Jakina da, oso zoritxarrez, azken urteotan eta hainbat epaik euskarekiko erabaki erasokorrak erabaki dituztela. Lotsagabeki esango nuke. Onartezina zait horrelakoak gaur egun jasatea. Azaroaren 4ko igandean Bilboko kaleetan manifestaldi boteretsuan parte hartu genuen. Agian, eta esaten dutenez, 80.000 lagun bildu eta kalean gora eta behera “Euskaraz bizi nahi dut” leloa. Hantxe Idurre Eskisabel, Joanmari Larrarte, Ana Urkiza, Patxi Uribarren, Aize Otaño, Martin Aramendi, Nekane Artola eta beste hainbeste. PNV, EHBildu, Sumar, Geroa Bai alderdi politiko eta ELA, LAB, EHNE sindikatuen ordezkariak: “Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat”. Hortxe EAJ-ko EBBko ordezkaritza zabala, 3 Diputatu Nagusiak, hiriburuetako alkate eta besteak, horra EHBildu-ko Pello Otxandiano, Maddalen Iriarte beste askoren artean, eta baita Eudeleko Esther Apraiz ere. Jendea eta aurpegi ezagun erruz beraz. Aspaldi ondorengo gogoeta antzekoak idatzi nituela euskarari buruz antzeko ideiak azaleratuz. Tamalez, orduan esandakoak egun ere baliagarri zaizkigu. Horrela nioen, eta egun diot:
“Euskal Herria hizkuntza berezi baten jabe da. Mirakuiluzki, edo ez dakigu nola, baina gaur artio bizirik iraun duen hizkuntza propio baten jabe gara. Inguruko hizkuntzekin ahaidetasunik nabari ez zaiona, gainera. Itxuren arabera, mendez mende lurralde honetan beti kokatua egon dena. Bada hemen, alajaina nor bere plazerera ametsetan egoteko moduko gaia. Baina agian amets egiteko grinari ateak zabal-zabalik uztea ez da on, eta arriskugarri ere gerta daiteke. Hobe dugu, beraz, buru hotzez eta zentzuz gaiari heldu. Dena den, eta gertatua gertatu hor dugu guztiona den euskara. Egia da, beronen iragana iluna eta gaizki ezaguna zaigula eta bestalde, aje askorekin iritsi dela gure egunotara nahiz eta azken hamarkadetan sekula giharra eta kemena bereganatu alor askotan, landuago eta trebatuagoa dugu/dago hain zuzen, erabiliagoa esparru askotan, euskaldun kopuru aldetik ere igoera boteretsura iritsi arte gazte eta nerabeengan bereziki. Baina baditu oraindik ere, izan ere, erronka berri, zail eta korapilatsuak, zeren bide bat egiteak bide berriei ekin beharra dakar. Ibili izateak ibiltzeari jarraitzeak eskatzen dio halabeharrez. Handik eta hemendik, hauekin eta haiekin, zubigile”.
Horrelaxe jarraitzen nuen: “Erronka eta xede berriak. Euskal gizarte euskalduna, edo euskaldunagoaz ari naiz, eta hau herri honetako gehiengo nabarmen batek onartzen duena da. Arazoa agian beste honetan datza Euskal gizarte euskalduna esaten dudanean gauza beraz arituko al gara guzti guztiok? Ni neu behintzat ez naiz ari gizarte elebakarraz ari, ez. Elebakartasunak, ez du zentzurik, ez etorkizunik, ez du gure gaurko gizartean lekurik, ez dator bat euskal herritarron nahiarekin, ez da egokia norbanakoaren eta gizartearen ikuspegitik. Alderantziz, etorkizun globalaren asetu beharreko baldintza eta beharrekin ez luke zerikusirik. Anakronismoa litzateke, amets antzua, zentzugabekeria arrazoi ugariengatik. Euskararen normalkuntzaren bidea jorratzea: horra asmatu beharreko jardun eta eginbeharra, demokratikoki, eraginkorki, herritarron onarpenean oinarrituta eta herritarren kontzientziak erakargarriki astintzeko eta hiritarren parte hartze eta inplikazioa lortuko duena naturalki. Eta zentzu honetan zintzoki aitortu behar, hizkuntza politikaren nondik norako alor honetan ongi bezain ongi aritu dela aspaldi oso luze honetan Eusko Jaurlaritzaren esfortzu jarraitua eta ahalegin tematia aurrera begira betiere. Hala adibide soil gisa, 2020 urterako 25 urte baino gutxiagoko %75 gazteek euskaldun edo elebidun izatera iristera, edota B eta D ereduak sustatu eta bultzatzea LH eta Batxilergoan, euskararen presentzia sustatu eta bermatu hedabide eta sare sozialetan, edota gazte eta nerabeen aisialdian, kirolean e.a. erakargarri bilakatu, eta horrela erabilia izan dadin euskara. Kakoa: erabilera. Erabilera”.
