Gasteizko EH Bilduko udal taldeak informazio gehiago eskatu zuen atzo Udaltzaingoko zenbait agentek beren uniformeen hegalean daramatzaten kamerei buruz, esku-hartze batzuk grabatzeko.

"Neurri garrantzitsua da, eta ez zaie behar bezala jakinarazi ez udal taldeei, ez eta herritarrei ere", adierazi zuen Iratxe López de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak. EH Bilduren ustez, neurri hori ezartzea aukera izan daiteke Udaltzaingoarekiko tratuan eredu bermatzaileago baterantz aurrera egiteko, "betiere herritarren oinarrizko eskubideak argituta eta bermatuta badaude". López de Aberasturiren hitzetan, "sakoneko neurria da, eredu bermatzaileago baterantz aurrera egiteko aukera ematen duena. Tresna berri horrek herritarren segurtasuna hobetzeko elementu berria izan behar du, herritarren oinarrizko eskubideak bermatuz". Eta gaineratu zuen: "Tresna hori modu arbitrarioan erabil ez dadin lan egin behar dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da agenteek eta herritarrek dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea, grabatzea ez baita delitua, ezta poliziari grabatzea ere".

Ildo horretatik, Euskal Herria Bilduk Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi delegatuarekin agerraldi eskaera erregistratu zuen. Neurri horren ezarpenari buruzko informazioa eskatzea da helburua. Izan ere, atzo salatu zutenez, alderdi honek informazio gutxi du horri buruz. "Herritarren eta udaltzaingoaren eskubideak ezagutzea da batzuek zein besteek jarduketetanberme gehiago lortzeko formula. Horregatik, beharrezkoa da informatzea noiz, non eta zergatik erabil daitezkeen, eta jakitea zer erabilera egin daitekeen gerora multimedia- materialaren eta nork eta nola erabil dezakeen", azpimarratu zuen. Azkenik, alderdi politiko horretatik, zinegotziak herritarren arreta etengabe hobetzeko beharra azpimarratu zuen. Gaineratu zuenez, poliziak herritarrekin duen tratua hobetzeko tarte bat dago. "EH Bilduk herritarren arreta etengabe hobetzeko beharra azpimarratu du beti. Sindikaturaren txosten guztietan, baita herritarren postontzitik jasotako datuetan ere, ohartarazten da polizia-tratua hobetzeko tarte nabarmena dagoela", azpimarratu zuen. "Neurri hori ezin da propaganda-elementu huts bihurtu. Erakunde gisa, herritarren eta udaltzaingoaren eskubideen bermatzaile izatea dagokigu, bai eta polizia-jardueretan tratu egokia ematen dela zaintzea ere. Ildo horretan, ezinbestekoa da udaltzainen prestakuntza indartzen jarraitzea, ez bakarrik herritarrekiko tratuan, baita elementu berri horren erabileran ere", ondorioztatu zuen. Gasteizko Udaltzaingoak segurtasun-kamera horiek ezarri zituen irailaren 22an. Gasteizko Udalak jakinarazi zuenez, esku-hartze arriskutsuenak grabatu ahal izatea da helburua. Hasiera batean, 12 bideokamera baino ez dira izango, bodycam ere deiturikoak, Herritarren Segurtasunerako Departamentuak prestatutako protokoloan jasotako arrisku edo larrialdi egoerak grabatzeko balio dutenak.