Galdurik nabil Sexu askatasunaren legeak piztu duen eztabaidan. Zuzenbideaz dudan ezjakintasunak galarazten dit ulertzea zergatik ari zaizkien orain sexu erasotzaileei zigorrak arintzen. Legearen egileek epaileei egotzi diete errua, elkar harturik ari direlakoan Podemosen, Berdintasun ministerioaren eta haren buru Irene Monteroren aurka. Bertze hainbatek, berriz –eskuinak, PSOEk berak–, testuaren akatsei leporatzen diete afera, baina Monterok eta bere kuadrillak ez onartu nahi. Nork arrazoi? Izan liteke inork ez izatea, edo biek izatea aldi berean. Epaile jendeek egunero ematen dizkigute beraiez mesfidatzeko arrazoiak. Bertzalde, urte hauetan ikusi dugu harrokeria zein merke dabilen Estatuko ezker berri instituzionalizatuaren buruetan. Zuzendu beharra dago ala ez dago “bai bakarrik da bai” legea? Sanchezen gobernua sostengatzen duten bi alderdien artean ados jartzen diren –edo ez diren– bitartean, niri deigarri gertatzen zait guztien begia zertan eta kondenen luzeran ezartzea. Ez baitut uste hori zenik legearen funtsa, jendearen –bereziki emakumeen– sexu askatasuna hobeki babestea baizik. 1976az geroztik, Espainiako zigor kodea gorakako zurrunbilo punitibo batean amildu da. Halako gertakari lazgarri batek Estatuko iritzi publikoa inarrosi duen aldiro –ETAren atentatuak, zenbait krimen oso mediatiko– kondenak gogortuz erantzun du kasuan kasuko gobernuak. Indarkeria politikoarekin ikusi izan dugu: Trantsizioaren garaian urtebeteko zigorra ekarriko zuten egitateengatik 10 urtekoa ezarri izan zaio hemengo gazte bati baino gehiagori 25 urte geroagoago. Eta halakoetan bezala, bertze alor batzuetan ere. Azkenean, denak kutsatu gara. Gizarte mendekatia bilakatu gara, bi digitu baino gutxiagorekin idazten diren penak kaka-zaharra iruditzeraino. Munduari begiratu behar genioke eta ikasi. Zigor handiagoek ez dute gure segurtasuna gehiago bermatzen. Ez gizonena ez emakumeena.
- Multimedia
- Servicios
- Participación