Horrelaxe jarraian bere garaian: ”Han urruti, zaharkitua, atzean, Unamunoren uste ustelak: “euskara ezgai, tresna ezgauza, ezertara ez dena, intrintsekoki desegokia, hiltzea besterik ez zuela etorkizuna, alfer lana litzatekeela horretan indarrak higatzea, egin bekio ehorzketa ohoragarri bat”. Zer eta nola galderetan koska. Alderantziz, zorionez, hiritarren gehiengo zabal batek adierazi izan du euskara geure arteko komunikaziorako tresna erabilgarria izan dadin nahi duela. Arnasa eta lekua hartuz beste hizkuntzen artean. Inolako ghettotan erori gabe. Alderantziz, oraindik korapilatsuak zaizkion sailetara iritziz indarberrituta, hala nola, lan eta merkatuetara, lantegi eta administraziora, erietxe, Ertzaintza, epaitegietara e.a. Erresuminik gabe. Urratsez urrats. Etapak erre gabe. Pausoka, erabiliz, bihotz bero, buru hotz. Eta begi erneak edukiz”.
Klasikoak ere gogoetetan: “Axularrek esan zigunez aspalditxo “tresnak erabiltzeaz fintzen dira eta orobat hizkuntzak “. Axular gaur egun bizitu balitz pentsatu zukeen etengabeko aldaketetan murgilduta dagoen euskal gizarte konplexu honetan herritarrok ditugun komunikazio premiak betetzeko tresna egoki izatera bilakatuko beharko zuela euskarak. Horixe litzateke eta XXI. mendeko “Euskara jaldi hadi kalera” gaurkotua. Elebitasun sozial integratzailearen ikuspegitik gaurko elebitasun desorekatua gainditzeak eskatzen du gizarte bizitzan pixkana murriztea bi hizkuntza ofizialen artean ematen den desoreka. Gure Erkidegoko Autonomi Estatutuak eta Euskararen legeak euskarari eta gaztelaniari aitortzen dieten berdintasun formal edo legala gizartean ere berdintasun izatean legoke kakoa. Eta hori lortuko bada ezinbestekoa da, oraindik, euskarari lehentasunezko tratamendu positiboa ematea. Euskararen normaltasun soziala ez da euskara hizkuntzaren behar abstraktu bat, baizik eta euskal gizartea demokratikoki egituratzeko baldintza onuragarria. Eta hau guztiona den zerbait da, guztiona, abertzaleena eta ez abertzaleena, guztiona, euskaltzaleena eta ez euskaltzaleena, euskaraz dakigunon auzia eta ez dakitenena. Behar sozial kolektiboa, eta guztiok honela ulertzen eta onartzen ez badugu ukaezina litzateke nekez urratu ahal izango dugula aurrerantzerako geratzen den bide luzea. Akordioa, kontsentsua eta adostasun zabal gihartsu zubigilea”.
Gaur ere honelaxe diot: ”Hizkuntza gatazka uxatuz euskarak irabazi egin behar ditu lekuak, eremuak eta esparruak. Hainbat funtzio sozialen tartea bereganatu, kultur komunikaziorako eta garapen politiko eta sozialerako ohizkotasunez erabilia den hizkuntza funtzio nagusienak dituena hain zuzen. Irabazita dituen funtzioak galdu gabe. Hori da bidea, normalkuntzaren bidea, urratu beharrekoa, gaur eta hemen inork ezin dezake jarri duda mudatan euskararen normalkuntzaren izaeraren legitimitate demokratikoa. Euskal gizartea eraikitzeak, Euskadi bera eraikitzeak, sozial, ekonomikoki eta politikoki ez-ezik, linguistikoki ere eraikitzea suposatzen du. Sentidu horretan esan daiteke, euskal gizartearen eraikuntza euskararen normalkuntzara mugatzerik ez dagoen bezala, Euskadiren nazio eraikuntza demokratikorako, gizarte integratu bakarra eraikitzeko baldintza bakarra eta nahikoa ez baina, aldi beran, beharrezkoa zaigu euskararen normalkuntza soziala. Euskararen normalkuntza soziala gizartearen normalkuntzaren mesedetarako izango da, gizarte-harremana hobetu besterik ez baitezake egin. Euskararen normalkuntza sozialean aurrera egiten dugun heinean gizarte demokratikoagoa hezurmamitzen arituko gara zubiak eraikiz”.
Honelaxe, gutxi gora behera amaitzen nuen: “Herri eta gizarte baten ondarea den euskara ez dadila ideologia politiko bati edo batzuei lotua ager, bestela zatiketa gertatuko da eta euskara bera suertatu kaltetua. Tresnakeri antzua. Tamalgarria behin eta berriz behaztopa-harri berean jotzea. Ez dezagun lotu euskararen auzia eztabaidagarri diren ikusmoldeekin, hilgarria bihurtu daiteke euskararentzat eta. Alderantziz zuhurtziaz, buru argiz eta jakitatez jardun. Euskararen bizi iraupena, horra hor obra berez ona, justua eta beronen alde lan egitea merezi duena. Ba dira arrazoiak helburu horren alde aritzeko. Absolutua ez dena, absolutu bihurtu gabe, besteen eskubide eta irizpideak errespetatuz. Egitekorik aski. Eta esan beharra baldin bada, esan dezagun ozen: esandako guztiak ez du ez beste hizkuntzen aurkako edozerekin”.
Orain arte aspaldi esanak egokitu eta orraztuak. Azaroaren 4ean Bilboko manifestaldiko leloarekin amaiera: “Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat”. Bedi bada.