Estatu Batuetatik itzuli berria eta "gai sakonei" buruz berba nahiean, Bilbon ospatutako Euskal Poesiaren II Jardunaldietan parte hartu zuen joan zen astean. Gogoetatsu, jendaurrean irakurritako testuaren itzalpean -Hileta Iraken jausitako soldadu baten alde-, gai batetik bestera bidaiatu zuen, olerkigintza izanik abiapuntu.

Poesia, literaturaren seme txikia?

Ez dut uste. Poesia da literatura deitzen zaion guztiaren gune nagusia. Eman dezagun literatura deitzen dugun hori borobila dela eta borobil horrek erdi-erdian kiski bat, nukleo bat, daukala. Hori da poesia nire ustez.

Eta bertatik loratzen dira gainontzeko generoak?

Arnasa ematen die poesiak fikzioari, saiakerari eta... errealitateari buruzko beste ikuspegi bat da poesia. Eta zer da zaharkitzen dena? Bada, poesia hori gauzatzeko moduak. Horiek bihurtzen dira, orduan, ez seme txiki, baina bai bazterreko hautsa.

Poesiaren formaz ari zara?

Bai. Nire ustez eta inori ezer kendu gabe, poesia, ahal dela, ez da poemetan adierazi behar. Lerro horiek, moztuak, bata bestearen atzetik… Gaur egun, diskurtsoek izan duten bilakaerarekin, edozein konturatzen da, esaterako, publizitateak ere bereganatu dituela modu literarioak. Asko nahastu eta aberastu da dena, poesia, forma aldetik, hitz bakar batekin definitzeraino: erritmoa. Izarren misterioa astrologian kabitzen ez den moduan poesia ez da sartzen poema forman bakarrik.

Berebiziko garrantzia ematen diozu formari.

Badu, ez da nik ematen diodala (barreak). Errezitaldian irakurritako testuaren inguruan -Hileta Iraken eroritako saldadu baten alde- jendeak esan dezake errelato bat dela. Eta bai, errelato bat da. Baina hor bada erritmo berezi bat, badira aipu batzuk eta bada gogoeta bat. Poesiari buruzko jardun bat egiten dut. Idazle asko ari dira orain bere ikuspegi pertsonala, arnas hori, leku guztietan sartzen. Zenbat eta pertsonalagoa, zenbat eta poesia gehiago, orduan eta originlagoa da fikzioa bera ere.

Testu baten mamia eta esangura aldatu arterainoko pisua izan dezake formak?

Testu literarioek hari logiko bat dute, azaltzen oso zaila den barne logika bat. Formak eta edukiak sartzen dira horretan. Nik oker egindako gauza batekin azalduko dut: halako batean, trenean nindoala, norbaitek kontatu zidan nola bere familiako bat fusilatu zuten gerran, oker baten bitartez. Tragedia ez zen bukaeragatik bakarrik, forma ere oso tragikoa zen. Nik gaia hartu eta hau da bukaera harrigarria duen ipuin bat idatzi nuen. Orfebre lan bat egin nuen formari begira, oso imaginatiboa eta irakurtzeko dibertigarria; jostaketa bat ematen zuen.

Baina formak ez zegokion gaiari.

Ez, ez nion errespetua izan. Izugarrizko hutsa egin nion logikari. Hor argi ikusten da badagoela logika sakona, eta honek dio arazoa dramatikoa, tragikoa eta serioa baldin bada forma ahalik eta hutsena izan behar dela. Ahalik eta interbentsio gutxiena izango duena errelatoan.

Kronista lan moduko bat...

Nik Auschwitzeko gertaera izan omen zen bati buruzko nobela ez nuke irakurriko ezta lotuta ere. Aldiz, esperientzia pertsonala jasotzen duen egile baten liburua, Mariano Constanterena esate baterako, bai irakurriko nuke. Gai batzuk modu memorial batetan bakarrik erabiltzea eskatzen du logika horrek.

Jardunaldietan irakurritako testua errelatotik hurbil egoteak, floriturarik bilatu ez izanak, logika horri jarraitzen dio?

Floritura diozu, baina floritura formaren gehiegikeria litzateke. Hala ere, bai, soilagoa izaten saiatu naiz.

Zerbaitek bultzatuta idatzi zenuen?

Testua Renon idatzi nuen, emaztearekin nenbilela. Egunkarian ikusi nuen soldadu baten hilkutxa. Guk ezagutzen genuen herri batekoa zen mutila. Hara bidaiatu eta hiletaren deskribapena egin nuen, nire pentsamenduak ere azalduz, jakina. Eta nire buruari egin nion galdera: zilegi ote da ni hileta honetara joatea gero testua idazteko? Alegia, ez ote naiz ari ni hemen frankizia bat erabiltzen? Bestearen sufrimendua marka bat bezala hartu eta niretzako erabiltzen? Nik testuarekin jarraitu nuen, baina arazo bat egon daitekeela ere aipatzen dut bertan.

