Donostia. Saturrarango Kartzelan, Espainiako Gerra Zibilean, espetxeratuta egon ziren emakueen istorio la-tza islatzen du Izarren Argia luzemetraiak. Gosea, irainak, tratu txarrak eta beste hainbat ankerkeri pairatu zituzten. Hala ere, okerrena beraiekin zituzten seme-alabak albotik kentzea izan zen. Barbara Goenaga (Donostia, 1983) Victoriaren larruan sartu da Mikel Ruedaren zuzendaritzapean. "Emakume horiek sufritu zutena behar bezala islatzea ardura handia izan da guretzako", aitortu du Goenagak.
"Izarren Argia" pelikulak konta-tzen duena ez da batere xamurra. Gogorra egin al zaizu istorio honetan murgiltzea?
Bai, oso gogorra. Hasieratik gidoia irakurri eta Gerra Zibilan gertatutakoaz ari dela ikusten duzu eta sentitu egiten duzu. Baina istorio honetan sakontzen hastean, murgildu eta gertatutakoa benetan sinesten hasten zara. Errodajean sekuentzia batzuk grabatzea gogorra izan zen, oso dramatikoak zirelako eta psikologikoki eta fisikoki hori interpretatzea ez delako erraza. Gainera, ardura handia senti-tzen genuen. Andre horiek pasatutakoa behar bezala islatzea, bizi zuten hori publikoari ongi transmititzea, oso zaila baita.
Emakume haiek zer bizi zuten ikusi eta gero, zer da gehien hunkitu zaituena?
Seme-alabak kentzearena. Kartzelan sartzea eta gosea pasatu behar izatea oso gogorra da baina latzagoa da seme bat kentzea eta gainera, ez jakitea berriro ikusiko duzun. Hori izugarria da. Ez dakit nola egin zuten aurrera.
Filmean ageri da nola seme batek denbora igaro eta gero ez duen ama ezagutzen.
Bai, oso zaila da emakume horiek sentitu zutena berezko bezala sentitzea. Ama batek egoera horretan zer pentsatu dezakeen jakitea ezin dugu ezta usaitu ere egin.
Victoria zara pelikulan. Nola ikusten duzu pertsonaia?
Emakume honek gutxi dauka egiteko ahal duen guztia egiten saia-tzen den arren. Ama bat azken esperantza izpiari eusteko duen gaitasun hori izan da pelikula honetan transmititu nahi izan dugun gauzetako bat. Momentu gordinenean ere, izan dezakeen indarra. Hori guztia jasatea ezinezkoa dela uste duzunean, hori eta are gehiago jasan dezakezula konturatzen zara. Ezinezkoak diren gauzak ere sinesteko gai zara seme batengatik.
Ba al dauka Barbarak Victoriaren izaeratik zerbait?
Ezingo nuke esan. Guk zorte handia izan dugu bizitzen ari garena ikusita eta ezingo nuke konparatu. Horregatik jendeak zer gertatu zen jakiteko gogoa izango duela uste dut. Gure gurasoek eta aiton-amonek oraindik mina barneratua dute. Bizirauteko, horma bat jarri behar izan dutela dirudi. Gerraren inguruko pasadizoak, izugarri dramatikoak direnak, hirugarren pertsona bati gertatu izan balitzaio bezala kontatzen dituzte. Horregatik, ezingo nituzke Victoria eta Barbara konparatu.
Zure ustez nola jokatuko zenuke horrelako egoera latzean?
Ezin da jakin horrelakorik. Seme bat kenduko balidate hil egingo nintzela uste dut. Ez dago gauza okerragorik. Seme bat besoetatik kendu edo besoetan hiltzea erabaki behar izana oso gogorra da.
Nahiz eta pelikula dramatikoa izan esperantzari lekua ere uzten dio. Bai, esperantza. Horrelako gauza ikaragarriak pasatzen zaizkizunean pertsona batek zekulako indarra izan dezake egoerari aurre egiteko edota lagun batekin irribarrea eragiteko. Nahiz eta jota egon. Detaile txikienak dira askotan, momentu zailetan, bizirauteko gakoa.
Nola izan da grabatzea hainbeste emakumeren artean?
Gozada bat. Oso ondo pasa dugu eta gainera, gehienak elkar ezagutzen genuen aurretik.
Historia eta garai hura bizi zutenak ez ahaztea da pelikularen beste helburua. Nola gogoratuko dituzu emakume hauek hemendik aurrera?
Ausardiaren eredu bezala. Harrigarria da orain dela oso gutxi pasatako gauza delako, gure aiton-amonen garaikoa. Emakume haiek sufritu zutena ez dugu inoiz guztiz jakingo. Zorte handia dugu garai hauetan jaio garenok.