Beharbada, kirola egiteko, ez dira egongo Gasteiz baino egokiagoak diren hiri asko Europan. Baina Arabako hiriburua kirola baino gehiago da. Ezin dugu ukatu azkenadian nabari hazi dela hiria kultura arloan; eta horren ondorio dira gaur egun aurkitu ditzazkegun aukera ugari eta anitzak. Horietako bat aprobetxatzen, Jimmy Jazz aretora hurbildu nintzen larunbat gauean ZETAK talde sakanarraren abestiekin gozatzera.

Bertan, aspaldi ezagutzen dudan jende askorekin egin nuen topo, eta aitortu behar dut gauza batek harridura handia sortu zidala: horietako batzuk ez ziren euskaldunak eta beste asko inoiz ez nituzke imajinatuko sarrerak erosten euskara hutsean aritzen den talde baten kontzertu baterako. Horrek, harridura sortzeaz gain, nolabaiteko poztazuna ere eragin zidan. Baita hausnarketa bat egitera gonbidatu ere. Zein indar duen kulturak, eta batez ere musikak, hizkuntza sustatu eta zabaltzeko.

Eta beste hausnarketa bat apur bat sakonagoa edo, gutxienez, originalagoa. Zergatik lortu du hori ZETAK taldeak eta ez beste batek? Gazteek entzuten duten musika egiten duelako. Musika erakargarria, modernoa, jai girorako aproposa, diskoteketan entzuten den musika. Eta euskaraz. Horrek bi gauza erakusten dizkigu. Alde batetik, gure hizkuntza mundura zabaltzeko garai berrietara egokitu behar garela; komunikatzeko eta kultura sortu eta hedatzeko modu berrietara moldatu. Bestetik, arrakasta izateko, ez diogula euskarari uko egin behar. Edo are gehiago, errepidean geldikaitzak izango garela soilik gure sustraiei tinko eusten badiegu.

Goraipatzekoa da Pello Reparazek eta bere taldeak izan duten jarrera eta determinazioa, baina ezin dugu euskara sustatzearen erantzukizuna soilik sortzaileen esku utzi. Guk, kontsumitzaile garen heinean, badugu zer esan. Kontzertu baterako sarrerak erosten ditugunean hautu bat egiten ari gara, baita Spotifyn zer entzun edo Youtuben zer ikusi erabaki behar dugun bakoitzean ere. Egin dezagun, eta ikusiko dugu zeinen ederra izango den.