zestoa. Zaldiak ala mandoak, nork mugituko mila kilogramoko harria azkarrago. Hori da "Arriya" filmaren ardatza, bi familien arteko apustua, aste honetan Zestoako plazan errodatu dena, hain zuzen ere. Herri osoan sekulako ikusmina sortu zuen, pelikula baten filmaketak berarekin dakarren parafernalia guztiak. Pertigak, kamerentzat garabiak, plastikozko kamerino inprobisatuak eta pertsonalak hankaz gora jarri zuten plaza. Gainezka zegoen, zaila zen 200 figuranteen eta gainerako herritarren artean bereizten eta une batetik bestera apustu bateko ohiko tentsio giroa piztu eta itzaltzen zen Alberto Gorritiberea zuzendariaren aginduen baitan. Barrutik ikusten ahal zen zinemagintza, modu hurbil batean, Hollywoodeko glamour usainaren zantzuekin, baina, hori bai, Euskal Herriko eskalan. "Hura Goenkalen ibiltzen duk!", "Vaya Semanitako hango hori ere ezaguna duk!" eta "Han Garate!" bezalakoak adi zitezkeen kuriosoenen ahotan.
Gorritiberearen bigarren luzemetraia da honakoa. Eutsi! (2007) izan zen filmatu zuen lehena, baina, hura zuzendariak "ezberdin" ikusten du, produktora baten enkargua izan baitzen. "Oraingoa nire apustua izan da, duela zazpi urte inguru Madrilen lanean nengoela sortu zitzaidan istorio hau pantaila handira eramateko ideia". Gure herriaz pentsatzen zebilela otu zitzaion bi familien arteko lehiaren aitzakia, eta lanean hasi zen, harri baten inguruan hauek egingo zuten apustu bat ardatz harturik. "Esan da makina bat lekutan gatazka politikoarekin zerikusia duela film honek, baina ez da hala, soilik gatazka kolektibo eta indibidualen isla izan nahi du", argitu du zinemagileak. Pertsonaia talde bat bere herrian nola erlazionatzen, mugitzen eta defenditzen den erakustea da zuzendariaren helburua. Kandido Uranga, Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Egoitz Lasa eta Iban Garate aktoreak daude, besteak beste, errepartoan.
Herriko plazan filmatutako demaren eszena da film osoko konplexuena. Esan bezala, extra andana behar izan ditu zuzendaritzak garaiko apustu herrikoia errodatzeko. Horrez gain, zaldiak eta mandoak nekez mugitzen zuten ditxosozko "arriya" eta, Joseba Salegi zuzendaritza laguntzailearen agindupean, langileek sekulakoak eta bi egin zituzten dena ondo atera zedin. Lurra olioztatu zuten eta animaliei erruz jo ipurdian makil batez. "Gaizki" hasi zena ordea, "zorionez oso ondo" bukatu zutela esan du Alberto Gorritibereak, errodajea amaitu eta ordu gutxira.
hizkuntza originalean Azken urteetan euskaraz filmatutako pelikulen produkzioaren gorakada bat egon da, batez ere, Aupa Etxebeste! Asier Altuna eta Telmo Esnalen lanaren ostean. Belaunaldi horretakoak dira, Eutsi!, Kutsidazu bidea Ixabel, Ander, 80 egunean eta Mystical bera ere, abenduaren 3an estreinatuko dena. Arriya ikusi daiteke zerrendako hurrengoa bezala, baina Gorritibereak pisua kendu nahi izan dio hizkuntzaren kontuari: "Euskarazko pelikula bat da, baina euskaldun bezala, nik uste dut herri baten metafora egiten hasten garenean, barreneko osagai guztiak kontuan izan behar direla. Ezin gara mugatu hizkuntza batera".
Horregatik erdaren presentzia ere badago pelikulan, euskaldunon "errealitatea" ahalik eta hobekien erakusteko. "Azken batean, bai gaztelania, bai frantsesa, gure kulturaren zati bat badira".
Zuzendariaren esanetan, orain "errazagoa" da horrelako produkzio txikiak euskaraz egitea, diru lagun-tza gehiago baitago. "Horretan asko aurreratu da, duela bost urte Eutsi! egin nuenean alderantziz baitzen. Zaila zen euskaraz film bat egitea". Egilearen esanetan euskarari lekua ematea "ikaragarri ondo" dago, baina "zinemagatik" egin behar da apustua. Erronka hizkuntza tresna bezala erabiltzeari uztea da bere ustetan, euskarak naturaltasunean "bere lekua" bilatzen duenean, askoz hobea izango dela dio Gorritibereak. "Lortzeko bidean goaz eta lortuko dugu".
finantziazioa arazo Oztopo dezente aurkitu dute finantziazioa lortzeko, baina, ate ugari jo ostean, Txepe Lararen Alokatu Produccionesek ekoitziko du 2011eko udaberrian estreinatu nahi den luzemetraia. Jada Instituto de Cinematografia y Audiovisualesen (ICA), ETBren, zein Espainiako Kultura Ministeritzaren laguntza jaso duten arren, bestelako laguntza lortzeko itxaropena dute: "Espero dugu Eusko Jaurlaritzak ere laguntzea proiektu hau bukaeraraino eramaten", azaldu du zuzendariak. "Ea laster jasotzen dugun haien erantzuna ere". 1,5 milioi inguruko aurrekontua izango du zintak.