“Bueno, euskaraz erantzungotsut, ze ez dot ulertzen hainbeste medixo kanpotar egonda, erderaz erantzun bihar ixetie zuri”. Jagoba Arrasate, Osasunako entrenatzaileak horrela erantzun dio ETBko euskal kazetari bati Araba Saudin jokatutako partidaren ondorengo prentsaurrekoan. Galdera gazteleraz egin dio kazetariak baina berak euskaraz erantzun. Mundu osoko kazetariak biltzen dituen prentsaurreko batean, hainbeste hizkuntza entzuten diren espazio batean, Arrasatek bere hizkuntzan erantzun nahi izan dio bere herriko kazetariari. Eta keinu horrek erakutsi digu zein den benetan gure hizkuntzaren egoera, zein txikitua, zein zapaldua dagoen, zein egoera zaurgarrian, zein ahaztua askotan. Keinu bakar bat nahikoa izaten da batzuetan errealitatea kolpe batean ikusteko. Atentzioa eman behar da batzuetan, euskararen benetako egoera zein gogorarazteko. Aurrekoan elkarrizketa egin zioten Josu Martinezi zinemagileari Euskadi Irratian. Bizkarsoro filma estreinatu berri du (atzotik ikusgai dago Gasteiz, Durango, Tolosa, Baiona, Donibane Garazi, Altsasu eta Mauleko zine aretoetan) eta esaten zuen, besteak beste, Euskal Herriko gazteei erakutsi behar zaiela zein den euskararen historia, testuingurua, ze egoeratan dagoen eta egon den… Euskara erakargarri egiteko ahaleginez gain (hori ere beharko dugulako), zein garrantzitsua den ohartaraztea euskararen egoera ez dela beste hizkuntza batzuena bezalakoa. Euskarak bizirauteko zailtasun handiak dituela, hizkuntza handien artean itotzeko arriskuan dagoela. Eta iruditzen zait azken hamarkadetan ahaztu egin dugula hein handi batean hori transmititzen, biktimismoan jausteko beldurrez agian edo erlaxazio hutsagatik. Baina Martinezek ondo esan zuen bezala, ez dago hemen biktimismorik, errealitate gordina baizik. Euskarak bizirauteko zailtasun eta oztopo gehiegi aurkitzen ditu bere bidean eta ezin dugu hori ahaztu. Atzo Korrikaren ibilbidea aurkeztu zen. Modu batera edo bestera atentzioa eman behar da euskararen benetako egoera zein gogorarazteko. Korrika batzuetan, baina hitzez batez ere.
- Multimedia
- Servicios
- Participación