erutik gertu ez da ondo egoten. Ruper Ordorikak Dionisio Cañasen "Cerca del cielo no se vive bien" poesia ederrari musika jarri zion abesti honen bitartez. Poesiak dio: "Gaizki egoten da zerutik gertu, ez, nik ez dut zerutik gertu egon nahi, hemen egon nahi dut, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez".
Bizitzen ari garen garai zail honek askotan piztu digu ihesaldirako gogoa. Ihes egin nahiko genuke askotan, beste leku batzuk ikusi, jendearekin elkartu eta hitz egin, beste aire bat arnastu. Ahal bada, musukorik gabe. Zenbat alditan pentsatu dugu ihes egingo genukeela, baina munduaren egoera ikusita ez dugu irtenbiderik ikusten. Nora egingo dugu bada ihes mundu guztia baldin badago pandemia baten eraginpean.
Eta itxaropenerako zantzurik ikusten ez dugunean, egoera hau oraindik gehiago luzatuko dela sentitzen dugunean, leku bat asmatzeko ahalegina egiten dugu, zeru moduko bat, zeinetara ihes egin. Leku argitsu, alai, aske bat.
Baina zalantza daukat: jarrera honek agian ez digu onik egiten, agian gure antsietatea areagotu baino ez du egiten, klaustofrobia sentsazioa indartu gugan. Orduan pentsatzen dut, Cañasen poesiak dion bezala, ez dugula beste erremediorik lurrean etzanda egotea baino, lurretik gertu egon, haren taupadak, amodioak eta miseriak entzunez. Eta behartuta gaude behar dugun argi izpi hori gertu dauzkagun gauzetan bilatzera. Eta bai, hor aurkituko ditugu gure miseriak, tristeziak, haserreak, antsietateak€ baina hor bilatu beharko ditugu baita ere gure barreak (musukoaren azpian badira ere), gure elkarrizketak lagunekin (soilik telefonoz badira ere), gure etorkizunerako itxaropenak (amets berriak pandemiak hautsi dituen ametsen hondakinen gainean eraiki behar baditugu ere).
Ez, ezin dugu orain zerura edo beste leku batera ihes egin. Gure lurretik gertu egon behar dugu, bereziki pandemia honek gogorren jo dituenekin, "haien taupadak, amodioak eta miseriak entzunez".