iruñea. Hogeita hamabost urte. Hiru hamarraldi eta erdi. Hau izan da Patxi Zabaleta euskaltzainak euskal gizarteari eskaini zion azken poesia bilduma argitaratu zen egunetik hona igaro den denbora. Baina ia 40 urte hauetan Zabaletaren lumak ez du atsedenik hartu eta Bizi! (Pamiela, 2009) poema bilduma osatzen duten olerkiak idatzi ditu; poesia soziala, epika lirikoaren ildotik egindakoak eta Nafarroako gizarteari eskainitako olerkiak.

Argia ikusi berri duen lanak Patxi Zabaletak euskal gizarteari eskaintzen dion hirugarren poesia liburua da. Izan ere, 70. hamarraldian Zorion baten zainak eta Ezten gorriak lanak kaleratu zituen Lei-tzako euskaltzainak. Ordutik hona euskal olerkigintzak ez du leitzarraren berri izan, nahiz eta tarteka zenbait egoeren aurrean olerkiak idatzi izan dituen edo eta abeslariren batek eskatuta: "Poesigintzan sartzen denak ez du inoiz uzten. Burmuinean harra izatea bezala da: ez da sekulan sendatzen eta ez da sekulan asetzen. Horretara zigortuak gaude, noizbait tentaldi horretan erori eta gero", azaltzen du Aralar alderdiko buruzagiak. Urte hauetan zehar Patxi Zabaletaren luma eleberrigintzari, saiakerari eta antzerkiari lotuta egon da gehien bat.

Lanari Aberria ala bizi! poemak ematen dio izenburua. Liburuaren egileak aberria ala hil lelo historikoa hartu eta birmoldatu egin du, interpretazio berri bat eginez. Gainerako poemen artean, 70. hamarraldian idatzitakoak eta orain dela gutxi sortuak izan direnak aurkituko ditu irakurleak. Bitxikeri moduan, Zabaletak adierazten duenez, hamarkada honetan Zangozan egiten ziren Lore Jokoetan poesia saria jaso zuen berak sortutako poema batekin eta prosa saria berriz, Jaime Ignacio del Burgok lortu zuen: "Ez ziren joko gehiago antolatu", azaltzen du euskaltzainak.

Azken lan honek ere orain dela 37 urte Zorion baten zainak liburuan idatzi zuen Nafarroada atalaren bigarren zatia biltzen du. Oraingo honetan Nafarroaren sena, Nafarroako konkistaren sindromea eta Arrano beltza kateatua poemek osa-tzen dute liburuaren azken zatia.

Patxi Zabaletak nabarmentzen du azken lan honetan bere alaba Mirenen poesiak bildu nahi izan dituela eta horrela, aita-alabak elkarrekin egindako atala osatu: "Luma ona du, grina handia du olerkiarekiko, baina azkenean ez zen animatu", aipatzen du irribarrez.