Oso gogoan dut Beirutera heldu nintzenean izan nuen lehenbiziko sentsazioa. Sentsazioa baino, neure buruari egin nizkion lehenengo bi galderak: zer izan zen hiri hau eta zer izan zitekeen. Gogoan dut ere bai gauak Hamra auzoko bazter guztiak konkistatu egiten zituela. Bertan egiten nuen lo, zazpigarren solairu batean. Egunean zehar arrunt ohikoak ziren argi-etenak eta gauetako ilunaldiek egunsentira arte irauten zuten. Autoen faroek eta denden barrenetik irteten zen argi eskasak baino ez zituen kaleak argitzen; argi horien inguruan biltzen ziren, plastikozko aulkietan eseriak, hainbat gizon –gauero talde berberak–. Dena zen iluntasuna eguna zabaltzen zen arte.

Beirut

Beirut –eta Libano– ezin izan zen estatua da. Herria pobretasun gorrian bizi da: normala izaten da haurrak kontenedoreetan ikustea, janari bila; bereziki zentrotik urrun dauden auzoetan, Mazraan kasu. Inflazio-tasa %150etik gora dago eta bazegoen –jarraitzen du egoten– ofiziala ez den beste balioa merkatu-beltzean, dolarra erreferentzia hartuta. Soliderek –Parlamentua, mezkitak, elizak eta gune komertziala dagoen zona– toki gehienak itxiak zeuzkan, militarki zainduak. Ezin zintezke gerturatu hara. Dena isilik dago “Ekialde Hurbileko Suitzaren” hirigunean. Hori gutxi ez balitz, Hezbolak kontrolatzen du Libanoko eremu oso zabala: Bekaako bailara, hegoaldea eta Beiruteko Dahieh auzoa bera. Baina, zer da Hezbola?

Izatez bada alderdi politiko bat –Jainkoaren alderdia, arabieraz–, baina ez da soilik alderdi bat. Uste dut hau azpimarratzea inportantea dela. Lau dimentsio ditu Hezbolak: alderdi politikoa, erresistentzia-milizia, talde terrorista eta soziala; hau da, estatu bat da estatu baten barruan. Zooma atzera bota gabe ezin daiteke hau guztia konprenitu.

Hezbola ideologiaz aldatzen ibili izan da herrialdeko soziologiari eta mundu globalaren bilakaerari egokitu nahian. 2009. urteko inflexio-puntua oso adierazgarria da horretan: deklarazio baten bitartez nahi izan zuen Nasrallah liderrak beraien jatorrizko islamismoa disimulatu; halaxe, 1985eko agiriko sustrai jomeinistek nazionalismo-islamista batean eboluzionatu dute azken hamarkadetan. Erretorikan behintzat ordena erlijiosoa ustezko sekularizazioarekin makillatu nahi izan dute baina, lehengo lepotik burua, errealitatea beste bat izan da: liderrek beraien bideari eutsi izan diote.

Duela hilabete batzuk, berriro ere, Hezbolako lider nagusiak homosexualen heriotza galdatu zuen – “desbideraketa” hura behin izan bada ere–; emakumeak, bere aldetik, gero eta behartuagoak daude hijaba janztera, zapalduagoak, “errespetutik” sortutako kanpainen bidez –zona txiitetan, espezialki–; juduek HIESa hedatzen dutela adierazi izan dute Al Manar telebistan –eta beste hamaika etsenplu antisemita Nasrallahren medioetan–. Hala ere, aitortu behar zaie hitzak neurtzeko abilidadea, azken urteetan bereziki, emakume eta juduen kasuan: nolabait, predika egiten ikasi dute mundu librean hautsak gehiegi harrotu gabe.

Inor ez luke harritu behar zein eta Iran atzean duen erakundea haren koordenada-ideologikoetan kokatzeak. Jatorri-jatorrian Hezbolak atzean izan du Iran: 80ko hamarkadatik gaur arte Guardia Iraultzailea mobilizazio-, erreklutatze- eta entrenamendu- lanetan oso presente egon izan da; zer esanik ez, arma- eta diru- hornitzean. Sarri askotan Nastallahk berak publikoki harro eskertu du laguntza. Parentesi bat egin behar dut hemen: finantzazioa, antza, ez da soilik Irango erregimen teokratikotik etorri; izan ere, Estatu Batuetako DEA agentziak –Drug Enforcement Administration– Hezbola pertsegitu izan du droga-kontrabandoaren bitartez dirua lortzea leporatuta. Hortaz, “Jainkoaren alderdiak” punta-puntako ejerzitua dauka –Estatu askok dimentsioan ez dutena–: Katyusha koheteak, distantzia luzeko misilak, kuartelak eta bunkerrak, beste elementu askoren artean; eta, ejerzituaz aparte, sare-terrorista bat dauka –ez ditzagun ahaztu Argentina, Turkia, Bulgaria edo Txipreko atentatuak–. Baina, guztiaren gainetik, Hezbola Iranen proxya da; Hamas eta Jihad Islamikoa Gazan eta Zisjordanian diren bezala.

Azken aste hauetan, ezagutzen den “erresistentzia-ardatzeko” kideekin bildu eta gero –alegia, Palestinako Jihad islamikoa eta Hamasekin batera–, gerran sartzeko mehatxua egin eta misilak jaurti izan ditu Nasrallahk Israelen kontra. Barkatuko didazue noizbehinka akordatzen banaiz plastikozko aulkietan gauero biltzen ziren koadrilekin; Libanoko mugatik gertu ditudan lagun israeldarrekin… eta, bereziki, Beirutera heldu nintzen egunean neure buruari egin nizkion bi galdera horiekin: zer izan zen eta zer izan zitekeen. Ez duzue sinistuko, baina badaude hemen Hezbolak hegoaldera bidaltzen dituen misilek iparraldean eta gu guztion teilatuen kontra eztanda egiten ez dutela pentsatzen duten inozoak.