Abenduaren 31n, 20 gradu ia-ia. Terraza eta karrika beteetan nabari. Gozamena? Inola ere ez. Zer kristau adimentsu poztu daiteke urtarril hasieran beso motzetan kaleratu ahal izateaz? Ez da -ez soilik- planetaren etorkizun kiskaliaren kezka. Nire kasuan, elurrak ihes egin dit aurten. Pirinioak gailur-gailurretan baizik ez dira zuri ageri. Beheraxeago, tristeki pintarratuak daude bazterrak. Azpienean, kilker baten uzkia baino beltzago, mazelak. Hartara, beltz errea, ni ere bai, egun hauei ihes egiteko trikimailurik gabe. Aspaldiko kontua da Eguberriek haur izateari utzi diotenen osasunari kalte egiten diotelako hori. Gerriari kalte, patrikari kalte, gogoari kalte. Seinale, egun hauek balantzan, kontu korrontean eta ariman uzten dizkiguten markak. Baina guk ez ikasten. Eguberriak gozoak dira, dudarik ez. Azukre gehiegiaren ondorio suntsigarriez abisatu ziguten, bada, nutrizionistek. Adituei entzungor egiten diegu, ordea, eta ez gertatzekoak gertatzen dira gero. Neska batzuen Urtezaharreko mozorroek su hartu zuten Iruñeko dantzatoki baten atarian. Atzoko egunkariko berria da. Bertze bat: tuterar batek botila kaskezurrean hautsi zion koinatuari afariaren hondarrean. Txiste ematen du, baina, ongi pentsatuta, deus guti du harrigarri. Albiste hauen protagonistei ere bakea eta osasuna opa izanen zieten ez askoz ere lehenago beren ingurukoek. Etsi. Aunitzek uste baino arriskutsuagoak dira Eguberriak. Elurra eta mendia baino hagitzez arriskutsuagoak bai, bederen. Heldu den asteburuan bota lezakeela-ka ari dira hedabideak. Olentzerok ekarri ez diguna, Erregeen opari. Egia izanen ahal da. Inori ez zaio inporta miraria Jainkoak edo Deabruak egiten duen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación