Non lan egin, hor erabaki. Horrela labur daiteke EAJ-PNV-k PSOErekin egindako akordioan adostutakoa, autonomia-erkidegoko hitzarmen kolektiboek lehentasuna izatearen inguruan.
Ezbairik gabe lorpen garrantzitsua da, Euskadin lan-harremanen arauketa bertoko errealitatearen arabera garatu ahal izateko. Baina ez nahikoa…
Nolanahi ere, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute begi onez ikusi.
Euren esanetan, negoziazio kolektiboaren egiturak eragin argia du alderdi negoziatzaileen autonomian eta, horrenbestez, Langileen Estatutuan gauzatu beharreko aldaketak elkarrizketa sozialaren esparruan jorratu beharko lirateke. Halaber, hitzarmen kolektiboek lurralde-esparru desberdinak izatea defendatzen dutela diote, betiere, sektore bakoitzaren errealitatearen arabera artikulatzen badira esparru horiek. Esangura horretan, uste dute autonomia-erkidegoetako esparruak bateragarriak direla estatuko esparruarekin. Areago, hitzarmen kolektiboen probintzia-esparruak arrazionalizatzearen aldeko apustua egiten dute. Horregatik guztiagatik Espainiako Gobernuari eskatuko diote EAJ-PNVk eta PSOEk adostutako lege-eraldaketa negoziazio-mahaietan zehaztea.
Errealitateak, ordea, erakusten digu gaur egun Langileen Estatutuaren 84. artikuluak duen idazkerari esker, sarritan, estatu mailako sektoreko hitzarmenek, hots, hitzarmen orokor deitutakoek, gai asko beren-beregi arautzen dituztela, beheragoko esparruetan bere horretan aplikatzeko xedearekin. Bestela esanda, hitzarmen orokor horiek gai batzuk beheragoko esparruetan ukitzeko aukerarik gabe jasotzen dituzte.
Bada, indarrean dagoen idazkeraren arabera, estatu-mailako hitzarmen orokorrek eragotzi dezakete legitimazio-betekizunak gauzatzen dituzten sindikatu eta enpresaburuen elkarteek, autonomia-erkidego baten esparruan, negoziatzea estatu-mailakoetan xedatutakoa ukitzen duten akordio edo hitzarmenak.
Modu horretara, Euskadin, esate baterako, autonomia-erkidego mailan ELAk eta Confebaskek izan arren ordezkaritzarik handiena, estatu-mailako hitzarmen orokor horietan ukiezin moduan jasotako gaiei begirae ezin dezakete ezer xedatu.
Hortaz, ezerezean geratzen da Sindikatu Askatasunari buruzko Lege Organikoak eta Langileen Estatutuak, hurrenez hurren, egindako bereizketa estatu-mailako eta autonomia-erkidego mailako ordezkaritza handieneko sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen artean. Ezerezean geratzen da, berebat, Euskadiko sindikatu eta enpresaburuen elkarte horiei dagokien negoziazio kolektiborako eskubidea, eta sindikatuari dagokionez, baita sindikatu-askatasuna ere, negoziazio kolektiboa horren edukira biltzen baita.
Egia esan, elkarrizketa soziala garrantzitsua izanik ere, harrigarria dirudi hor hartutako erabakiak legebiltzarraren gainetik jarri nahi izatea. Izan ere, legebiltzarkideek izan beharko lukete azken hitza eta erabakia beti, legebiltzarkideek ordezkatzen dutelako herritarron subiranotasuna. Gainera, legebiltzarrean lege guztiak eztabaidatu beharko lirateke herritarrontzat dakartzaten onura eta mesedeen ikuspuntutik eta ez bestelako interesen ariora.
Era berean, EAJ-PNVren eta PSOEren arteko akordioan badago errege lege-dekretuak behar bezala erabiltzeko konpromisoa ere, alegia, aparteko eta presazko beharrizana dagoenean baino ez.
Bada, Gobernuak neurriz kanpo baliatzen du errege lege-dekretua, legebiltzarreko ohiko izapidetzari muzin egin eta azkarragoak diren bestelako bide batzuetatik helburuak lortzeko, tartean, kasuan kasuko arauarekin zerikusirik ez duten bestelako interesak negoziatu ostean legebiltzarreko taldeekin, errege lege-dekretuak legebiltzarrean onetsi ahal izateko.
Baina zer dio, zehatz-mehatz, EAJ-PNVren eta PSOEren arteko akordioak Langileen Estatutuaren 84. artikuluari buruz?
Akordio horretan xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidego baten esparruan, legitimazio-betekizunak dituzten sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek kasuan kasuko autonomia-erkidegoan hitzarmen kolektiboak eta lanbide arteko akordioak negozia ditzakete, aplikazioari dagokionez lehentasuna izango dutenak estatu-mailako sektoreko hitzarmen edo akordioen aurretik, baldin eta autonomia-erkidegoko hitzarmen edo akordio horiek kasuan kasuko negoziazio unitatean negoziazio-batzordea eratzeko behar diren gehiengoen babesa lortzen badute eta horien arauketa langileentzako mesedegarriagoa bada estatu-mailako hitzarmen edo akordioetan ezarritakoa baino.
