Ze zailak egin zaizkigun beti ingelesezko aditz irregularrak. Irregular verbs madarikatuak. Batek baino gehiagok esan du inoiz: baina zergatik existitu behar dira halako aditzak, logika orokorrari ihes egiten diotenak, zergatik ez denak berdinak, eta kitto? Ba ziurrenez zorigaiztoko irregular verbs horiek bizitzaren isla baino ez dira. Bizitza irregularra delako, ezin delako excell batean sartu, ezin delako sailkatu fabrika batetik ateratzen diren produktuak bezala. Superfiziea beti da irregularra, Ruperrek askotan kontzertuetan esaten duen bezala, eta haren gainean ezinezkoa da lerro zuzen bat margotzea. Bizitza ez da inoiz lerro zuzen bat, bizitza indar irregularrek marrazten dute, eta horregatik da hain garrantzi-tsua malgutasuna izatea bizitzarekin, datorrena onartzen jakitea, inoiz ez dakizulako ziur egokitu zaizun bide horrek nora eramango zaituen. Ezagu-tzen dut jende asko irregulartasunaren aurrean urduritzen dena, beti berdina denak ematen dien segurtasunaren bila dabilena une oro. Ezin bidaia bat egin aurretik egun bakoitzean eta ordu bakoitzean zer egingo duten programatu gabe, azken orduko aldaketa batek guztiz blokeatu ditzake, ezin irten buruan eratu duten planifikaziotik, berdin oporretan zein eguneroko bizitzan. Be water my friend, esaten zuen Bruce Leek. Eta bai, askotan gure izaera likidoak salba gaitzake, mundu honetara hobeto moldatzen delako. Choose, Chose, chosen. Bakoitzak erabakitzen du zer aukeratu: Munduaren logika irregularrarekin etengabe tupust egiten duen horma izan, edo mundu irregular honetako zirrikitu guztietan sartzeko aukera ematen duen ura izan. Nik argi daukat: be water, my friend. Be irregular like the world you are living. Ezin baduzu aditz irregularrekin, egin zaitez zu irregularra. Aska zaitez behingoz eta behin bada ere, utzi korronteari bere lana egiten.