Eusko Jaurlaritzak Mugimen Mahaia jarri du martxan, jarduera fisikoaren sustapena eta euskal gizartearen ongizate integrala helburu dituen foroa. Bere izaera zeharkakoa da, eta, erakundeez eta jarduera fisikoaren sektoreko eragileez gain, gizartearen ongizatearekin konprometituta dauden sektoreetako eragileek ere osatuko dute.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du Mugiment Mahaia asteazken honetan, Zornotzako (Bizkaia) Zelaieta Zentroan egindako ekitaldian, foroa osatuko duten ehun pertsona ingururen aurrean.

Bengoetxeak bere hitzaldian adierazi duenez, Jaurlaritzaren jarduera ardatz nagusietako bat pertsonak erdigunean jartzea da, eta, horretarako, legegintzaldi honetan hartutako konpromiso nagusietako bat da ekintzak martxan jartzea euskal gizartea ongizatean hazteko, modu integral batean.

BALORAZIOA

"Pertsonen ongizate integralak osasun fisikoa eta emozionala hartzen ditu barne, eta horrek gidatu behar du gure agenda datozen urteetan. Gure helburua aldaketa sozial erreala eragitea da, ekintzarako aukera eskainiz, sinergiak sortuz eta inplikatutako eragileekin modu koordinatu batean lan eginez. Hori da Mugiment programaren izaera eta, marko horren baitan sortzen da, gaur, Mugiment Mahaia", azaldu du.

Zentzu honetan, esan du Mugiment Mahaia "koordinaziorako eta aholkularitzarako foro bat" izango dela, eta bermatuko duela 2025-2030 aldirako Mugiment Ekintza Planean jasotako konpromiso zehatz eta neurgarriak eztabaidatzen direla, lehentasunak ezartzen direla eta betetze mailaren jarraipena egiten dela. Plana dagoeneko gobernu kontseiluan eta Eusko Legebiltzarrean partekatu du Jaurlaritzak eta, orain, Mahaiari aurkeztu zaio, ekarpenak jasotzea xede.

Mugiment Mahaiaren funtzionamendua bi motakoa izango da, nagusiki: banakako bilerak izango dira eragile bakoitzarekin, eta taldekako bilerak gai zehatzen arabera eztabaidatzeko eta lanketak egiteko

Bengoetxeak azaldu duenez, Mugiment Mahaiaren funtzionamendua bi motakoa izango da, nagusiki: banakako bilerak izango dira eragile bakoitzarekin, eta taldekako bilerak gai zehatzen arabera eztabaidatzeko eta lanketak egiteko. Mahaia, bere osotasunean, gutxienez urtean bi aldiz bilduko da, urteko jarraipen eta ebaluaketa txostenen argitalpenarekin bat eginez.