Horrenbestez, gutxieneko arauaren printzipioa, lan-zuzenbidean oinarrizkoa dena, bete-betean errespetatzen da. Elizaren Doktrina Sozialari datxekion subsidiaritate-printzipioa ere nabarmendu behar da.
Egia esan, autonomia-erkidegoko hitzarmenek lehentasun hori izatea ez da gauza berria. 1980ko Langileen Estatutuak jasotako arauketaren arabera, posible zen autonomia-erkidegoko lanbide arteko akordioek edo hitzarmen kolektiboek negoziazio kolektiboaren egitura ezartzea, bai eta beheragoko esparruetan negoziatu ezineko gaiak zehaztea ere. Alabaina, horretarako beharrezkoa zen prior in tempore potior in iure printzipioa aplikatzea. Beste hitz batzuekin esanda, estatu-mailako arau kolektibo batek aurrea hartu eta beheragoko esparruetan negoziatu ezineko gaiak zehaztuz gero, autonomia-erkidegoetako edo probintzietako hitzarmenetan ezin izango ziren gai horiek arautu.
Egoera hori argitu eta hobetze aldera, maiatzaren 11/1994 Legea onetsi zen, Langileen Estatutuko 84. artikulua eraldatuz. Zioen azalpenetan argiro nabarmentzen da eraldaketaren xedea: negoziazio kolektiboa bultzatzea. Zehatzago, negoziazio kolektiboa garatu nahi zen, behar adinako legitimazioa zuten subjektuek negoziazio-batzordeetan akordioak lortzea ahalbidetuz. Horrela, lortu nahi zen alderdi negoziatzaileek akordatutakoa ahalik gehiena egokitzea hitzarmenen aplikazio-esparruko ezaugarrietara.
Edu horretan, arauketa berriarekin, legitimazio-betekizunak gauzatzen zituzten sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek, enpresaz gaindiko edozein esparrutan, goragoko esparruetako akordio edo hitzarmen kolektiboetan araututakoa uki zitzaketen akordio edo hitzarmenak negozia zitzaketen, betiere, erabaki horrek kasuan kasuko negoziazio-unitatean negoziazio-mahaia eratzeko behar ziren gehiengoen babesa lortzen bazuen.
Ikus daitekeenez, arauketa hori EAJ-PNVren eta PSOEren arteko akordioa baino haratago doa. Arean ere, arauketa horrekin posible zen probintzia-mailako hitzarmenek ere goragoko hitzarmenek ezarritakoa ukitzea. Gainera ez zen esaten goragoko hitzarmenak uki zitzaketen beheragoko hitzarmenek haiek baino baldintza txarragoak ezar ezin zitzaketenik.
Arauketa horri bere horretan eutsi zitzaion 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretuan, Langileen Estatutuaren lehenengo testu bategina onestekoan.
Aitzitik, ekainaren 10eko 7/2011 Errege Lege-dekretuarekin orain indarrean dagoen idazkera eman zitzaion 84. artikuluari, hizpide dugun gaian, 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretua eraldatuz. Gerora 2012ko lan-eraldaketak bere horretan utzi zuen idazkera hori.
Azkenik, 2/2015 Legegintzazko Errege Dekretuan, Langileen Estatutuaren bigarren testu bategina onestekoan, 84. artikuluak idazkera berari eutsi zion.
2021eko lan-eraldaketa gauzatu zenean, EAJ-PNVk ahaleginak egin zituen orain PSOErekin akordatutakoa jasotzeko. Orduan Espainiako Gobernuak ez zuen hori onartu eta EAJ-PNVk ezezkoa eman zion lan-eraldaketa hari, nahiz eta boto bakar batengatik onetsi.
Baina, zer dela eta gauzatu zen 2011ko aldaketa? 7/2011 Errege Lege-dekretuaren zioen azalpenari erreparatuz gero, negoziazio-unitateak sinplifikatu eta negoziazio artikulatuagoak lortzearen aldeko apustua antzematen da, estatu-mailako hitzarmenei lehentasuna emanez. Baina ez da justifikatzen autonomia-erkidegokoak haien mende uztearen baliagarritasuna.
Puntu horretan, 2016ko irailaren 28ko Audientzia Nazionalaren Epaiak (211/2016 errek. zk.) adierazpen garrantzitsuak jaso zituen, 2011an indarrean jarritako idazkera defendatzeko, horietariko asko eztabaidagarriak izan badaitezke ere.
Hori gorabehera, epai horretatik ondorioztatzen da estatu-mailako hitzarmen orokorrek baliatu izan dutela probintzia-mailan negoziazio kolektiboak izandako blokeoa, eta Euskadin autonomia-erkidegoko hitzarmenek duten tradizio falta. Bestela esanda, Euskadin ordezkaritza handieneko sindikatuek gatazkaren bidez egindako presioaren ondorioz negoziatzeke zeuden hitzarmen askoren lekua estatu-mailakoek hartu zuten.
Horrenbestez, EAJ-PNVk eta PSOEk adostutakoa indarrean jartzekotan ere, ezinbestekoa izango da gatazketan baino negoziazioan oinarritzea. Agian, gurean, etxeko lanak izan daitezke egiteke daudenak. Bada, lan-zuzenbidearen logikan halabeharrez negoziatu behar da, aurkako interesen gainetik amankomunak eta guztion ona nagusitzeko. l
Lan-zuzenbideko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea)