onfinamenduaren garaian, etxean, kalera ematen duen leihoa irekitzean, ukendu baten antzera sentitzen nuen hango isiltasuna. Kotxerik ez, jendetzaren oihu eta zurrumurrurik ere ez€ Begiak itxi eta haizearen soinua entzun nezakeen, txorien txioak, zaunka bat noizbehinka€ Zarata gehiegi sentitzen nuen ordura arte inguruan, antza, izan ere, aitortu behar dut, nahiz eta pandemiak eragindako egoerak asko kezkatzen ninduen, on egin zidala isiltasun hark. Halako bake moduko bat ematen zidan bat batean mundua geldituta zegoela sentitzeak. Orduan neure buruari galdetu nion pandemiaren aurretik isiltasunaren beharra nuenean, non bilatzen nuen, eta konturatu naiz askotan bilatu izan dudala isiltasuna liburutegietan. Zehazki Ignacio Aldecoa kultur etxean. Hango eskailerak igotzen ditudan bakoitzean, isiltasunaren erreinuan sentitzen naiz, lasai, kaleko eta nire buruko zaratetatik libre. Liburutegian aurkitzen dudan isiltasuna, baina, ez da edonolakoa. Isiltasun jantzia da. Jakituriaren isiltasuna. Bizitzak erakutsi baitit jende jakintsua, gehienetan, isilik egoten dela, eta ezer gutxi dakienak egiten duela gure munduan zarata gehien. Isiltasunaren bila joan naiz sarri bertara eta isiltasunean sortutako hainbat obraz inguraturik, munduko leku publiko intimoenean sentitu naiz. Zenbat intimitate nire inguruan, orri artean gordeta, isiltasunak babestuta. Konfinamendu garaian bertatik deitu zidaten konfinamenduaz eta liburutegiez testu bat idazteko eskatuz. Eta horixe bera adierazi nuen hitz haietan: han aurkitzen dudan isiltasuna ez dela edonolakoa. Jakituriaren isiltasuna da eta oinez jarraitzeko gogoa berpizten dizun belardi infinitu baten modukoa dela azaldu nuen. Beste hainbat idazleren ekarpenekin argitalpen bat egin dute orain, Gure gabezia izenburupean. Ignacio Aldecoa kultur etxeko webgunean daude eskuragarri gure gabezia guztiak. Nahi duenak bere gabezia guztiekin batera nahastu ditzan. Bere isiltasun eta zarata guztiekin.
- Multimedia
- Servicios
- Participación