Zerk motibatzen zaitu idaztera?

Ismail Kadarek esaten duen moduan, idazle arrazakoa naizelako idazten dut. Nik antzematen dut idazle arrazakoa naizela. Poz gehiago sentitzen dut lanean ari naizenean, hobea da nire umorea, orain bezala, Poeta bat Nevadan idazten.

Idazle sen hori elikatzera joan zinen Ameriketara?

Beste leku batera joateak, zurea ez den ohizko egoera batean egoteak, suspertu egiten zaitu. Erantzunak etengabe ematera behartuta zaude, bai alde tribialenetan -Erosketak egitera nora joan? Nola funtziona-tzen du dutxa honek?- eta hain tribiliak ez direnetan ere. Galdera asko egiten dizkizu errealitateak.

Inportantea da idazlearentzat?

Bai, baina zer ulertzen den bidaia-tzeaz. Lekuz aldatzea da inportantea eta, zer esanik ez, geurea bezalako egonaldi sendoetan -aurrena sei hilabete, gero hiru, gero ia urtebete eta beste hiru hilabete geroago-. Itzelezko segurtasunarekin ari naiz hangoaz idazten, dena daukat egina, badakizkit errepideak, izenak…

Bizi izan duzun esperientzia pertsonala delako, agian?

Literaturak eman behar dituen erreferentziak dira irakurleak ikusi, entzun eta ukitu dituenak. Fikzioak beti konkretuaren bitartez egiten du lan. Gauzak horrela, niri hileta kontatzea oso erraza zait han egon naizelako. Interneten edo pelikula batean aditu daikezu ere, baina beste modu honetan errealitate freskoa da.

Inoiz esan duzu berba gehiegi egiten dela lekutara joan izanaz: Italia, Inglaterra, Amerikak...

Bereizi egin behar da literatura eta turismoa. Eta nik, partikularki, uste dut lekuak beti egon behar direla fikzioa, gogoeta eta poesiaren zerbitzuan. Baina badago aspalditik literaturan bidai-literatura bezalako bat. Konturatzen zara autore bat beka batekin egon dela ez-dakit-non eta exhibizionismo asko egoten dela horren inguruan. Esan nahi dut, munduko nobelarik exotikoena idatz daiteke etxetik atera gabe eta, baita ere, munduari mila buelta eman eta beti nobela bera idatzi. Horregatik ni ez naiz joaten kronika bat egitera eta egunkarietan azaltzera, ni joaten naiz errealitaterekin izango dudan txoke horretan niri zer gertatzen zaidan ikustera.

Pertsona bezala behar duzun bizipena.

Bai, eta gauza asko gertatzen dira, ez da nolanahiko esperientzia. Proba bat da eta asko mugitzen da burua horrelakoetan.

Norbere herriaz hausnartzeko beste perspektiba bat ematen du ere kanpotik ibiltzeak. Euskararen herria, geografikoki eta hiztun kopuruari begira, txikia da. Zelan ikusten da Ameriketatik?

Txikia, handia... Nevadan, irakasle batek Euskal Herria txikia zela esan zuen ere, eta nik erantzun nion batere konforme ez nengoela horrekin. Egina dut, gainera, testu bat, erdi umorezkoa, eta horrela hasten da: Euskal Herria leku tamainaz ertaina da, ez bada handia.

Handia al da?

Niretzat euskal mundua, gure bizitza, infinituetako bat da. Besteren batek ez duela infiniturik ikusten? Ba bere arazoa da. Norbaitek Cervantesi esan izan balio baina nola idatzi duzu La Manchaz? Lugorri triste bat besterik ez da! Bai, baina Don Quijote ez da lugorri triste bat, nobela zoragarri bat da.

Paralelismoa azaldu zenezake?

Euskal mundua ere oso mundu izugarri zabala da. Eta orain dabilen blaga hori, denak bla-bla-bla, mundu globala dela eta, horiek mentalki eta subjektiboki tontakeri galantak dira. Nork bere aitarekin edo anaiarekin duen harremana infinituetako bat da ere. Mundua ez da metroka neurtzen.

Kanpokoak ez, barnekoak balio du?

Hala da, Euskal Herria eta euskara txikiak direla esaten duten hori desertura bidali behar genuke: Begira, hemen daukak leku handi bat: desertua. Esaterako, Atlantatik New Orleansera ez-dakit-zenbat mila kilometro izango dira, baina paisai bariazio koefizienta 0,2koa izango da, eta Euskal Herrian ehuneko 80koa izango da. Erreakzio ideologikoa ematen du honek, baina ez da. Halere ondo dago honetaz hitz egitea, horrelakoak esaten dituztenak atakatzeko.