazlea eta Txomin Peillen euskaltzainarekin egindako agerraldian. Aspaldian bezala, egile bizkaitarrak ez zuen parte hartu aurkezpenean, duela 25 urte Martuteneko kartzelatik ihes egin zuelako eta atzerrian bizi delako geroztik.
Kolonizazioa, giza kondizioa, hizkuntzen arteko talka, gaur egungo Euskal Herria... "Gogoeta anitz planteatu ditu eta bide anitzak ireki", aitortu zuen Irigarayk. Iturralderen ustetan, "bidai berezi bat" proposatzen du: Euskal Herrian hasi, Afrikan jarraitu eta gaur egungo Euskal Herrira itzultzen da munduari pare bat buelta eman ondoren. Hasieran, Pedro Hilarion Sarrionandia ahaide urrunaren istorioa kontatzen du. Apaiz frantziskotarra zen eta Afrikako iparraldera joan zen XIX. mende bukaeran. Hark egin zuen bereber hizkuntzaren lehenetako gramatika eta esperientzia horretaz baliatu da Sarrionandia pertsonaia historikoak eta gerla kolonialei buruzko gogoetak, aitormen pertsonalak eta iritzi politikoak plazaratzeko.
Hannah Arendt filosofoaren teoriari eusten dio Sarrionandiak "historia zabortegia dela" esaterakoan. Noizbehinka zabor artean aurkitzen diren harribitxiak berreskuratzea da bere lana, historia ofizialetik ihes eginez. Berari "diskordantziak azpimarratzea" interesatzen zaio, baina ez du "sintesirik" egiten. "Liburuak bakarrik seinalatzen du zabortegi horretan zeri erreparatu behar diogun", gaineratu zuen. "Energia pila bat" inbertitu du azken zazpi urteotan idatzitako liburuan. Bestak beste, Espainia eta Frantziaren menpe Euskal Herriak bizi duen "gaurko egoera penagarria" aztertzen du, baita kapitalismo eta sozialismoaren porrota ere. Kultura ikuskizun hutsa bihurtu dela salatu du, eta euskal literaturarik ez dela existitzen iritzi dio. Kontrakoa badirudi ere, oso testu "baikorra" da, "denok martxan jartzeko motorra", Iturralderen irudiko.
"Dena idatzita dagoen" arabiarren usteari ere aurka egin dio Sarrionandiak eta euskaldunok gure etorkizuna idatzi behar dugula defendatu du. "Euskal Herria izango da guk hemendik aurrera egingo duguna", dio testuan. Horregatik esaten du editoreak "esperantzaren gramatika" dela, "beste zutabeetan oinarritutako mundu baten aldeko pentsamoldea" adierazten duelako. Gainera, ez da kasualitatea oraingo "une kritikoan" kaleratu izana.
ideiak Gure herrian moroak ote garen galdetzen dio egileak bere buruari, Unamunoren poema bat gogora ekarriz. Ziur asko, Sarrionandiaren alde diferente bat ezagutuko du irakurleak, "fosilizatutako" irudiaren oso urrun dagoena. Naziotasunari buruz idazten duenean, "gauza deigarriak" plantea-tzen ditu, esaterako: "Komunitate batek independentzia nahi badu, horretarako eskubidea badu. Nazio bat eraikitzeak ez dezala ekarri beste bat ezabatzea. Euskal Herriaren inexistentzia da independentziaren aldeko arrazoirik behinena. Euskal nazioa egiteko dago. Euskaldunak besteak bezala, egiten dutena izango dira. Eta nazioa ez da lurra, baizik eta jendea, eta espazioa konpartitu daiteke".
Lanak 700 orrialde ditu eta bukaera aldean honakoa planteatzen du Joseba Sarrionandiak: "Eta kasba eta behelaino artetik ekarri dudan bakarra gramatika hau da, esperantzaren gramatika moduko bat, elkarrekin sortuko zaizkigun desirei eta esperantzei forma ematen lagunduko duena".